Patrick Alfaya. Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendaria

«Aurten, halako berotasun berezi bat nabaritu dut jendearen aldetik»

Behin 76. aldia bukatuta, balorazioa ona da, zentzu guztietan. 'Baina' bat jartzekotan, programazioan gehiago arriskatzea gustatuko litzaioke: «Aretoaren erdia beteko genukeen zerbait antolatzeko luxua baimendu beharko genioke geure buruari».

Igor Susaeta.
Donostia
2015eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Programatutako azken kontzertuaren ondoren, parrandatxoa egin zuen herenegun Patrick Alfayak (Madril, 1971), Donostiako Hamabostaldiko antolakuntzako taldekideekin batera. «Erlaxatuta nago, baina logura naiz». Laster hartuko ditu oporrak. «Zinemaldiko astean, hain zuzen. Eta hori zinemazalea naizela!». Hitz egiterakoan nabari zaio pozik dagoela jaialdiaren 76. aldiak eman duenarekin. Kontzertu bat aukeratzekotan, Koloniako Irratiko Orkestrak joan den astean emandakoa hautatuko luke. «Ez naiz Anton Brucknerren zale amorratua, baina asko gustatu zitzaidan nola interpretatu zuten haren7. sinfonia. Badakizu, egunak daude...».

Oraindik berotan, Donostiako 76. Musika Hamabostaldiaren zein balorazio egiten duzu?

Bai ikusle kopurua, bai alderdi ekonomikoa eta bai alderdi artistikoa kontuan hartuta, balorazioa ona da. Azken horri helduta, proposatutakoa askotarikoa eta kalitatezkoa izan da. Orokorrean, programak oso ondo funtzionatu du; hasi aurretik ere adierazi nuen azken urteotako onena iruditzen zitzaidala. Gauza askok bat egin dute hori gerta dadin, eta aspalditik ekarri nahi genituen orkestra batzuek jo dute Donostian.

Biharamuna, hortaz, aurreko urte batzuetakoa baino goxoagoa izaten ari da.

Gipuzkoarrak nahiko egiatiak dira, eta gogoko dut. Jendeak pentsatzen duena esaten dizu. Hemen, kalean bertan egiten dizute kritika [barreak]. Gaur goizean [atzo], adibidez, lanera bidean bi pertsonarekin topo egin dut. Zorionak eman dizkidate! [barreak]. Beste urte batzuekin konparatuta, halako berotasun berezi bat nabaritu dut jendearen aldetik.

76. aldia aurkeztu zenutenean, joan den maiatzean, nabarmendu zenuten Giacomo Pucciniren Tosca operaren programazioa. Iaz ere, 2013ko aurrekontu murrizketak medio, 2014koan eskaini ahal izango zenutela ospatu zenuten. Operak estatus bat ematen al dio musika klasikoko jaialdi bati? Beharrezkoa al da bat, behintzat, programatzea?

Ez, ez da beharrezkoa. Badira operarik gabeko jaialdi handiak; Luzernakoa [Suitza], adibidez, festibal bikaina da, aurrekontu oso handia duena, baina ez du operarik eskaintzen. Hamabostaldiak, sortu zenetik, 1939tik dauka tradizio operistikoa, baina, bestela, Donostian, urtean zehar ez da opera programatzen. Hemen, jende batek opera antzoki bat sortzea eskatu du. Errespetatzen dut iritzi hori, baina ez nago ados, iruditzen zaidalako opera antzoki bat oso garestia dela; eta ezin ditugu mantendu ezin ditzakegun azpiegiturak egin. Nahikoa da. Batek anbiziotsua izan beharra dauka, baina zentzu komunaren barruan, gizartea ez baita amaigabeki aberesgarria eta ezin baitu dena ordaindu. Gainera, lehentasun sozial batzuk daude, ez? Neurrian hazi behar da. Halere, hemen opera denboraldi bat egingo balitz, jaialdia Bilbon izango balitz, bada ziurrenik ez litzateke beharrezkoa izango.

Hain zuzen, horregatik nabarmentzen al duzue?

Bai, eta publikoak ere, berez, nabarmendu egiten duelako. Segituan galdetzen dizute zer programatu behar duzun, eta hori eskatzen dizute. Egon da diskurtso bat zera dioena: «Bada, jendea joan dadila Madrilera edo Bartzelonara opera ikustera». Ea, itxaron segundo bat: dirua behar da hara joan, ostatu hartu, eta sarrera erosteko. Mundu guztiak ezin du hori egin. Tosca produkzioa Bartzelonako Liceun ikusteko, sarrera garestiena, buruz ari naiz, baina 250 euroan zegoen gutxi gorabehera. Hemen, garestienak 94 euro balio du, eta ez naiz ari esaten garestia ez denik. Baina tira, badago aldea. Gainera, badauzkagu sarrerak 11 euroan, eta, langabezian bazaude edo gaztea bazara, hiru euroan.

Jendeak esaten digu ezin dugula opera alde batera utzi, baina opera garestia da, hainbat faktorerengatik. Aurten, esaterako, 238 pertsona egon dira hor beheran [Kursaaleko auditoriumean] bizpahiru astez egunero lanean. Jende horrek kobratu beharra dauka, eta hemengoa da. Ados, kantariek diru bat kobratzen dute, dudarik gabe, baina jende gehiena ez dira kantariak, hemengo teknikariak baizik. Gainera, esan beharra daukat, eta sentitzen dut, baina Kursaala oso garestia da [Espainiako] estatuan dauden antzeko ezaugarrietako beste eraikinekin konparatuta.

Hamabostaldian interpretatu dira Ludwig van Beethoven, Wolfgang Amadeus Mozart, Johannes Brahms, Piotr Ilitx Txaikovski eta Maurice Ravelen obrak, besteak beste. Zuk inoiz adierazi izan duzu musika klasikoak arazo bat duela: errepertorioa garai jakin batean geratu zela, eta ez dela aurrera egiten musika hori publikoaren aurrean jartzean. Zergatik da hain zaila egile garaikideagoen lanak programatzea?

Oso zaila da. Publikoa kontserbadorea da, baina bai musika klasikokoa eta baita rockekoa ere. Rocka gustatzen zait, eta rock kontzertu batera joaten zarenean zer nahi duzu? Ezagutzen dituzun abestiak entzun. Taldeek disko berriko kanturen bat aurkezten dute, baina gehienak besteetakoak dira. Izan ere, badakite jendea geldi geratzen dela bestela... Orkestrek gauza bera egiten dute: ikusleek ezagutzen duten errepertorioa erabili. Hori alde batetik.

Bestetik: krisi egoera batean, zer egin? Bada, guk eta Europako jaialdien %99k egindakoa. Jose Antonio Etxenikek [30 urtez Hamabostaldiaren zuzendari izandakoa] esaten duena: patata tortilla eskaini. Hau da, denok ezagutzen duguna. Nori ez zaio gustatzen patata tortilla? [umorez]. Klasiko bat da. Beethoven zoragarria da, denoi gustatzen zaigu, klasiko bat, beraz, aurrera. Halere, hori traba bihurtzen ari da... Izan ere, badira obra asko XX. mendeko konpositore oso aipagarrienak, 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan jo zirenak, baina desagertuz joan direnak txarteldegiko beharren ondorioz. Obra horiek jotako lehen aldian, bada jendea ez da antzokira joango... Igual hamar bat urte behar direlako ohiko errepertorioan txertatzeko!

Programatzerakoan, gehiago arriskatzeko aukerarik ez izatearena al da zuzendari gisa daukazun penarik handiena?

Bai. Ni zoratzen nago Hamabostaldiko publikoaren babesarekin, baina soilik aretoaren erdia beteko genukeen kontzertu bat programatzeko luxua baimendu beharko genioke geure buruari. Zergatik? Hori delako modu bakarra pixkanaka errepertorio berria txertatuz joan ahal izateko. Programatu genuen [Leos] Janaceken [1854-1928] Messe glagolitique [2012an], eta, nahiz eta gehienek ez zuten ez obra ez konpositorea ezagutzen, aretoa bete genuen.

Zazpi urte daramatzazu zuzendari gisa. Zein profil dauka Hamabostaldiko ikus-entzuleak?

Profil asko daudela esango nuke... Mundu osoan profil sufritzailea dago: emanaldira sufritzera doana. Beti esaten du hobeto egin zitekeela... Nik badaukat espiritu kritikoa, eta uste dut oso beharrezkoa dela, baina positiboki ere egin daitezke kritikak. Gainera, arteez, beste hainbat gauzez bezala, gozatu egin behar da. Ez dut esango Donostiako ikusle guztiei espiritu nolabait negatibo hori falta zaienik, baina, jaialdiko giroagatik edo udan delako, jendea nahikoa bihoztuna da, eta gozatzea gustatzen zaio.

Saldutako sarrerekin soilik, aurrekontuaren %40 inguru betetzen duzue. Hori ez da erraza.

Europako jazz, pop-rock eta musika klasikoko jaialdi guztiei buruzko ikerketa bat egin zuten iaz Bartzelonako unibertsitateak, Gantekoak (Belgika) Quebecekoek Gobernuak eta bestek, eta Hamabostaldia zen txarteldegitik portzentualki gehien biltzen zuten bospasei jaialdietako bat. Milioi bat euroko diru laguntza publikoa daukaten ia guztiek 300.000 bat euro biltzen dituzte, eta guk, BEZa barne, instituzioek ematen digutena baino gehiago.

Xehatu ezazu aurrekontua, mesedez.

Udalak, diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak, bakoitzak 300.000 euroko ekarpena egiten du. Babesle pribatuek beste 300.000 bat inguru ematen dituzte, eta sarreren salmentarekin 900.000 bat aterako ditugu garbian. Espainiako Kultura Ministerioak, INAEM en bitartez (Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionala), 100.000 ematen dizkigu. 2010a baino lehenago 200.000koa zen ekarpena, eta urtez urtez murriztuz joan da; 90.000koa ere izan zen duela bi urte. INAEMek politika ezin zentralistagoa dauka; onartezina da. 80 milioi euroko aurrekontua edukita, 60 bat Madrilen bakarrik gastatzen ditu.

Kargua hartu zenuenean, zure erronketako bat zen ikus-entzule gazteak erakartzea. Aurten bertan saiakera moduko bat egin duzue hori hauspotzeko. Zer nolako garapena nabaritu duzu azken urteotan?

Ideia ez da, hainbeste, ikus-entzule gazteak abonatu bihurtzea. Helburua da gutxienez ezagut dezatela, dastatu, bizi dezatela kontzertu bat, hauts ditzatela hesi mentalak. Eta aurtengo esperientziaren emaitzak gogobete gaitu. Orkestra bat zuzenean oso boteretsua da... Hurrengo urtean areagotu egingo dugu. Arazoa da jende asko inoiz ez dela kontzertu batera joan; are gehiago: inoiz ez dira Kursaaleko emanaldi batean egon, nahiz eta horietako batzuk handik gertu bizi. Hori bai, giroak atzeraka botatzen ditu pixkat. Ziurrenik, gehienek ez dute hurrengo urtean sarrera bat erosiko; hori bai, ea zer gertatzen den hamar urte barru. Iruditzen zait egitasmo hau ez genukeela Hamabostaldira mugatu beharko, eta koordinatu beharko litzatekeela beste instituzio batzuekin, eta beste arte diziplina batzuetara zabaldu beharko genukeela.

Hurrengo urtean Donostia Europako kultur hiburu izango denez, zerbait berezia antolatzea pentsatzen ari al zarete?

Gure asmoa da 2016rekin lotutako zerbait berezia antolatzea; igual gure aurrekontuarekin ezingo genukeena ordaindu, edo deigarria dena... Baina sinbolikoa izan beharra dauka, hiriburutzak Donostiarentzat daukan esanahia errespetatu beharra baitauka. Ideia nahiko biribilduta eta zehaztuta daukagu, eta 2016koak eta gu ados gaude, baina tartean fitxa asko daude. Ez dute paper ekonomiko bat jokatzen; ezinbestekoak dira, ordea, ekoizpenari dagokionean. Horretan ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.