Hamar urte bete dira aurten Miren Agur Meabek Kristalezko begi bat eleberria (Susa, 2013) kaleratu zuenetik. Idazleak helduentzako idatzitako lehen nobela izan zen hori, eta berehala lortu zuen oihartzuna: 111 Akademiaren saria eta Zazpi Kale saria irabazi zituen, besteak beste. Efemeridea baliatuz, beraz, liburu hori aukeratu du Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen Irakurraldi Jarraitua egiteko. Hamaseigarren aldia izango da aurtengoa, eta berrehun bat lagun elkartuko dira bihar Bilboko Arriaga antzokian, 08:00etatik 14:00etara bitarte. Digitalki ere parte hartuko dute zenbait lagunek. Ez da efemeride bakarra izango, ordea: Bilbo Zaharra euskaltegiak ere 50 urte bete baititu aurten.
Helburu jakin batekin hautatu dute Meaberen liburu hori. Hala azaldu du Arantza Camarero Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkariak: «Gaur egun lehen lerroan dauden emakumezko guztiak omentzea izan da asmoa, literaturako ahots eta begirada berriak jasotzea, eta klasikoetatik orainera zubiak eraikitzea».
Egileak berak irakurriko ditu lehen lerroak, eta, haren ondotik, beste berrehun bat pertsonak parte hartuko dute. «Autofikzio» gisa definitu du liburua Camarerok, baina zuzenketa egin du jarraian: «Idazlearentzat egokiagoa da autoimitazio kontzeptua».
Idazlea bera da liburuko protagonista, baina protagonistari gertatzen zaion guztia ez zaio gertatu Meaberi. Zorigaiztoko bizipen pertsonal batetik abiatzen da liburua: «Begi bat galdu nuen, ezkerrekoa, hamahiru urte nituenean. Ama hil zitzaidan, hiru hilabete eta erdian, obarioetako minbiziaren kausaz, hogeita hamazortzi urte nituela». Minetik ihesi, idazketan hartuko du babes protagonistak, lagunek Landetan utzi dioten etxe batean.
Idazlearen ibilbidean «mugarri» izan zen liburua: «Zoritxarretik sormenera egiten den bidea oso aberatsa izan daitekeela irakatsi zidan». Pozik agertu da aitortzarekin: «Duela hamar urte liburua aurkeztu nuenean, ez nuen pentsatu ere egingo gaur hemen izango nintzenik».
2008an abiatu zuen euskarazko liburuen irakurketa publikoa Bilbo Zaharra euskaltegiak, eta, lehen aldi hartan, ehunka pertsona batu zituzten, egun osoz, Axularren Gero liburua irakurtzeko. Euskal literaturako beste hainbat testu klasiko eta garaikide hautatu izan dituzte haren ondotik, eta Meabe izango da, zehazki, hautatutako laugarren emakumezko idazlea, —aurrez, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Itxaro Bordaren %100 Basque eta Mariasun Landaren Krokodiloa ohe azpian irakurri zituzten—. Halako egitasmoen bitartez, euskara «lau haizeetara» zabaltzeko «aukera paregabea» dela nabarmendu du Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak.
Gaur, hitzaldia
Biharko irakurraldiaz gainera, hainbat ekintza antolatu ditu Bilbo Zaharra euskaltegiak. Besteak beste, Bilbo Zaharra foruma. Horietan guztietan, gainera, Meaberen obra hartu dute hizpide.
Aurreko urteetan egin legez, hiru hitzaldi sorta ere antolatu dituzte. Joan den otsailean egin zuten lehenengoa, atzo bigarrena, eta gaur izango da azkena, 19:00etan, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Meaberen txanda izango da hori, eta, Flash batzuk nire begi kutunari izenburupean, liburua bera hartuko du solaserako gai: «Ahaleginduko naiz liburuaren mini remake moduko bat egiten».
Hala ere, bestelako gai batzuk ere hizpide izango dituela aurreratu du. Tartean, idazketa prozesua, sorkuntza eta erabilitako erreferentziak.