Zinema estreinaldiak

Azal eta hezur, odol eta haragi

'The Substance' Coralie Fargeat zinemagile frantsesaren bigarren film luzea da; gaztetasuna bilatzen duen emakume bati buruzko beldurrezko istorioa.

'The Substance' filmeko irudi bat.
'The Substance' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko urriaren 9a
05:00
Entzun

Los Angeles. Elizabeth Sparkle Oscar bat irabazi duen aktorea da, Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan izar bat du, eta garai batean film guztietako protagonista zen. Egun, 50 urteak pasatuta, telebistako fitness programa bateko aurkezlea da. Harvey telebista katearen ekoizlearentzat, ordea, Sparkle zaharregia da, eta gazteagoa den neska baten bila dabil ikusle berriak erakartzeko. 

Elizabethek auto istripu larri bat izango du, baina onik aterako da. Orduantxe jasoko du desesperazioz onartuko duen proposamena: norberaren bertsio hobea lortzeko aukera ematen duen substantzia. Edabe misteriotsu hori injektatuz, gazteagoa, ederragoa eta perfektuagoa den Elizabethen bertsio bat sortuko da, eta jatorrizkoarekin partekatu beharko du bizitza, astero txandakatuz. 

Coralie Fargeat zinemagile frantsesa bere lehen film luzearekin egin zen ezaguna nazioartean, 2017an. Revenge-ek mendekua nahi duen emakume baten istorioa kontatzen du; eraso egin ondoren desertuan hilzorian utzi zuten hiru gizon aberatsen ehiza hasiko duen emakumearen bidaia. Torontoko jaialdian estreinatu ondoren, beste hainbat festibaletan parte hartu zuen, eta Sitgesen zuzendaririk onenaren saria irabazi zuen Fargeatek. The Substance-ek Cannesko jaialdiko Sail Ofizialean parte hartu zuen, eta gidoirik onenaren saria irabazi zuen. Torontoko jaialdian ere izan zuen aitortza: publikoaren saria jaso zuen Midnight Madness sailean. 

Beldurrezko filma da The Substance. Body horror deritzon azpigeneroaren barruan kokatzen da, giza gorputzaren aldaketa grotesko eta asaldagarriak erakusten dituena. Odol, isuri, organo eta haragiz beteriko eszenekin, Fargeatek gorputzarekin eta edertasunarekin obsesionaturik bizi den gizarteari kritika egin nahi izan dio. Gizonen begiradak eraikitzen duen ezinezko edertasun baten bila dabilela, osasuna eta bizitza bera arriskuan jarriko ditu filmeko protagonistak. Hollywoodeko errealitatetik askorik  urruntzen ez den kontakizuna eraiki du zinemagile frantsesak, eta Dorian Greyren erretratuaren bertsio feminista sortu du. Umore beltzez eta generoari eginiko erreferentziaz beteriko film honetan, gaztetasuna exijitzen duen industria (eta gizarte) batean lan egin nahi duen emakume baten erretratua erakusten du The Substance-ek, eta, hartutako erabakiarekiko epaiak egin ordez, kritikaren norantza aldatzen du. 

Kritikaren gehiengoa Fargeaten unibertsoan sartu dela dirudi. Iritzi oso positiboak eragin ditu, generoaren eta gehiegikeriaren erabileragatik. Odola, erraiak, organoak eta gorputz biluziak; hezur hausturak eta soinu higuingarriak. Dena dago zinemagileak landu nahi dituen gaien zerbitzura. Askorentzat, ordea, ikuskizun hutsa den filma da: estereotipoetan oinarritutako pertsonaiekin, odol eta haragi festa soilik izateko jaio zen proiektu batean geldituko balitz, helburua lortuko lukeela iruditzen zaie; baina gizartearen kritika sakonago bat egin nahi horretan, zentzua galtzen duela. Edonola ere, begirada pantailatik aldentzera behartzen duten eszena ugarietarako prest joan behar du ikusleak, ez baita sabel guztientzat egina dagoen filma. 

'The Substance'

Zuzendaria: Coralie Fargeat. Gidoilaria: Coralie Fargeat. 

Aktoreak: Demi Moore, Margaret Qualley, Dennis Quaid. 

Argazkia: Benjamin Kracun. 

Generoa: Zientzia fikzioa. 

Iraupena: 140 min. 

Herrialdea: Erresuma Batua. 

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian, eta azaroaren 6an Ipar Euskal Herrian.

 

Beste estreinaldi batzuk: 

(ID_14307547) (/EZEZAGUNA) thewild
'The Wild Robot' filmaren irudi bat.

'The Wild Robot'

Zuzendaria: Chris Sanders. Gidoilaria: Chris Sanders. Liburua: Peter Brown. Aktoreak: Animazioa. Argazkia: Chris Stover. Musika: Kris Bowers. Generoa: Zientzia fikzioa. Iraupena: 101 min. Herrialdea: AEB.

Roz izeneko robotaren bidaia epikoa kontatzen du. Roz inor bizi ez den uharte batera iritsiko da, eta ingurune gogorrera egokitzen ikasi beharko du. Pixkanaka, uharteko animaliekin harremanak sortuz joango da, eta antzara jaioberri umezurtz baten adopziozko aita bihurtuko da. 

'UN ESTEL FUGAÇ'

Zuzendariak: Ignasi Guerrero, Arturo Mendiz. Gidoilaria: Arturo Mendiz. Argazkia: Alexander Acha, Pablo Delgado. Generoa: Dokumentala. Iraupena: 84 min. Herrialdea: Katalunia. 

Pep lau hilabete zituela hil zen, bihotzeko azken ebakuntza gainditu ezinik. ZIUn emandako denboran, Ignasik ikusi zuen Agata beti zela gai bere semearen ondoan indartsu eta itxaropentsu egoteko. Ignasik oso gogoan zuen ama, urte batzuk lehenago seme baten heriotza jasan zuena. Baina Agatak ez bezala, ezin izan zuen erabat gainditu. Zazpi urte igaro dira, eta Ignasik ospitaleari Pepen historia klinikoa eskatzea erabaki du. 

'Strange Darling'

Zuzendaria: J.T. Mollner. Gidoilaria: J.T. Mollner. Aktoreak: Willa Fitzgerald, Kyle Gallner, Madisen Beaty. Argazkia: Giovanni Ribisi. Generoa: Thrillerra. Iraupena: 96 min. Herrialdea: AEB.

Hood River konderrian, Oregonen, emakume batek gizon bat ezagutuko du, eta biak herriko motel batera joango dira. Gela bat alokatu aurretik, emakumeak egiten ari denaren arriskua azaltzen dio gizonari, eta serieko hiltzailea den ala ez galdetzen dio. Gizonak ezetz esan ondoren, emakumeak aurrera jarraitzea onartzen du, eta rol joko sadomasokista batean parte hartzeko eskatuko dio: gizona hiltzailea izango da, eta emakumea haren biktima.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.