«Grafikoki ez dut fede handirik arauetan. Bai, ordea, kasualitatean eta desantolaketan. Fede handia dut ausazkotasunaren potentzialtasun grafiko eta plastikoan». Filosofia hori du Xabier Idoate artistak (Iruñea, 1954) sorkuntzarako motorra. Hala sortu ditu, behintzat, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan jarri duten erakusketako lanak. Grafika Teknologikoa eta Irudiaren Teknologia eskolak ematen ditu EHUko Arte Fakultatean, eta agerikoa da lanbidearen oihartzuna erakusketan. Lan guztiek dute ordenagailu bidezko programazioaren estetikaren ukitu bat. Idoate artista da, ordea, museoko hirugarren solairuan ikus daitekeena. Azken hiru urteotako Idoate. Fiktiograf izendatu du bilduma, eta abenduaren 16ra arte dago zabalik.
Hiru lan hartzen ditu bere barruan erakusketak: Delirio, ZZZZ eta Arkidram. Orain hiru urte sortu zuen lehena, eta orain gutxi burutu du azkena. «Jaio berri dago oraindik». Hiri garaikidea da hiruen ardatz eta agertoki. Horrek biltzen du dena. Dioenez, hiru ezaugarrik batzen ditu izenburu bakarraren pean: irudi eta testuaren arteko talka, ausazkotasuna, formatu aniztasuna eta Creative Commons lizentzia.
Ukitu ahal izateko marrazkiak
650 bat biñeta dira Delirio izeneko lanaren oinarria, baina bikoitza da euskarria. Argazki eta testuz osatutako mural bat, batetik, eta bideo bat ere bai, bestetik. Interaktiboa da, gainera, pieza. Web-cam baten gainean dagoen koloretako kubo bat mugituz, aldatu egiten dira proiektoreko irudiak. ZZZZ proiektuan, berriz, liburuak dira artelanaren euskarri bakarra, liburu erraldoiak. Fisikotasuna azpimarratu du artistak: «Gehienetan marrazkilaria da marrazkiak uki ditzakeen bakarra. Lana bukatzen duenean, horman zintzilikatu edo gorde egiten ditu, eta ezin dira gehiago ukitu. Iruditzen zait esperientzia hori interesgarria dela, eta margolana interpretatzeko beste modu bat eskaintzen duela».
Mural bat da Arkidram. Ia era obsesiboan sortuta diruditen forma poliedrikoen eta esaldi sorta baten arteko nahasketa bat. Itxura kaotikoa hartzen du lanak hormatik urrundu ahala, eta nabarmen ikusten da artistak zoriari eman nahi izan dion protagonismoa. «Urtez urte pilatu ditudan formak bildu, testu mordo bat sortu, eta programa baten bidez leherrarazi egin ditut».
Iñaki Arzoz artistak egin du katalogoaren hitzaurrea, eta argigarriak dira haren hitzak. Fiktiograf-i buruz zera dio: «Emaitza sailkatzen zaila duen eta gozatzeko ere ahalegina eskatzen duen artefaktu estetiko bat da». Obraren izaera irekiagatik esaten du hori. Izan ere, hori da, haren ustez, Idoateren lanaren bertute nagusietariko bat. Ez hori bakarrik, ordea. Dioenez, etorkizun den artearen arrasto batzuk ikusteko ere baliagarri da erakusketa. «Krisiak arte espektakularraren aroaren amaiera ekarri du, baina, aldi berean, aukera bat ere badakar beste arte mota baterako, soilagoa, erresistenteagoa, politikoagoa eta inteligenteagoa. Arte-eredu hori da Fiktiograf-en agertzen hasten dena».
Geroaren haziak ageri dituela, alegia. Artista deitu beharrean,«hiperartista» deitzen du horregatik Idoate. Bi dira ematen dituen argudioak: artistak sorkuntzan erabiltzen duen baliabide aberastasuna eta obra oso batera iristeko duen asmoa. «Garai batean musikariek imajinatu zuten opera zela obra oso eta handia sortzeko bidea; haiek bezala, arte plastikoetatik datozen hiperartistak, gaur, artearen etorkizunaren ametsa posible egiten ari dira».Ironiko-profetiko jartzen da gero. «Xabier Idoate: lanbidez, hiperartista. Kategoria hori gaur hiperbolikoa iruditzen zaigu, baina etorkizun ez oso urrunean ohiko ofizioa izango da».
Pamiela argitaletxeak argitaratu ditu webgunean Idoateren erakusketa katalogoak, eta artistaren orrialdean ere aurki daitezke. Hitzaldia ere egingo du ostiralean, Uharteko zentroan.
Katalogoak eskuratu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.xabieridoate.eu
Ausazkotasunaren estetika
Hiru urte eman ditu Javier Idoate artistak Uharten ikusgai jarri duten 'Fiktiograf' izeneko lana sortzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu