Musika

Autobus Magikoa, Buitraker eta Never Surrender taldeak Hatortxu Rockerako itzuliko dira

Gaur iragartzekoak ziren azken «itzulera» da Arrasateko Never Surrender (Gipuzkoa) taldearena. Lakuntzan (Nafarroa) eginen dute festibala, uztailaren 24tik 27ra.

Iruñeko Buitraker taldeko kideak, artxiboko irudi batean. BERRIA
Iruñeko Buitraker taldeko kideak, artxiboko irudi batean. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko otsailaren 4a
16:30
Entzun

Hatortxu Rock jaialdiaren antolatzaileek Itzulera eguna izendatu dute gaurko eguna, otsailaren 4a. Ez alferrik: jada iragarri dute zein izanen diren hainbat urtez jo gabe egon ondoan propio azken Hatortxu Rockerako bueltatuko diren hiru taldeak: Never Surrendet, Autobus Magikoa eta Buitraker. Antolatzaileek atzo aurreratu zuten hiru talderen itzulerak jakinaraziko zituztela gaur; 08:00etan, 12:05ean eta 16:00etan. Hitza bete, eta azken taldearen izenaren berri eman dute arratsaldean, jaialdiaren sare sozialen bidez.

Iazko ekainean aditzera eman zuten festibalak 2025ean izanen zuela akabera. Zehazki, jakinarazi zuten bi alditan esanen zutela agur: aurrena, Atarrabian (Nafarroa) eta «ohiko moldean», egun bakarreko egitarau batekin —abenduaren 28an egin zuten hori—; ondotik, Lakuntzan. Eta, datak iragartzeaz gain, nabarmendu zuten Lakuntzakoa «jaialdi historikoa» izanen zela; «erraldoia». Uztailaren 24tik 27ra eginen dute.

Datak iragarri bai, baina artean ez dute jakinarazi zehazki zenbat talde ariko diren festibalean. Dena dela, abenduaren hondarrean plazaratu zuten parte hartuko duten taldeen zerrendaren lagin bat. Gaur-gaurkoz, kontzertu hauek daude iragarrita: Bulego, Nogen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri.

Bueltan direnak

2002an Arrasaten (Gipuzkoa) sortutako talde bat da Never Surrender; punk eta oi! estiloak lantzen dituzte. Pottokok (ahotsa), Arrik (gitarra), Durak (baxua) eta Atxik (bateria) osatzen dute. Duela sei urte eman zuten azken kontzertua —2019an—, euren jaioterriko, Arrasateko (Gipuzkoa) gaztetxean. Lau disko atera zituzten euren ibilbidean: Enboskada (2005), Aurrerapenaren izenean (2007), 11 istorio, bROnCKa ta gau ero (2010) eta Bide zuzenetik oker (2012). Lakuntzako kontzerturako batuko dira berriz orain.

Autobus Magikoa zazpi urteko geldialdiaren ondotik itzuliko da oholtzara. Oiartzunen (Gipuzkoa) sorturiko talde bat da, 2015ean ekin zioten ibilbideari, eta 2018koan eman zuten azken kontzertua. Reggae eta ska doinuetan jostalari, 2017an eman zuten argitara beren orain arteko disko bakarra: Musker. Kide hauek osatzen dute taldea: Paul San Sebastianek, Julen Etxebestek, Beñat Ibargoienek, Xabi Belaunzaranek eta Gotzon Retegik.

Buitraker 1992an sortu zen, Iruñean, eta, punk-metaletik abiatuta, bere musikari programazioak eta samplerrak gehitu zizkion, metal industrialera gerturatuz. 1995ean Rigor Mortis deituriko maketa bat kaleratu ostean, hiru urte geroago argitaratu zuen lehendabiziko diskoa Gor diskoetxearekin: Lurrun makina (1998). Gerora iritsi ziren Homologao (Gor, 2000) eta Urrezko kabiak (Labatelkueyo, 2005).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.