AVANTASIA
'Here Be Dragons'
Diskoetxea: Napalm Records.
Bere ibilbideko dohain asko bildu ditu Here Be Dragons honetan Tobias Sammetek, nahiz eta, oraingoan, egitura kontzeptualen ordez gogortasun markatuago bat bilatu duen. 80etako hard-rock kutsua dauka diskoa hasten duen Creepshow pizgarriak. Diskoari izena ematen dion kantuan Geoff Tatek sartzen dituen ahots altuek ia bederatzi minutuko kantutzarra koloreztatzen dute, baita Michael Kiskek The Moorlands at Twillight power-metalzalean ahotsa sartzen duenean ere. Abiadura biziko piezetan (aurreko horretan eta Against the Wind-en, adibidez) aparteko energia transmititzen dute, eta koruen botereari (The Witch, Phantasmagoria etaAOR kutsukoBring on the Night) zenbaitetan teklatuen presentzia gehitu behar zaio. Beste batzuetan Edguy taldearen gogortasuna ere gogora ekar dezakete. Epikotasun berezi horrek power-balada eder bat ere badakar diskoaren amaieran: Everybody’s Here Until the End. Power-metal disko borobila dugu hauxe.