Aurtengo taldekako Xilabak bertsolari gazteei plaza bat eskaini diela adierazi dute

Finala larunbatean jokatu dute, eta Hazparke taldea atera da garaile. Orokorrean, bilan positiboa egin dute antolatzaileek

Xilabako finala
Hazparke taldea atera zen garaile larunbateko finalean.
Leire Casamajou Elkegarai.
2023ko azaroaren 20a
17:57
Entzun

Taldekako Xilabaren lehen aldia egin zenetik bost urtera, hirugarren aldiari bukaera eman zioten larunbatean, Aiherrako (Lapurdi) Denen Etxea gelan, finalaren harira. Guztira, 300 bat pertsona bildu ziren finaleko sei bertsolarien entzuteko; horietariko batzuk bazkarian ere agertuko ziren aitzinetik. Sei bertsolari, beraz, bi taldetan banandurik: Hazparke taldea, Hazparneko (Lapurdi) Nahia Sasco, Irantzu Idoate eta Ortzi Idoatek osaturik, eta Muttikoak taldea, Hendaiako (Lapurdi) Irati Alcantarilla, Ibai Lekuonak eta Haize Lekuonak osaturik. Hazparke taldea atera zen garaile. Gai emaile Amaia Castorene eta Xalbat Alzugaray aritu ziren; Ainhoa Sarasua, Iban Thikoipe eta Maialen Berra izan ziren epaileak.

Ortzi Idoate Bertsularien Lagunak elkarteko langilea ere bada, eta, adierazi duenaz, «publikoaren aldetik saioa biziki ederra» izan zela entzun zuen. Antolakuntzaz, «beti hobetzekoak» badirela aitortu du, baina heldu aldietarako haiei dagokiela hori. Aiherran berean ziren 300 pertsonetatik at, beste bertsozale anitzek ere parada ukan zuten finala ikusteko edo entzuteko. Hain zuzen, saioa besteak beste Euskal Irratietan, Kanalduden eta Hamaika Telebistan hedatua zen zuzenean larunbatean.

Txapelketa goxo eta autokudeatua

Guztira, aurtengoan, bederatzi talde lehiatu dira; 38 parte hartzaile ziren. Bakoitzean, gutxienez hiru kide baziren; bestela, lau edo bost. Kideen artean, bertsolariez gain, epaile eta gai emaile aritutakoak ere baziren: «Txapelketa bera aski autokudeatua» izan zela azaldu du Idoatek. Taldekakoak giro berezia baduela zehaztu du: «Goxotasuna, umore ona; kentzea pixka bat seriostasun hori». Hain zuzen, taldekako Xilabak ez ditu bakarkakoaren helburu berak; «bertsolari gazteei —ez bortxaz adinez— taulara iragaiten laguntzea» espero dute, besteak beste. Finalean berean, hiru bertsolarik 17 eta 18 urte zituzten. Idoateren ustez, irabaztea, nahi ala ez, denei gustatzen zaie, baina, taldekako Xilaba «manera bat da galtzeari garrantziarik ez emateko».

Publikoaren aldetik, hor ere bertsozale gazte anitz ikusi izanaz kontent agertu da Idoate. Horrez gainera, iruditu zaio jende anitz bertaratu zela, bertso munduari baitezpada lotzen ez diren batzuk tarteko: «Ea beraz bertsozale berri egiten diren». Azkenean, helburuak lortutzat jo ditu: parte hartzaileen zein publikoaren ikuspegitik, jendea hurbildu dela eta taldekakoaren giroa sortzea lortu dela adierazi du.

2023ko taldekako Xilaba irailaren 22an abiatu zen, Ozazen (Zuberoa). Guztira, bederatzi kanporaketa saio eta hiru final fase egin dira Zuberoan, Nafarroa-Beherean eta Lapurdin. Hiru lurraldeetako taldeak osatu ziren, gainera. Talde bakoitzak epaile eta gai emaile lanak ere egin ditu saioetako batean; beste bi saiotan bertsotan aritu ziren kanporaketen baitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.