«Sentipena dut atzo [herenegun] eman nuena baino gehiago ez daukala», zioen atzo Beñat Gaztelumendik (Donostia, 1987), Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldunak. Larunbatean Donostiako Illunben jokatu zen finala «parekatua» izan zela sentitu zuen, eta «oso detaile txikietan» erabaki zela. Lehia bakarra bere buruarekin du.
Nola ospatu duzu?
Nik beti Añorgan ospatzen dut dena: finalera iristea, ondo egitea, gaizki egitea... Auzoarentzat nahiko egun inportanteak izaten dira finalak, eta finala bukatu eta bertara etorri ginen. 60 laguneko afari handi bat egin genuen, ordu txikitan etxeratu gara, eta finala berriz ikusi dut gaur goizean pixka bat lurreratzeko.
Zerk bultzatu zaitu finala berriz ikustera?
Jendeak askotan aipatzen dizu nola ikusi zaituen. Askok esan zidaten oso serio edo triste nengoela. Ez nuke esango triste aurpegia edo aurpegi serioa daukadanik. Uste dut lanerako aurpegia daukadala, eta ari naizela ahal den guztia estutzen. Niretzat bertsotan egitea oso gauza serioa da, gaur egun.
Sentipenen aldetik, zein ondorio atera duzu?
Atzo sentitu nituen sentipenen aldean, oso sentipen desberdinak dira gaur izan ditudanak. Egin nituen ariketak askoz ere inperfektuagoak iruditzen zaizkit gaur. Batez ere, lehendabiziko kartzelakoa. Mementoan oso gustura gelditu nintzen, baina sentitzen nuen bertsoan zehar utzi nituela bertso batzuk erabat bete gabe. Aldi berean, erabat bete gabe uzte horrek eraman ninduen ariketa kontrolatu izanak eramango ez nindukeen leku batzuetara. Uste dut, agian, nire ariketa onena izan zela.
Saioari zein tenperatura hartu zenion?
Tenperatura hartu nahi eta ezinean ibili nintzen. Memento batzuetan sentitzen nuen Tolosan eduki ez nuen distira hori baneukala, baina, aldi berean, zaila zen publikoarekin neurtzea zenbaterainoko distira zen, ez nituelako hain doinu luzituak hartu edo ez nuelako jotzen bukaera errepikatzera. Zalantza hori baneukan. Gaur ikusi dudanean, publikoa beroago zegoela iruditu zait.
Plaza berotzea kosta egiten zitzaizuen?
Hasieran nabaritu genuen kosta egiten zela Illunbe berotzea, baina uste dut beste urte batzuetan baino plazako giro handiagoa zegoela. Beste urte batzuetan egon izan dira bertsolari baten aldeko mugimendu dezente. Nik, adibidez, jende dezente eraman nuen, baina hirugarren finala zuten eraman nituenek. Orduan, giro lasaiagoa zegoen, eta jendea bertsotara zegoen. Txaloak ez ziren betiko txalo erraz horiek ere, borrokatu beharra zegoen.
Saio luzea izan zen. Nola kudeatu zenuen hori?
Tentsio handia egoten da finalean. Niri luze egin zitzaidan. Oholtza berak jaten zaitu askotan. Batzuetan izaten duzu gogoa oholtzatik alde egin edo komunera joatekoa, baina, aldi berean, badakizu ihes egiten baduzu gero ez zarela bueltatuko. Tentsio horri eutsi behar diozu. Azkenean, finala xakeko partida bat bezalakoa da: tentsioari gehien eusten dionak irabazten du detaile horietan. Sufritu nuen, baina, aldi berean, lan hori ere gustukoa dut.
Saioan zehar txapela lortzeko aukerarik ikusten zenuen?
Buruz burukora arte oso parekatua ikusten nuen finala. Ikusten nuen Alaia [Martin] kolpe asko jotzen ari zela. Buruz buruko bigarren posturako nire burua bai ikusten nuen, baina Agin [Laburu] eta [Iñaki] Apalategi ere bai. Ez naiz nire buruarekin bereziki optimista izaten saioetan, eta atzo ere esperantza baneukan pasatzeko, baina zalantza handiak ere bai.
Txapela bertsokera eta lehiatzeko jarrera aldatuta irabazi izanak pisu handiagoa ematen dio txapelari berari?
Nik duela zortzi urte egiten nituen gauza batzuk orain ez ditut egiten. Illunbeko txahalaren jarreraz lotsatzen naizenik ez dut esango. Uste dut garai hartan legitimoa zela, eta hori dela finalista berri bati 20 urterekin tokatzen zaiona, baina uste dut orain ez zaidala hori tokatzen: saioan bertan karga handiagoa hartu beharra daukat eta ofiziotan ere pisua hartu beharra daukat. Orain dela lau urte ere txahalaren jarrera horrek ez zuen balio izan, eta, jarrera hori izateko aukera galdu nuenean, ezer gabe nengoen sentipena baneukan. Horretatik ondo atera izanak eta aurten nire ahotsa hobeto bilatu izanak, horiek betetzen naute.
Txapela jantziko ez bazenu?
Ez dut uste oso desberdina izango zenik. Ez dut sentitzen atzo gauza bat egin nuenik eta orain deskantsatzea tokatzen denik. Orain txapela ez daukat jantzita, eta hobetzen segitzea tokatzen zait, lehian segitzea. Plazan ere lehiatu behar dugu geure buruarekin, ez txapelketan bakarrik. Gaur, dagoeneko hobetzeko gauza batzuk ikusten ditut nire bertsogintzan.
Nola kudeatzen dituzu zaleek zurekiko dituzten espektatibak?
Orain dela lau urte gehiago eragiten zidaten. Bertsoa oso barrutik bizi dut, ezingo nuke utzi. Mundua irakurtzeko nire modua bertsotan da. Saiatzen naiz ahal den intimoena izaten ni eta bertsoaren arteko harremana. Zure mezua aurrean daukazun publiko horren arabera egokitzea da sekretua. Saiatzen naiz egokitzen, baina, aldi berean, saiatzen naiz nire buruarentzat kantatzen, nire buruarekiko muga horiek puskatzen. Espektatibak publikoak badauzka nirekiko, baina nik handiagoak dauzkat nire buruarekiko, eta horiek dira bete nahi ditudan espektatibak.
Publikoak har lezake faltan garai bateko txahal hura?
Bai. Esan izan didate, gainera.Unairekin [Agirre] mendi lasterkariaren paperean gure gorpuzkerekin sartu ginenean, ez nintzen guztiz gustura gelditu. Une horretan ez geneukan beste armarik. Badakit bertso balioztatuak izan zirela, jendeak estimatu zituela, baina ez da hori nik egin nahi dudan umore mota. Sentitzen dut beste pisu bat badaukagula plazan ari garenean, eta lotsagabekeria horrek garai batean balio zuen, baina zure diskurtso propioa garatzen hasten zarenean, zuretik eman beharra daukazu. Ez du balio besteena botatzen aritzeak.
Alaia Martinekin buruz burukoa jokatu izanak pisu sinbolikoa dauka?
Agian, txapela baino esanguratsuagoa hori da: 1987ko bi bertsolarik buruz burukoa jokatzea. Finalean ikusten zen belaunaldi aldaketa bat gertatu dela dagoeneko. Buruz burukoan belaunaldi bereko bi bertsolarik hartu genuen finalaren karga hori. Plazan bagabiltza, gurea ematen ari gara. Egia da aurreko belaunaldiak oso goian jarri duela maila. Ez dugu horretan lehiatu behar. Gure ahots hori bilatu behar dugu.
Txapelduna Martin balitz?
Bereziki poztuko nintzatekeen. Alaia oso gertutik jarraitu dut beti, eskolarteko garaietatik. Bertso bat berdin bukatu genuen, eta ez dut uste kasualitatea denik. Uste dut gauza asko konpartitu ditugula elkarrekin, eta munduari nahiko antzerako leku batetik begiratzen diogula. Uste dut gauza batzuetan oso antzekoak garela eta beste gauza batzuetan oso diferenteak garela.
Belaunaldiaren aldarrikapena behin baino gehiagotan egin duzue. Belaunaldi berriaren garaia da?
Azkenean, transmisio mugimendua da gurea. Uste dut txapelketaren motorretako bat ere badela belaunaldi berriak sartzea. Txapelketak uste dut irudikatzen duena hori dela, txapeldunak baino gehiago. Garrantzitsua da belaunaldiena, esperantza bat ematen duelako. Gure belaunaldiak aurten karga handia hartu du, aurretik ere bazekarren. Niretzako garrantzitsua da ikustea, jende berria baino gehiago, badatozela belaunaldi berriak.
Kutxako ordezkariak jaso zituen txistuak nola baloratzen dituzu?
Bertsolari bezala, eta orokorrean esanda, gure helburua kantatzea da, plazak edukitzea, eta nik ez dut plazak ematen dizkidaten horiei esker ona adieraztea besterik.
Ume beldurtia eta lotsatia zarela adierazi izan duzu. Txapeldunaren agurrean ere aipatu zenuen. Nola bideratu duzu hori iritsi zaren mailara iristeko?
Batzuetan uste duzu zu zarela arraroa dena edo lotsatzen den bakarra, eta gero konturatzen zara bertsolari gehienak direla zure antzekoak. Bertsolaritzak ematen dizu diskurtsoa antolatzeko errima, doinu eta neurri bat, eta, gainera, distantzia ematen dizu publikoarekiko. Lotsatia eta beldurtia baldin bazara, hori da eduki dezakezun onena, distantzia horrek ematen dizulako zure burua garrantzitsu sentitzeko modua. Nik bertsogintza eduki izan ez banu, segur aski ez nuen adierazteko modurik aurkituko.
Urte dezente daramatzazu plazaz plaza. Nola eraman duzu?
Illunben lehenengoz bigarren egin nuenean, kolpera etorri zitzaidan agenda betetzea, deiak… Pixkanaka-pixkanaka joan naiz konturatzen non nengoen eta zertan ari nintzen. Jende gehienak oholtzara igotzean, badu ahots propio hori garatua, eta ni plazaz plaza joan naiz ahots hori garatzen. Jendeak ikusi du nola heltzen joan naizen, eta nola joan den aldatzen nire kantatzeko modu hori.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Txapeldunari elkarrizketa. Beñat Gaztelumendi.
«Aurten nire ahotsa hobeto topatu izanak betetzen nau»
«Nekatuta» sentitzen zen Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela jantzi biharamunean. Larunbateko finalean bertso bakoitzaren puntu bakoitza borrokatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu