Autoestimua goratzeko dantza

Jone Uria izan da gailen Donostian jokatutako saioan, 706 puntu bilduta. Onintza Enbeita izan du atzetik, 688 punturekin. Irunen kantatuko du gaurko irabazleak, azaroaren 5ean

Jone Uria bertsolaria, atzoko final-laurdenean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. IÑIGO URIZ/ FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Atzo jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketa Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta Jone Uria izan zen, nabarmen, denetan nagusi, 706 puntu eskuratuta. Onintza Enbeita izan zuen atzetik bigarren; 688 puntu lortuta. Bigarrenak baino 5,5 puntu gutxiagorekin, Aitor Etxebarriazarragak egin zuen hirugarren. Laugarrena, berriz, Maddalen Arzallus izan zen, 678 puntu bilduta. Ez zion, ordea, tarte handirik atera hurrengoari, Eñaut Martikorenak egin baitzuen azken-aurren, 674,5 punturekin. Eta, azkena, berriz, Beñat Iguaran izan zen, 659 puntu eskuratuta.

Horrenbestez, saioko irabazle izatearen ordainetan, finalaurrekoetara zuzenean pasatuko da Uria, eta Iruneko Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa) kantatuko du azaroaren 5ean, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabalekin batera. Gaurko saioaren ostean jakingo da zein izango diren finalaurrekoetan kantatuko duten gainontzeko bertsolariak.

Goraino bete zen atzo Viktoria Eugenia antzokia. 888 lagun batu ziren, denera, Donostiako final-laurdenean; orain arteko saioetan baino gehiago. Giroa, ordea, aurrekoetan bezain gori suma zitekeen antzokian; nabaria zen entzulearen bertso-gosea. Bisak errepikatzen zituzten eta bertsoak gogotik txalotu. Baita tarteka-tarteka barre algaraka aretoa lehertu ere. Bertsolariek lortu zuten bero zegoen publikoarekin konektatzea, nahiz eta behetik gorako prozesua izan zen hori.

Zozketak hala aginduta, honela eseri ziren sei bertsolariak, hurrenez hurren: Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Onintza Enbetita, Maddalen Arzallus, Eñaut Martikorena eta Jone Uria. Hasierako agurrak kantatu ondotik, ohi gisara, zortziko handiko ariketari ekin zioten bertsolariek. Enbeitaren eta Arzallusen bertsoaldia izango zen, ziurrenean, gehien txalotua. Ekonomikoki oso une lazgarria bizitzen ari den berrogeina urteko bikotekide baten larruan jarri behar izan zuten. Onintzak guraso izan nahi duela zehaztu zuen Leire Garatxena gai-emaileak, eta, Maddalenek, aldiz, ez du uste une egokia denik. Ondo heldu zioten gaiari biek ala biek. «Ta igual ondo beteko dugu/guk umearen demanda/gu biongandik zerbait kenduta/berari asko emanda». Kolpe hori bota zuen Enbeitak, eta hala erantzun zion Arzallusek: «Bi sartzen diren tokian hiru/sartzen dira, badakigu/baina ez gara bi sartzen eta/ezin gara sartu hiru».

Zortziko txikiari ere ederki erantzun zion Arzallusek. Martikorenarekin batera osatu zuen bertsoaldia. Gaiaren arabera, pisukideak izan ziren ariketa horretan. Arzallusi tipuladun patata tortila gustatzen ez zaiola jakitun, berriro ere horixe jarri zion afaltzeko Martikorenak. Bere indargunetik jo zuen Martikorenak; umorez josi baitzituen hiru bertsoak. Bigarren bertsoan algaraka lehertu zen aretoa. Maddalen kexu zen berriro ere afaritarako gauza bera jarri izanagatik, eta hala arrazoitu zuen Martikorenak kantuz: «Euskal kulturan honek/esan nahi du hala:/ilargira ta bueltan/maite zaitudala».

Nabarmentzekoa da plaza bihurtu zuela antzokia Martikorenak. Izan ere, txapelketako tentsio horiei guztiei izkin egin, eta aise lortu zuen ikus-entzuleenganaino iristea; errealitate eta umore zantzuz josiz bertso guztiak.

Nolanahi ere, nabarmentzekoa batez ere Uriak egindako saioa izan zen; bikaina, hasi eta buka. Puntuazioa da horren erakusle; erori gabe, zutik eutsi baitzion oholtzari. Ariketa guztietan utzi zituen ale politak, baina ganbarakoa egin zuen borobilen. Honako hau zuten hiru bertso kantatzeko gaia: «Badakizu min egingo diola, baina pentsatzen duzuna esatea erabaki duzu». Lagun baten droga adikzioa eraman zuen bertsotara. Eta, hain zuzen, lagunari ondorengoa esatea erabaki zuen: «Aldatu beharko luke/behingoan bere brujula/hala esan diot hartuz/ahots goxo ta ahula/ez al zara konturatzen/arazo bat daukazula?» .

Ondo merezita gailendu zen saioan, nahiz eta denen artean lortu zuten saio gozagarri bat osatzea. Amaierako agurrean deskribatu zuen irabazleak zer den Txapelketa Nagusia bertsolarientzat:

Azken hiru astean nahiko
komentario ikusi da:
«Honen bete lana eskas»,
«Hau ez dabil itsu, ba»
Bertso denen letra txiki
kakotsak eta kurtsiba
nork hanka sartuko ote
nork emango esklusiba
gu erdi borrero
eta gu erdi suizida
gure autoestimen dantza
eta zuen ikusmira
ongi etorri berriro
Txapelketa Nagusira

Gaur, Lizarran

Gaur bertan jakingo da, aurreko saioetako irabazleez gain, zein izango diren finalaurrekoetara pasatuko diren bertsolariak. Lizarrako Los Llanos aretoan (Nafarroa) izango da gaurko saioa, eta ondorengo bertsolariak arituko dira kantuan: Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.