Lekuona Fabrikako sarrerako atetik sartu, eta jarraian ireki diote antzokiko atea Dejabu antzerki konpainiako Ainara Gurrutxagari. Ilun dago aretoa, baina argi batek argitzen du oholtza. Konpainiako Miren Alcala aktorea antzezlan bat entseatzen ari da bertan. Haren mugimenduen atzetik dabil David Aguilar zinemagilea, kamera eskuetan hartuta. Kamera horrek harrapatzen duen guztia islatzen da atzean duten pantaila handian. «Zure zain geunden, Ainara!», esan du Alcalak. «Oniritzia ematen badiguzu, hurrengo eszenara pasatuko gara». Segidan, zera aditu da ilunpetik: «Nik horrela ondo ikusten dut». Andoni Mendizabal da, teknikaria. Konpainiako kideak antzezlan berria entseatzen ari dira: Itzulera. Gaur iluntzean estreinatuko dute, Lekuonan bertan, eta obrako azken xehetasunak fintzen harrapatu ditu BERRIAk.
Mexikon dira konpainia bateko hiru kide. Dokumental bat grabatzera joan dira, Etxepare Euskal Institutuak emandako beka bati esker. Ezusteko gertakari batek, baina, zeharo aldatuko du aurreikusitakoa. Istorio hori du abiapuntu Itzulera obrak. Hiru aktore arituko dira oholtzan: Gurrutxaga, Alcala eta Urko Redondo. David Aguilar zinemagilea ere oholtzan izango da, baina atzeko pantailan agertuko diren irudiak hartzen.
Road movie bat da Itzulera, eta aktoreek «komedia existentzial» gisa definitu dute lana. Zuzenean sortutako film baten moduan taularatuko dute, eta, hain zuzen ere, Aguilar arduratuko da zuzeneko irudiez eta haien errealizazioaz. Gurrutxagak nabarmendu du antzerkia zuzeneko zinemarekin uztartu dutela: «Bistara eginiko film bat, horixe ikusiko dute ikusleek. Eta road movie onek bezala, bidaiak hartuko du antzerkiaren zati handi bat. Abentura handiko eta erritmo biziko lan bat ikusiko du ikusleak».
Horixe izan da euren buruari jarri dioten erronkarik handiena: bi lengoaiak uztartzea. Antzekoak irudi dezakete antzerkiak eta zinemagintzak, baina, Gurrutxagak esan duenez, «bakoitzak bere erritmoa eta iruditeria» dauzka. Horregatik, «bien arteko oreka» lortu nahi izan dute. «Gure nahi handiena izan da bietako bat ere ez gelditzea apaingarri moduan. Baizik eta biak uztartuz lengoaia berri bat sortzea. Finean, pantailan ikusiko den hori nola egiten dugun ikusiko du ikusleak».
Lengoaia berri hori sortzea, ordea, ez da prozesu erraza izan konpainiako kideentzat. Izan ere, edozein kontu tekniko taularatzen denean, dena ez da antzezleen esku egoten. Gurrutxagaren hitzetan, obra taularatzeak lagundu die «nola lan egin» behar zuten ikasten. «Konplexuena izan da ulertzea zein mailatan izango zen zinemaren eta antzerkiaren ekarpena. Bidean zinema oso protagonista bilakatu da, lengoaia oso boteretsua baita».
Sorkuntza prozesua
Antzerkigintzan testu dramatikoaren menpeko sorkuntza bat imajinatzen da askotan, eta testuaren ostean zuzendari batekin oholtzaratzen dela antzerkia bera. Dejabukoek, berriz, beste era batera egiten dute lan. «Guk alderantziz sortzen dugu. Beti egin dugu horrela, eta ez dakigu beste modu batean egiten. Gure obra guztiak iruditik eta mugimendutik jaiotzen dira, oso modu bisualean. Gure lan egiteko modua da espazio bat irekitzea, ea zer antzezlanek etorri nahi duen».
Itzulera antzezlana sortzeko modua ere halakoxea izan da. Hutsetik hasi ziren, eta azterketa prozesu luze bat egin zuten gero. «Gure obra bakoitza esplorazio hutsa da. Oso modu intuitiboan egiten dugu lan, gure helburua delako gure inkontzientean intelektualki ulertzen ez ditugun lurraldeak esploratzea». Itzulera obran, kideek argi zuten zinemarekin egin nahi zutela aproba, eta bazuten «autofikzioa egiteko gogoa» ere. Izan ere, Mexikora joan den konpainiarena «ez da imajinazio hutsa», autofikzioa baizik. «Gure bizipenak kontatu nahi genituen. Besteei buruz hitz egin baino lehenago, nahiago izan dugu geure burua erdigunean jarri», esan du Gurrutxagak. «Hori izan da guretzat ariketarik gogorrena. Pertsonaiak sortu ditugu beti, eta geure buruaz hitz egite horrek leku zaurgarri batean jarri gaitu». Nahita egindako hautua izan da hori. Izan ere, Gurrutxagak esan du «oso harreman estua» dutela sortzailearen bizitza pertsonalak eta bere sormenak.
Haien lan egiteko moduari jarraika, esplorazio horretan bidaia bat imajinatu zuten obra berrian, eta Mexiko agertzen zitzaien irudimenean. Hasiera batean, bertara joatea «astakeria» iruditu zitzaien konpainiako kideei, baina, behin posible izan zitekeela ziurtatu zutenean, salto batean egin zuten Errenteriatik Mexikorako bidaia. Lehen aldiz irten ziren Euskal Herritik kanpora zerbait sortzeko helburu argiarekin. «Esplorazio bat izan zen, eta hango beste konpainia batzuekin trukean aritzeko aprobetxatu genuen», nabarmendu du Gurrutxagak.
Ia lau urteko etena
2021ean plazaratu zuen Dejabu antzerki konpainiak aurreko antzezlana: Naon tokin. Obra amaitu zutenean, ordea, «eten txiki bat» egin nahi izan zuten. «Birak egitea gogorra da. Eta ez genuen beharrik sentitzen oholtzara igotzeko, ez behintzat ideia jaio zaigun arte». Hala ere, denbora tarte horretan «inoiz baino lan gehiago» egin dutela nabarmendu du Gurrutxagak; baina gehienbat oholtzatik kanpo.
Lan horren guztiaren ondorioetako bat da gaur estreinatuko duten Itzulera antzezlana, eta jendaurrean erakusteko irrikaz daude sortzaileak. «Antzezlana gure barnean gertatu diren gauza askoren ondorioa da, eta ikuslearekin partekatzeko gogoz gaude», gaineratu du Gurrutxagak kideekin batera oholtzara igo aurretik.
EMANALDIAK
- Urtarrilak 18. Errenteria (Gipuzkoa)
- Urtarrilak 19. Arrasate (Gipuzkoa)
- Urtarrilak 23. Bilbo.
- Urtarrilak 24. Elorrio (Bizkaia)
- Urtarrilak 25. Donostia.
- Otsailak 1. Gernika (Bizkaia)
- Otsailak 7. Amorebieta-Etxano (Bizkaia)
- Otsailak 9. Leitza (Nafarroa)
- Otsailak 14. Galdakao (Bizkaia)
- Otsailak 16. Hondarribia (Gipuzkoa)
- Otsailak 21. Zumaia (Gipuzkoa)
- Otsailak 23. Oñati (Gipuzkoa)
- Martxoak 14. Barakaldo (Bizkaia)
- Martxoak 21. Zarautz (Gipuzkoa)
- Apirilak 6. Villabona (Gipuzkoa)
- Apirilak 11. Andoain (Gipuzkoa)
- Apirilak 26. Aulesti (Bizkaia)
- Maiatzak 7. Gasteiz
- Azaroak 1. Durango (Bizkaia)