Angel Unzu. Gitarra jotzailea

«Aurretik egin gabeko zerbait egin nahi dut disko guztietan»

Pieza bakoitzerako bikotekidea bilatuta osatu du Angel Unzuk 'Duos' azkeneko diskoa. Jazz sonoritateetara gerturatu da, nahiz eta berak ez duen bere burua jazz musikaritzat.

mikel lizarralde
Donostia
2016ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
«Salmenten ikuspegitik ez daukat ideiarik ere ez. Pentsatzen dut gutxi salduko zela... baina era honetako diskoekin hala gertatzen da. Ez ditugu saltzeko egiten».Joan den urte bukaeran kaleratu zuen Angel Unzuk (Iruñea, 1961) Duos, izenburuak dioen moduan, bikotekide banarekin grabatutako kantu sorta. Iñaki Salvador (pianoa), Arturo Serra (bibrafonoa), Luis Gimenez (gitarra elektrikoa), Joao Afonso (ahotsa), Philippe Ezkurra (bandoneoia), Fredi Pelaez (Hammond organoa eta eskusoinua) eta Juan Manuel Urriza (bateria) izan ditu bidaide proiektuan, eta gustura dago jasotako erantzunarekin. «Diskoak badu aniztasun bat, kolore ezberdinak, eta hori jendeari gustatu zaio». Egina du Unzuk bakarkako ibilbide sendo bat, baina segitzen du beste hamaika proiektutan ere burubelarri. Hilaren 16an Laboa Jazz ikuskizunean parte hartuko du Bilboko Loraldia jaialdian, eta 30ean Poloniara doa Andrzej Olejniczak saxofoi jotzaile euskal herritartuak osatutako taldearekin jotzera. Donostian duen lokala betetzen duten ohar, partitura eta apunteek salatzen dutenez, lanean ari da beti, hori baitu afizio eta ofizio.

Bikotekideak bilatu dituzu Duos diskoko kantu bakoitzerako. Zerk eraman zaitu horrelako eskema finko bat erabiltzera?

Konposatzen eta kantuak pilatzen joan naiz, haiekin zer egin jakin gabe. Kantuak hor zeuden, baina ez nekien zein formatutan grabatu. Hirukotea? Laukotea? Buelta asko eman nizkion, eta une batean albo batera utzi nituen pieza asko, nahiz eta zuzenean jo izan ditudan. Baina halako batean, bururatu zitzaidan bikoteena. Bada disko bat, McCoy Tyner pianistarena, antzeko formatukoa. Hirukote formatuan ari da, piano, kontrabaxu eta bateriarekin, baina pieza bakoitzean gitarrista bat du ondoan. Eta polita iruditu zitzaidan. Lasaitasuna eman zidan formatu bat aurkitzeak. Ondoren, pieza bakoitzari tresna bat eranstea izan zen nire zeregina.

Tresna bat. Ez musikari bat...

Hori da. Lehenengo pentsatu nuen zein tresna entzun nahi nuen gitarraren ondoan. Hainbeste tresna eder dago! Gogo handia nuen piano bat izateko alboan, oso gutxitan egiten den formula bat. Baita bandoneoi batekin aritzekoa ere. Pieza bakoitzari tresna egokituta, musikaria berehala agertu zitzaidan, ia eskutik. Esaterako, banekien pianoa azaltzen den piezetan [Mr. Haden eta Fotograma en blanco y negro] Iñaki Salvadorrek jo behar zuela, jazz pianista handia izateaz gain, aspaldi ezagutzen dugulako elkar eta lagunak garelako. Arturo Serrarekin aspaldi egin nahi nuen zerbait, Philippe Ezkurrarekin denbora daramat lanean... Gehiena diskoa grabatu baino lehen prestatu genuen, baina Recreazz piezan Hammond organoa sartzeko ideia estudioan bertan sortu zen. Fredi Pelaez [diskoa grabatu duen musikari eta teknikaria] entzun nuen estudioan jotzen, eta hortxe! Ohartu nintzen banuela pieza bat soinu horri egokitzeko.

Zeren arabera erabakitzen duzu kantu sorta batek diskoa osatu behar duela?

Norberak ikusten du hori. Nire kasuan, ikusten dut piezak bata bestearekin lotzen direla eta osotasun bat hartzen duela proiektuak. Batzuetan pentsatzen dut: «Banoa txistu eta gitarrarako disko bat egitera». Baina jakinda musikaren egoera zein den, gero eta gutxiago egiten da lan horrela... Ondorioz, konposatzen noa, gorputzak hala eskatzen didalako, eta une batean ikusten dut lotura hori. Kasu honetan izan da duo formatuarena.

Non sartu ahots bat,non bandoneoia... Hori oso intuitiboa da?

Erreferentzia askorekin egiten dugu lan musikariok eta horiek hor daude... Adibidez, bada kantu bat, En memoria, amari eskainia, eta daukan soinuagatik garbi izan nuen hasieratik bandoneoia nahi nuela. Erreferentzia historiko eta musikalez gain, irudi batzuk ere baditudalako buruan.

Nola lortzen da kantuen arteko batasun hori?

Disko bat egiten duen ororen kezka izaten da hori: batasun bat izatea diskoak. Disko honetako pieza guztiak pertsona batek idatzi ditu, nik neuk alegia, eta bikoteak izanik, musika tresnen %50 ere jo ditut. Hor badago oinarri bat. Konposizioak molde ezberdinekoak izan daitezke, baina ez dira beraien artean hain ezberdinak izango ni atzean egonda.

Zure bakarkako lanen artean, hau izango da jazzetik gertuen dagoena. Bada zerbait berria egin nahiaren ondorio?

Disko guztietan aurretik egin gabeko zerbait egin nahi izaten dut. Eta kasu honetan badago jazz oinarri hori, jazz estandarretatik jasoa: gaia-inprobisazioa-gaia. Jazz musikariek esango dute hau ez dela jazza [barrez], baina niretzat bada nire lanen artean jazzetik hurbilen dagoena. Jazza beti gustatu izan zait, baina gauza bat dela edo bestea dela, ez naiz inoiz eremu horretan sartu bete-betean.

Zu obrak paperean, partitura gainean, idaztekoa zara. Jazzera gerturatzen den lana izanik, zenbat du inprobisaziotik Duos-ek?

Hor dago gakoa. Ez dut neure burua jazz musikaritzat, ez naizelako inprobisatzailea. Hau da, inprobisatzeko maila jakin bat dut. Disko guztietan inprobisatu izan dut pixka bat, baina Duos-en, jazzetik hurbilagoko lana izanda, ezinbestekoa zen. Absurdoa da jazz konposizio bat idaztea eta inprobisazioari tarterik ez uztea. Gezurretan aritzea bezalakoa da.

Mr. Haden hasierako kantua Charlie Haden jazzmusikariari egindako omenaldia den bezala, amaierako Recreo-Paisaje-Colores pieza esperimentalagoak John Cage eta XX. mendeko abangoardiak ditu buruan?

Pentsa, ni gitarrista naiz, baina pianoa jo nahi nuen oraingoan. Bere garaian ikasi nuen zerbait, baina utzi egin nuen ezin nuelako uztartu gitarrarekin. Emaitza: gaur egun ez naiz gai ezer jotzeko pianoarekin.

Eta horregatik pieza horretan pianoan jarri zara...

Bai [barrez]. Bada diskoan kantu bat, Desvarios, askotan jo izan dudana zuzenean gitarrarekin, eta aukera eman didana soinuarekin jolasteko. Batzuetan sartzen ditut ping-pong pilotak gitarran, edo arkatz bat jartzen dut soken artean. Eta gauza dibertigarri bat izateaz aparte, sonoritate ezberdinak bilatzeko aukera ere ematen dit. Soinua ez baita bakarrik musika nota bat ateratzea soka sakatzen duzunean. Hori gitarrarekin egin izan dut, eta une batean ohartu naiz hori dela gitarra prestatu bat.

John Cagek pianoarekin egin zuen gauza bera.

Hori da. Berak ere prestatu zuen bere pianoa eta pentsatu nuen zerbait egin nezakeela estudioan. Gauza txiki batzuk eraman nituen. Folio bat soken artean jartzeko, mazo bat, ping-pong pilotak. Prestatutako piano batean sartzen dira torlojuak eta abar, baina estudioko pianoa Fredirena [Pelaez] izanda, ez nintzen ausartu!

Badu jolas baten itxura. Askeago aritzeko behar bat dago horren atzean?

Kantuaren izenburuari jarraituta, jolas ordua da. Ez duzu ezertan pentsatu behar, eta soinuak eramaten zaitu. Hazten da eta badoa bere martxan bukatu arte. Inprobisazio erabatekoan.

Zer suposatzen du zure ibilbidean disko honek?

Ez nuke esango «beste disko bat» denik, itsusia delako eta diskoak maite ditudalako, baina batik bat ziklo bat ixteko modu bat da. Gustatzen zait musika ez gelditzea paperean. Grabatuta bizia hartzen du. Jaio da, eta beste proiektu batera egin dezaket jauzi.

Zazpi lagunekin osatu duzu diskoa. Horrek berak ezinezko egiten du diskoa bere horretan zuzenera eramatea?

Bai, baztertu egin dut aukera hori. Ezin ditut zazpi lagun gonbidatu abesti bat edo bi jotzeko. Hori bai, halako disko batek beste proiektu batzuk irekitzen ditu. Adibidez, Arturo Serrarekin zerbait egiteko asmoa daukat eta Luis Gimenezekin kontzertu bat daukat maiatzean Beasainen. Philippe Ezkurrarekin ere ari naiz jotzen hirukote batean... [bihar joko dute Hendaiako Varietes antzokian].

Benito Lertxundirekin,Jabier Muguruzarekin... aritu izan zara denbora luzean. Lana izateaz gain, zer ekarpen egiten dizute lan horiek interprete edo konpositore moduan?

Lana da eta hori inportantea da. Nik ez dut neure burua konpositore ikusten; gehiago naiz interpretea. Eta norbaitek deitzen badit berekin jotzeko eta feeling puntu bat badago, ederra da. Zer ematen didan horrek? Ba oso erakargarria dela besteentzat jotzea. Neure proiektua ez izanda, ez daukat ardura zama hori, erosoagoa delako bigarren plano batean egotea. Eta nire helburua beti da bezeroa gustura uztea. Bezeroa izaten da nagusia. Benitorekin mila lagunen aurrean jotzen zerbait gaizki egiten badut, kezkatzen naiz nagusia ondoan daukadalako! Baina hori polita da. Nagusiak zu ezagutzea, zuk nagusia, elkarrekin aritzea, elkarrizketa bat sortzea...

Orain dela bi urte Txuma Murugarrenekin diskoa osatu zenuen. Hura ere izan zen zuretzat gauza berri bat, rock eremuetara salto egin zenuelako konpositore moduan.

Ordura arte, rock-and-rolla egin gabekoa nintzen, eta ederki pasatu nuen, egia esan. Aspaldi hasi ginen zerbait egin behar genuela pentsatzen, baina Tiempo de búsqueda diskoa (2010) kaleratu ostean iruditu zitzaidan une egokia hori zela. Pentsatzen nuen: «Nola zarete kapaz lau akorderekin halako gauza politak egiteko? Nik ere zuek bezalakoa izan nahi dut». Eta hortik atera zen. Kantu soilak, pop moldekoak.

Oihartzun handirik ez zuen izan disko hark. Hori etsigarria izan daiteke?

Ez zen askorik entzun diskoa eta bai, etsigarria izan daiteke. Hiruzpalau kontzertu besterik ez genituen egin, eta zeure buruari esaten diozu: «Bukatu da?». Indarra eta gogoa jartzen duzu proiektu batean, baina gero konturatzen zara ez duela biderik egin. Nik ez nuen entzun disko hori behin ere ez irratian. Eta iruditzen zait kantu politak zituela. Baina disko askorekin gertatzen da hori. Musikaren mundua ez dago ondo.

Eta hala ere, indarra ateratzen duzu egunero lokalera etorri eta lanean jartzeko.

Batzuetan ez da erraza, ikusten duzulako gauzak egin arren, ez dutela inolako oihartzunik. Baina nire lanbidea da hau. Goizean etortzen naiz eta lanean jartzen naiz.

Zer egin nahi du Angel Unzuk gaurtik aurrera?

Lanean segitu nahiko nuke. Diskoak grabatu, beste jende batekin lan egin, zuzenean jo... Eta konposatzeko eta musika berriak egiteko gogoa izaten jarraitu nahiko nuke... baina batzuetan gogo gabe gelditzen zara. Batik bat helburu jakin gabe konposatzen baduzu.

EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrarentzat obra bat osatu zenuen iaz, eta Getxo, Gasteiz eta Donostian aurkeztu. Zer nolako esperientzia izan zen Big Band batentzat idaztea?

Izugarri ederra izan zen, eta zorte handi bat. Baina jakina, halako enkargu bat jasotzean, badakizu helmuga bat izango duela. Obra bat osatu eta zuzenean interpretatuko da. Zentzu bat hartzen du konposizio lanak.

Baina beti egon behar du erakunde publiko batek atzean.

Bai, bai. Ez dago beste modurik. Nola elkartu Euskal Herriko jazz ikasle onenak, entsegu plan diziplinatu bat ezarri, ordutegiak finkatu? Babes bat behar da hori dena antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.