Justo Bolekia eta Javier Fernandez. Hizkuntzalaria eta zinemagilea

«Aurrera egin ahala, zailagoa da historiaren zulo beltzak argitzea»

Fernandezek 'Anunciaron tormenta' dokumentala erakutsi du Berlinalen, eta espainiar kolonialismoak Ekuatore Ginean izandako eragina aztertzen du; Bolekia hizkuntzalari ginearra lagun izan du aurkezpenetan.

MIKEL YARZA ARTOLA.
Mikel Yarza Artola.
Berlin
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herrian eman zituen lehen pausoak zinemagile gisara, baina 2003az geroztik Madrilen egiten du lan Javier Fernandez Vazquez zuzendariak (Basauri, Bizkaia, 1980). Anunciaron tormenta dokumentala aurkeztu berri du Berlinaleren 70. aldian, Espainiako kolonialismoak Ekuatore Ginean utzitako aztarnei begira. Aurkezpen egunetan, ondoan du Justo Bolekia hizkuntzalari ginearra.

Zerk bultzatu zintuen istorio hau kontatzera?

JAVIER FERNANDEZ: Duela hamar urte, antropologia ikasten hastean, ohartu nintzen hutsune handia zegoela Espainiak kolonialismo garaian Ekuatore Ginean izan zuen eraginaren inguruan. Bi ikerlan topatu nituen Bioko uharteko errege izan zen Esaasi Eweeraren argitu gabeko hilketari buruz: espainiarra zen bat, eta ginearra bestea. Administrazioaren Artxibategi Orokorrera ere jo nuen, kolonoek idatzitako jatorrizko dokumentuen bila. Oso material interesgarria topatu nuen han; testu horiek sistema kolonialaren sintesia dira, eta erakusten dute egitura zapaltzaile horiek nola funtzionatzen zuten, ez soilik Espainiak. Ostera, bi bidaia egin nituen Ekuatore Gineara, bat 2014an eta bestea 2018an. Kolonialismoak jotako kokalekuak bisitatu nituen lehenik, eta, ondoren, tokiko biztanleen testigantzak bildu. Justo Bolekiaren laguntza funtsezkoa izan zen horretarako; idazlea, poeta eta hizkuntzalaria da bera, bubi hizkuntzaren egungo aditu nagusia.

Kolonialismo garaian eraildakoen ondorengoak ageri zarete dokumentalean. Zenbaterainokoa da zuengan iraganaren aztarna?

JUSTO BOLEKIA: Gure historiaren zati bat ezkutatu digute, eta horrek amorratzen gaitu. Kolonialismo garaian, Eweera monarkak bubi herria indartu nahi zuen, eta horregatik akabatu zuten. Gainera, 1904tik gaurdaino, hutsunea nabarmena izan da Espainiako prentsan; oraindik ere ez dugu kolonoek eraildako pertsonen kontaketa zehatzik, eta historialariek isilean gorde dituzte ekintza kriminal horiek. Dokumentalak balio du memoria bizirik mantentzeko, eta asko eskertzen dugu, are gehiago kontuan izanik filma Espainiako Estatuko sortzaile batek egin duela.

Jardun kolonialak ia desagerrarazi egin zuen bubia, eta uhartean, egun, gaztelania da nagusi.

J.F.: Dokumentalean bi emakumek azaltzen dute haurrak zirenean bubiaren erabilera debekatu zutela espainiarrek, eskolan eta egunerokoan. Ez da 1904ko kontua soilik, eurak frankismo garaian hazi zirelako, eta, alde horretatik, alderagarria da Espainiako Estatuan gertatu zenarekin ere. Euskara debekatu zuten, etxe barrenera mugatzeraino. Ezberdintasunik handiena da egun gurean badirela euskara defendatzeko modua ematen duten egiturak eta hazteko bidea ematen diotenak. Bubiek ez dute halakorik.

J.B.: Oso gertutik erreparatu izan diogu Euskal Herrian gertaturikoari. Eusko Jaurlaritzak aholkularitza eskaintzen digu bubi hizkuntza babesteko. Horri esker, herri ekinbideak jarri ditugu martxan, Ekuatore Gineako Gobernuarekin inolako zerikusirik ez dutenak. Erakunde ofizialek ez dute ezer jakin nahi bertako hizkuntzen indartzeaz, ezta eskola pribatuek ere. Lantegiak antolatu ditugu gure kasa, gazteek bubiz irakurtzen eta idazten ikas dezaten, eta gurasoek ere euren seme-alabekin hitz egin dezaten. Gainera, artisautza, musika, dantza eta literatura uztartzen dituzten festak antolatu ditugu. Horrek guztiak bultzada handia eman dio hizkuntzaren erabilerari.

Bi munduren arteko kontrastea esploratzen dute filmaren irudiek, eta garrantzi berezia eman diozu horri alor formalean ere.

J.F.: Espainiako Artxibategian topaturiko dokumentuen irakurketak daude batetik, eta biztanle bubien testigantzak bestetik. Artxibategiko idatziei ahotsa jartzeko, aktore espainiar beteranoengana jo dut; grabaketa estudio batean ageri dira filmean zehar, iluntasunak inguratuta. Biztanle bubien lekukotzak, berriz, errealitateko irudi zahar eta eguneratuekin bateratu ditut. Gertaturikoa argitzen lagundu nahi nuen, eta paradoxa modura erabili dut hori irudiak lantzerakoan. Izan ere, irudi bati etengabe argitasuna emanez gero, deformatu egiten da, eta bere balioa galtzen du. Horrek badu antzekotasunik ikerketa prozesuarekin; aurrera egin ahala, geroz eta zailagoa da historiaren zulo beltzak argitzea eta egia topatzea.

Berlinaleko Forum sailean aurkeztu duzu Anunciaron tormenta, zinema esperimentalaren aldeko apustua egiten duen sailean. Zenbateko garrantzia du zuretzat bertan egoteak?

J.F.: Ohorea da Berlinaleko Forum sailean egotea; 50 urtean film eta autore esanguratsuak igaro dira bertatik. Formalki gehiago arriskatzen duten filmen alde egiten du, baina gai sozial eta politikoek beti dute presentzia berezia. Kolonialismoarekin loturiko Europako film seinalatuak izan dira sail horretan; esaterako, nigan eragin handia izan duen Spell Reel, Filipa Cesar zuzendari portugaldarraren 2017ko dokumentala. Filma aurkezteko lekurik egokiena da.

Etorkizunean ba al duzu asmorik Euskal Herriari loturiko lanen bat egiteko?

J.F.: Oraingoz ez dut proiektu finkorik, baina ideia batzuk ditut aspalditik. Bilbo Handiko gune industrialean hazi nintzen, eta esploratu nahiko nuke zer modutan eraldatu den ingurune hori, neoliberalismoaren testuinguruan. Langile-komunitate zirenak zerbitzuetara bideraturiko gune bilakatu dira, langabezia altua da bertan, baita industria-hondakinen presentzia ere. Uneotan prestatzen ari naizen doktore tesiak lotura estua du horrekin; asko pentsatzen dut gai horien inguruan. Egunen batean gustatuko litzaidake Euskal Herrira itzultzea, lotura biografiko zuzena duen proiektu bat gauzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.