Umorea artez egitea, eta artea umorez; biak dira posible, eta, hain zuzen ere, hori frogatu nahi du Nafarroako Unibertsitateko Museoan zabaldu duten erakusketa berriak: Broma bat kontu serioa da. Umorea artean Bergé bildumaren bitartez. Hamabost artistaren artelanak biltzen ditu, eta, izenburuak adierazten duen bezala, aldarrikapen bat ozentzea ere bada erakusketaren helburua: umorea ez da arinkeriaz lantzekoa. Urriaren 1era bitarte izanen da ikusgai, museoaren Torre aretoan.
«Esan ohi da umorearen sena soilik pertsonei loturiko gaitasuna dela. Geure gabeziak eta akatsak jartzen dizkigu begien parean, eta barre eragin. Nolabait, ihesbide bat da; batzuetan, gauza batzuk kolpez aldatzea ezinezkoadenean, hori baitugu erremedio bakarra. Dena dela, umorearen helburua ez da bakarrik bat-bateko plazera eragitea; kritikoa izan daiteke, eta ziztatzailea. Hortaz, har dezagun serio». Erakusketaren komisario Eva del Llanorenak dira hitzok. Aletu dituen ideia horiek ederki laburtzen dute bildumaren funtsa.
Del Llano ez ezik, Maria Gallegos eta Jaime Guillen ere aritu dira komisario lanetan. Hain justu ere, Guillenek argitu du zer efektu eragin nahi luketen lanaren bitartez publikoarengan. Azaldu duenez, helburua da arte garaikidean umoreak jokatzen duen funtzioari arreta ematea, eta, horrenbestez, ikuslearen erreakzioak ez du zertan irria izan, erakusketaren asmoa ez baita «txiste bat kontatzea». Iradoki duenez, beste zerbait nahi dute eragin, «irribarre konplize bat», adibidez, artistaren asmamena ulertu izanaren seinale izan daitekeena.
Komisarioek nabarmendu dutenez, asmamen ugari ezagutzeko aukera ematen du bildumak. Hamabost artistaren piezak jaso direnez gero, askotariko ahotsak, diskurtsoak eta teknikak baitaude ikusgai.
Besaulkiak eta neurriak
Zehazki, hauek dira parte hartu duten artistak: Liz Arnold, Anna Barribal, Andrea Bowers, Martin Creed, Dora Garcia, Pablo Helguera, Chris Johanson, Jaime Pitarch, Werner Reiterer, Nina Saunders, David Shrigley, Bob eta Roberta Smith, Nedko Solakov, Marijke Van Warmerdam eta Erwim Wurm. Haien lanek bi ezaugarri komun dituzte: 1990eko hamarkadaren hondarrean edo 2000ko hamarkadaren hasieran eginikoak dira, eta, materialak zernahi izanik ere, umorea dute baliabide nagusia; berdin marrazkietan, pinturetan, eskulturetan edo bideoetan.
Erakusketa bi gunetan banatu dute. «Batean, testuaren eta irudiaren arteko jolasak gailentzen dira, bien arteko tentsioak. Eta bigarrenean, berriz, egunerokoaren transformazioa», esan du Del Llanok.
Umore beltza nekez aurki daiteke bilduman. Ordea, garraztasuna darion piezarik badago: esaterako, aretoaren sarreran, arreta ematen du Saundersen Because I'm worth it obrak. Besaulki bat da, eta bertan inor ez kabitzeko moduko eserlekua du, estu-estua. «Sistemak ezarritako neurrietan kabitzea zeinen zaila den irudikatu nahi du», azaldu du Del Llanok. Besaulkiarena ez da neurriei erreferentzia egiten dien bakarra: Wurmen Fat Car obra ironikoak gaitasun aski handia du ikuslea zirikatzeko. Auto gorri eta arrunt bat izan liteke, nabarmen deformaturik ez balego. Lodia da, txantxetan aritzeko gizendua.
«Hurbileko estetika»
Pieza ugari nabarmentzen dira salan, hala nola Barribalen Bag Drawing —errotuladorez tindatutako poltsa bat da— eta Reitereren Jumping Soul —koltxoi bat da, eta sentsore batekin soinua ateratzen du inor ondoan denean—.
Bestalde, komisarioak sinetsita daude erakusketa aise ailega daitekeela gazteengana, «hurbileko estetika baitu» haien ustez. Gainera, azaldu dutenez, aretoaren hondoan jarri duten «dokumentazio mahaia» oso lagungarria da mediazioa sendotzeko. Bibliografia gisara baliatutako elementuak paratu dituzte bertan, eta hantxe dago, adibidez, Salvador Lavado Quino autoreak sorturiko Mafalda pertsonaiari buruzko liburu bat. Baina bada modernoagorik ere. Guillen: «Umoreaz ari garelarik, memeak ezin ziren faltan izan».
Auto lodi bat zirika
'Broma bat kontu serioa da' erakusketa ireki dute Nafarroako Unibertsitateko Museoan. Atzerriko hamabost artistaren obrak jaso dituzte guztira. Izan eskultura, marrazki edo pintura, umorea da lanen ezaugarri nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu