2023-2024 ikasturtetik aurrera Euskarabidea institutuak kudeatuko du Musikariak Ikastetxeetan programa. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak joan den ekainean erabaki zuen programa bertan behera uztea. Handik egun gutxira, ordea, programari eutsiko ziotela jakinarazi zuten. Argitu beharreko galdera asko geratu ziren orduan programaren kudeaketaren gainean, baina, azkenean, gaur goizean sinatu dute hitzarmena Euskarabideak eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Bi helburu nagusi lortu nahi dituzte hitzarmenaren bitartez: euskararen erabilera sustatzea, batetik; eta Euskararen Adierazle Sistema datu soziolinguistikoz hornitzea, bestetik.
Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak 2018an abiatu zuen Musikariak Ikastetxeetan programa, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen artean euskara eta kultura bultzatzeko helburuarekin. Emanaldi horietan, kontzertu txiki bat emateaz gain, sortzaileak euskal kulturaren inguruan mintzatzen zitzaizkien gazteei. Amaieran, galderetarako tarte bat ere uzten zen, ikasleekin hartu-eman zuzena sustatzeko helburuarekin. Aitzindari izan zen egitasmoa Euskal Herrian, eta egitasmoak Nafarroan izandako harrera ikusita, Eusko Jaurlaritzak proiektua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetara hedatzea erabaki zuen 2021. urtean.