Aspaldi da berria ez dela. Azken hamarkadan, disko irakurgailuak nabarmen urritu dira etxeetan, autoetan, ordenagailuetan; beherakada orokorra izan du diskoen salmentak, eta gero eta zailagoa da musikarientzat euren lana nola kaleratu jakitea. Durangoko Azoka izan da urteetan euskal musikari askorentzat diskoak saltzeko plaza oparoena, baina urterik urtera gero eta agerikoagoak dira orain arteko ereduaren mugak, eta, horren jakitun, musikarien esparrua nabarmentzeko eremu bat iragarri dute antolatzaileek aurten (Musikaren Plaza). Landako guneak ateak irekitzeko egun gutxiren faltan, zenbait talderen asmoak eta irudipenak bildu ditu BERRIAk.
1. Durangora joango zarete aurten? Baiezkoa bada, zer eramango duzue?
2. Disko salmentaren beherakada orokorra ikusita, zer espero duzue Durangon?
3. Aurrerantzean disko banaketak zer bide hartu behar luke, zuen ustez? Eta Durangon, zehazki?
LUMI (NAHIA ZUBELDIA)
«Aurten diskoa objektu gisa ere defendatu nahi dugu»
1. Aurten laugarren aldiz joanen naiz azokara lan bat aurkeztera. Behin Unama taldearen Iduzki Xuria aurkezteko izan zen, eta bertzeak Lumirentzat izan dira. Lehenik EPa aurkeztu genuen; gero, Itzal Zikinak lehen LPa; eta aurten, Bezperen Dirdira. Hendaiako (Lapurdi) Nekatoeneko idazketa egonaldian idatzi nituen testuak musikatuz sortu dugu Manuk [Matthys] eta biok. Aski disko esperimentala da: soinuen bilaketan eta jostaketan aski urrun joan garela uste dut.
2. Guk kontzertuekin aise irabazi gehiago egiten dugu diskoekin baino. Hala ere, aurten diskoa objektu gisa ere defendatu nahi dugu. CDaren eta biniloaren diseinua zinez zaindu dugu, eta jendeak etxera eramateak plazer handia eginen liguke. Diskoa bera saltzeaz gain, Plateruenan joko dugu ostiralean, ahal bezainbeste belarriren aitzinean!
3. Disko banaketak nahitaez hartu behar du kontuan mundu numerikoa, eta ongi legoke arlo horretan irabaziak hobeki partekatzea. Ekoizpen fisikoari dagokionez, diskoak objektu gisa zaintzea bide bat izan daiteke, gure apaletan tokia atzeman dezaten berriz. Hori egiten saiatu gara. Azoketan diskoak aitzinean ematea ezinbestekoa da, bai Durangon, baita bestalde ere, Durangoko Azoka erraldoian ez baita erraza handien artean ttipiak agerraraztea. Urteko topaketa nagusi horretaz gain, azoka ttipiagoak ere zinez interesgarriak dira; Ziburuko Euskarazko Liburu eta Diskoen Azoka, adibidez.
TATXERS
«Banaketaren geroa zerbait erromantikoa izango da»
1. Ez, ez gara sekula joan: ez jotzera, ez ezer saltzera. Aurten ere ez gara izango.
2. Diskoen salmenta jaitsi da; biniloenak, berriz, pixka bat gora egin du. Edonola ere, beti da baliagarria material fisikoa izatea; jendeak eskertzen du, beharbada zentzu erromantiko batean edo beharbada musikaria laguntzeagatik. Hala ere, taldeentzat ez da diru iturri inportante bat, ez guretzat behintzat.
3. Disko banaketaren etorkizuna badirudi zerbait erromantikoa izango dela, biniloen antzera. Hala ere, uste dugu musika formatu fisikoan argitaratzen jarraituko dela, polita baita oraindik. Durangori dagokionez, beti egongo dira taldeak fisikoki hara gauzak eramango dituztenak, lana ezagutarazteko tresna bat da eta.
HIBAI ETXEBERRIA
«Pertsonalitateei ematen zaie garrantzia azokan»
1. Bai. 2017. eta 2022. urteen artean sei disko grabatu ditut, eta guztiak Durangoko Azokan aurkeztu, estudioko material originalekoak eta auto-ekoiztuak izan direnak. Aurten eramango dudan lanak, Harizko zubiak izenekoak, Ukraina eta Euskal Herriaren artean grabatu diren zortzi abesti biltzen ditu.
2. Hogei urte igaro dira Interneten musika dohainik entzuteko aukera zabaldu zenetik: hasieran, artxiboen trukea izan zen, eta, orain, streaming zerbitzuak. Horrek eraman du jendea diskoak ez erostera. Musika entzutea musu truk izan behar dela barneratu dugu, baina kuotak ordaindu edo publizitatea kontsumitzera behartuta gaude, eta diru horren zati txiki bat da sortzaileentzat. Engainatuta bizi gara, eta kaltetu nagusiak musikariak dira. Nik badakit ez dudala askorik salduko, baina nire lana euskal kulturaren zerbitzura jartzea dut helburu.
3. Euskal musikariok kulturaren alde elkarlanean aritu beharko genuke; kontsumitzaileen esku dago zer eta nola entzun; eta prentsak lagundu dezake benetan kulturgintzan gertatzen ari denaz informatuz. Durangoko Azokan, musikari baino, badirudi garrantzi handiagoa ematen zaiela pertsonalitateei. Elkarbizitza oinarri duten jarrerak izan behar dira nagusi, batzuetan bidean galtzen direnak.
PASADENA
«Sentsazioa dainork ez dakielaoso ondo zer egin»
1. Bai. Pasadenarekin iaz ere egon ginen, lehen diskoa aurkezten, eta aurretik izan ditugun beste proiektuekin ere egon gara. Aurkezteko ezer eduki ez dugun urteetan ere joan gara, noski. Aurten, Pasadenaren bigarren lana eramango dugu: Izpia.
2. Hotz handirik ez pasatzea eta Palentinoa irekita egotea [barreak]. Benetan: espero, ez dugu ezer espero. Ia erritual moduan sentitzen dugu zerbait berria argitaratzen dugun urtean bertan erakustea. Gasteizko beste musikari batzuekin batera Erraia diskoetxearen standa muntatu, eta zer gertatzen den ikusi.
3. Jakingo bagenu... Azken batean, diskoen formatu fisikoaren eredua agortuta edo agortzear dago, baina denbora daramagu hori entzuten. Berregituraketa bat eragiten ari da hori, baina oso mantso doa. Sentsazioa da inork ez dakiela oso ondo zer egin behar den, eta bakoitza bere aldetik ari garela gure bidearen bila. Alde horretatik, pasatu ditugun salbuespenezko bi urteen ondoren, aurtengo Durangok eman dezake disko salmentaren egoerari buruzko argazki argi bat.
TXUMA MURUGARREN
«Azokak ni bezalako musikarientzat ez dakar aldaketarik»
1. Ez dakit. Ez dakit Gaztelupeko Hotsak-ek standik jarriko duen. Badaukat zerbait, baina ez dakit Durangon egongo den, baimen batzuen zain baikaude. Nick Caveren Nocturama diskoaren euskarazko bertsioa grabatu dugu; duela urte mordoxka bat Izar&Star ziklorako prestatu genuen; pena eman zigun lan hori galtzeak, eta grabatu egin dugu. Ez da, beraz, nire-nire diskoa.
2. Ni oso bazterrekoa naiz, eta ez daukat interes handirik arlo horretan. Ez zait iruditzen Durangoko Azokak ni bezalako musikarientzat paradigma aldaketarik dakarrenik.
3. Seguruenik, formatu fisikoa desagertu egingo da; diskoek, LP deitu izan diegun horiek, gutxi iraungo dutela iruditzen zait. Orain, abesti solteak publikatzea da joera. Baina, oro har, banaketa, salmenta eta gainontzekoak ez dira inoiz nire hausnarketetan serio agertu. Amateurra naiz, erabatekoa.
ESTI MARKEZ
«Garrantzitsuena euskarazko lanen ikusgarritasuna da»
1. Bai, Hitzekin jolasean nire bakarkako lehen lanarekin joango naiz, lehen aldiz bakarrik. Joan den urtean, aitarekin erdi bana ateratako diskoarekin egon nintzen.
2. Egia da azken urteetan diskoen salmenta beheraka doala, eta streaming bidezko entzunaldiak, goraka. BainaDurangoko Azoka plaza ederra da, eta, aurten murrizketarik ez denez egongo, berezia izango da. Jendea gogotsu dago bertara joateko.
3. Azokan garrantzitsuena euskaraz egiten diren lanek ikusgarritasuna izatea da. Diskoak ongi zabalduta eta ikusgai ez badaude, ez zaizkio jendeari helduko.
MERINA GRIS
«Erosleareneta artistaren arteko sinergia espero dugu»
1. Bai, baina igandean bakarrik —astea Herbehereetan emango dugu kontzertuak eskaintzen—. Gure lehendiskoa eramango dugu, Zerua orain, hamabi hazbeteko biniloan. Lehen aldia izango dugu azokan Merina Gris bezala, eta ilusioa egiten digu.
2. Beherakada nabarmena den arren, Durangokoaren moduko azoka batek izan ohi duen disko salmenta kopurua espero dugu. Guk nabaritu dugu entzuleek estimatzen dituztela ondo zaindutako euskarri fisikoak, eta hori izan da gure xedea, hasieratik. Gure erakusmahaira etortzen denak badaki mimo handiz egindako zerbait topatuko duela; hortaz, eroslearen eta artistaren arteko sinergia hori espero dugu, dagokigun neurrian.
3. Bide egokia formatu fisikoa euskarri ezberdin eta originaletan saltzea dela uste dugu. Fisikoak beti du zerbait berezia, eta hori ez galtzea eta berrasmatzea da erronka artistontzat. Bideragarritasunari ere erreparatu behar zaio, baliabideak mugatuak baitira gehienetan; edonola ere, entzuleekin konektatzeko modu berriak topatu behar ditugu.
Aurtengoak argitu dezakeen argazkia
Digitalizazioaren aroak galdera handiak piztu ditu musikagintzaren sektorean. Nabarmen aldatu da musika banatzeko era, eta Durangoko Azokan ere gero eta bistakoagoa da hori. Eredu bat agortzear dela sumatu arren, formatu fisikoaren aldeko jarrerari eusten diote gehienek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu