Auxtin Zamora eta Jean-Claude Larronde saritu ditu Biltzarrak

Auxtin Zamora eskertu dute olerkari gisa eta olerkia sustatzeko egin lanagatik. Larronde bere historia ikerketa liburuengatik dute saritu

Auxtin Zamora eta Jean Claude Larronde sarituak erdian, ezkerretik eskuinera. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Sara
2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Horra bi gizonak. Zamora eta Larronde. Zamora, poeta gisa osatu obragatik, eta baita Hatsa elkartearekin poesiagintza sustatzeko egin xinaurri lanagatik ere. Dela topaketak antolatuz, dela olerkarien lanak argitaratzeko egin duenagatik. Eta gero, Larronde. Historialari gisa Euskal Herriko historia ezagutarazteko egin lanagatik. Larrondek berak sari emaileak eskertu eta saria berriki zendu den Jean-Michel Larrasketi eskaini zion. Eusko Ikaskuntzak Ipar Euskal Herrian egin 25 urteko bidea gogoratu zuen. Horiek eskertu, aurreskua dantzatu eta Agur jaunak kantatzen hasi zirela, orduan bereziki agerian gelditu zen kontua. Sarako kantariak kantari, parean, saridunak eta sari emaileak. Denak gizonak.

Auxtin Zamora eta Jean-Claude Larrondez gain, bazterretan Jean-Michel Garat Sarako Idazleen Biltzarraren antolatzaile nagusia, Battitte Laborde Sarako auzapeza, Pantxoa Etxegoien Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria eta Daniel Laplacette beste antolatzaileetako bat, Sarako turismo bulegoko ordezkari.

Eta ez da kasualitate bat. Pentsatzen hasiz geroz, sarituen zerrendan emazte gutxi agertzen dela aitortu zuen Garatek, behin galdera pausatu eta. Azkena Itxaro Borda idazlea, 2016an. Behin bilatzen hasi eta, Marijane Minaberri idazlea gaineratu zuen Garatek. Bi emazte horiez gain, beste bi ere bururatu zitzaizkion. Idazle ez, baina biltzarraren antolaketan «zutabe» izan diren DeniseAñorga eta Maite Pons. Eta besterik ez zaio bururatzen Garati. «Obra» dutela saritzen usaian. Hori zuen bere esplikazioa Garatek. Eta obra bat osatua dutenen artean, adin bat dutenen artean, emazte gutxi zitzaizkiola bururatzen. Gaur egun idazleen artean emazte anitz ikusten dituela gaineratu zuen. «Agian gizon baino emazte gehiago». Eta menturaz geroan emazte gehiago sarituko dela. Baina hori. «Ez diot behin ere kasu egin horri», aitortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.