Donostian egin zuen azken kontzertua udalaren aginduz eraitsitako Kortxoenea gaztetxean izan zen, 2015eko irailean. Bad Sound System, Sorkun, Xabi Solano, La Basu eta beste zenbait lagun izan zituen alboan. «Egun zoragarria izan zen, indar eta ilusio handikoa». Datorren asteazkenean berriz hirian joko du Fermin Muguruzak. Autogestioaren ikur den musikariak Adarra saria jasoko du Eneko Goia alkatearen eskutik, Viktoria Eugenia antzokian, eta, ondoren, bere ibilbide osoko kantuak eskainiko ditu ekitaldi honetarako propio osatutako Micaela Chalmeta Big Band taldearekin.
Bi aldeek hala adostuta, Muguruzak 54 urte betetzen zituen egun berean iragarri zuen Donostiako Udalak aurtengo saria Irungo musikariari emateko erabakia. Detaile hori sariak Muguruzari eragiten dion ilusioaren seinale da. «Sariek nahiko epel uzten naute oro har. Musikariok harreman zuzena dugu gure publikoarekin, hori da beste arte diziplinetako sortzaileen aldean dugun abantailarik handiena, eta ez ditugu horrenbeste behar sariak. Beste sari bat balitz, agian esango nien bakean uzteko». Haatik, sariaren izaerak eta aurretik hura jaso dutenen pisuak eragina izan zuten baiezko erantzunean. 2014an sortu zuen Donostiako Udalak Adarra saria, euskal musikan nabarmendutako sortzaileen ibilbideari aitortza egiteko. Mikel Laboari eman zioten lehen urtean, eta hurrengo aldietan Ruper Ordorika eta Benito Lertxundi aukeratu ditu epaimahaiak. «Nire ustez, bizirik zela Mikel Laboari esker ona ez adierazteagatik sentitutako lotsa gainditzeko sortu zuten Adarra saria. Behin horretaz konturatuta, zenbait jenderihil baino lehenago egin behar zaiola bere lanaren aitortza, eta Ruper Ordorika eta Benito Lertxundi izanik beste saridunak, berehala pentsatu nuen baiezkoa eman behar nuela. Nolabait haien hurrengo katebegikoa naiz».
Baina Adarra saria onartzeak berekin dakar nahitaezko baldintza bat: kontzertua ematea ekainaren 21ean, Musikaren Egunean, eta zuzenean aritzea ez zegoen Muguruzaren aurtengo aurreikuspenetan. «Nik ez dut funtzionatzen musikari askok bezala, talde bat dutela antolatuta. Azken urteetan egin dudana da proiektu bat sortu eta kontzertu gutxi batzuk eman. Hala egin nuen iaz, esaterako, New Orleansko musikariekin. Hortaz, sariak gatazka sortu zidan barruan: batetik, nahi nuen saria onartu, baina kontzertua emateko konpromisoa hartzea zaila egiten zitzaidan. Hortaz, baiezkoa eman aurretik, eskatu nuen egun batzuk uzteko zer egin nezakeen pentsatzeko».
Horrela sortu zen Micaela Chalmeta Big Band eratzeko ideia. Martxoaren hasieran, Bartzelonara joan zen Muguruza, hiru hilabete eta erdiko egonaldi baterako. Zehazki, Sant Andreu auzora. «Auzoa da, baina hangoek herritzat dute, Bartzelonak bortxaz anexionatu zuelako duela ehun urte». Han ditu lokalak Taller de Musics musika eskolak, eta Donostiako kontzertua hango ikasleekin ematea bururatu zitzaion. 20 musikariz osatutako big band-a sortu du, eta horietarik 18 emakumeak dira. «Emakumeek presentzia izatea nahi nuen, ahal bazen gizonen parekoa, eta emakumeez bakarrik osatutakoa izateko aukera zegoela esan zidaten. Eta horrela egindugu. Urteak daramatzat emakumeen ikusgarritasuna bultzatzen, espazioak uztea aldarrikatzen...». Horren haritik, David Fernandezek, CUPeko kideak, proposatu zuen big band-ari Micaela Chalmetaren izena jartzea, XX. mende hasierako kooperatibista eta feminista katalanaren oroimenez.
18 kantuko errepertorioa moldatu dute big band formatura. Kortaturen, Negu Gorriak-en eta Muguruzaren bakarkako diskoetakoak dira gehienak, baina izango dira bertsioak ere. Eta gonbidatuak: Iñigo Muguruza, Kaki Arkarazo, Sorkun, Oskar Benas, Niña Coyote eta Chico Tornado... Eta, bi kanturen artean, Aneguria eta Odei Barroso rap kantariak taularatuko dira, saio bat a capella eskaintzeko. «Euskarazko hip hop eszena behingoz astintzen hasi da, eta oso pozik nago horrekin».
Donostiako emanaldia Bartzelonan ere egingo dute, uztailaren 15ean, Grec jaialdian.
'Black is Beltza', 2018rako
Hiru hilabetez Sant Andreuko beste biztanle bat izan da Fermin Muguruza. Iaz jaso zuen bertako Fabra i Coats espazioan bi lan egiteko gonbidapena: alde batetik, sorkuntza lan bat, eta, bestetik, lan tekniko bat. «Ekipamendu kulturalak ireki eta auzoarekin konektatu nahi zituzten. Eskatu zidaten auzoa nola ikusten nuen azaltzea, indarguneak eta ahulguneak detektatzea eta zer egin zitekeen proposatzea». Black is Beltza animazioko filmerako musika sortzeko eta grabatzeko baliatu du egonaldia. Raul Fernandez Refree izan du lagun zeregin horretan. Azken bi urteetan Guerra ikuskizunean aritu dira elkarrekin bi musikariak, eta, bitarte horretan, filmerako nahi zuen musikaren nondik norakoak azaldu dizkio batak besteari. Sona handia hartu du Fernandezek azkenaldian, Silvia Perez Cruz, Rosalia, Kiko Veneno, Los Enemigos edota Rocio Marquezentzat egindako ekoizpenak direla medio. Sonic Youth taldeko kide ohi Lee Ranaldoren disko berrian ere lan egin du —irailean argitaratuko da—. «Sekulako intuizioa daukan musikaria da; musika izerditzen du», dio Muguruzak. Bien artean sortu dituzte soinu bandako kantu gehienak. «Musika inzidentala sortu dugu, baina, aldi berean, pieza asko daude. Natural Born Killers, Ghost Dog edota Tarantinoren filmak izan dira nolabait nire ereduak». Manu Chao, Ana Tijoux, Iseo, Rosalia, Maika Makovski, Anari edota Amel Zen dira kantuak abestu dituztenetako batzuk.
Filma hurrengo urtean estreinatu nahi du Muguruzak, eta, ahal bada, Donostiako Zinemaldian. «Hori da gure helburua». Proiektua Bartzelonan antolatutako 360 Cartoon ekitaldian aurkeztu zuten maiatzean, Europako banatzaileen, jaialdietako antolatzaileen eta telebistetako ordezkarien aurrean. Oraingoz, animatika, storyboard-a eta musika baino ez dituzte eginak. Komikiaren estetika ezberdina izango du filmak, eta Muguruzarekin batera Beñat Beitia zuzendari artistikoa, Iñigo Berasategi animazio zuzendaria, Iñaki Holgado eta Josep Homs marrazkilariak —azken horrek Millenium pelikularen komikirako egokitzapena egin zuen—, Dibulitoon eta Argentinako animazio estudio bat ari dira lanean, besteak beste.
Inoiz egin duen proiekturik «zailena eta osatuena» da Black is Beltza. «Proiektu batetik bestera jauzi bat egiten dut beti; Black is Beltza horrela ikusten nuen hasieratik, proiektu mardul gisa, bere adarrekin: kontzertuak, erakusketak, diskoak... Pelikula aurkeztu ondoren ildo beretik jarraitzea da asmoa».
Autogestioaren katebegia
Donostiako Udalak ematen duen Adarra saria jasoko du Fermin Muguruzak asteazkenean, eta kontzertua joko du Micaela Chalmeta Big Band taldearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu