Donostiako 59. Zinemaldia

Ausardiari emandako sariak

'Bi anai' -k jaso du Serbitzu Zinemira saria Euskal Zinemaren Galan, «bere ikuskera erradikala muturreraino eramateagatik»Elias Kerejetak bere aberria Hernani dela adierazi du Zinemira saria jasotzerakoan

Elias Kerejeta ekoizle gipuzkoarra Zinemira saria Viktoria Eugenia antzokiko ikusleei erakusten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Euskal zinemagintza azken urteetako unerik gozoenean dago, eta egoera hori islatuta geratzen ari da Donostiako Zinemaldiaren aurtengo ekitaldian. Zinemira Euskal Zinemaren Galak ere nahitaezkoa zuen baikortasun giro horretaz kutsatzea, eta halaxe gertatu zen Nagore Aranburuk eta Koldo Martinezek gidatutako ekitaldian. Viktoria Eugenia antzokia goraino betea zela eta ikusleen artean zinemagintzako eta kulturako jende ezagun ugari zeudela egin zen gala, bi protagonista nagusirekin: Elias Kerejeta ekoizlea, Zinemira sariaren irabazlea; eta Imanol Rayoren Bi anai filma, Serbitzu-Zinemira sariaren irabazlea. Ausardia da bi sarituak, hala ekoizlea nola filma, batzen dituen ezaugarri nagusia. Jende askoren ausardia behar izan da egunotan Zinemaldian ikusi diren filmetako asko gauzatzeko, eta aurrerantzean ere beharrezkoa izango da ausardia euskal zinemagintzak hartu duengoranzko bideari eutsikio badio.

«Hiru film bikain ikusi ondoren» hartu du Ramon Agirrek, Maialen Lujanbiok eta Joxean Muñozek osatutako epaimahaiak Bi anai-ren aldeko hautua, Agirrek mikrofonoaren aurrean azaldu zuenez, «irudi biluzi eta zainduak elkarri lotuz eta soinua eta isiltasuna trebetasunez erabiliz, zinemaren ikuskera erradikal eta ausarta muturreraino eramaten duelako». Beñat Ibarbia ekoizleak eta Imanol Rayo zuzendariak esker oneko hitzak izan zituzten saria jasotzera oholtzara igo zirenean. Saria «talde osoarentzat» dela esan zuen Rayok.

Aurtengo ekitaldia hirugarrena du Zinemira sailak, eta lehen aldiz eman da Serbitzu Zinemira saria. Euskal zinemaren industria sustatzeko asmoz sortutako saria da, eta film irabazlearen ekoizelak 20.000 euro jasotzen ditu. Rayoren Bi anai-k David Aguilarren Nao yik eta Enara Goikoetxea eta Iurre Telleriaren Azken bidaia izan ditu lehiakide.

Eskaintza Hernaniri

Jarraian, Aizpea Goenaga aktore eta Etxepare Institutuko zuzendariak egin zuen Elias Kerejetaren eta haren ibilbidearen aurkezpena. Zinemira saria jasotzera oholtzara igo zenean, oso labur mintzatu zen Kerejeta. «Beti gogoratzen naiz Antoine de Saint-Exuperyk zioela bere aberria haurtzaroa zela», esan zuen. «Haurtzaroa da aberria, nire aberria. Nire aberria Hernani da, eta Hernaniri eskaintzen diot sari hau».

Kerejeta 1934 jaio zen, Hernanin, eta 1963an sortu zuen ekoiztetxea. Harrezkero film asko zuzendu ditu, haietako asko urteak pasa arren maiz gogoratuak, hala nola La caza (1966), Cría cuervos (1976), Tasio (1984), Barrio (1998),La espalda del mundo (2000) eta Los lunes al sol (2002), adibidez. Film horietako batzuen irudiak batzen zituen bideo bat ikusi zen pantaila handian.

Zinemaldiaren jarraipenean nabarmendutako bi kazetari ere saritu zituzten: Rocio Garcia, El País egunkarikoa, eta Pamela Rolfe, Hollywood Reporter-ekoa.Galaren ondoren, Bi anai eta Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun film laburra eman zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.