Louis Raemaekers (1869-1956) marrazkilari nederlandarrak 1.300 lan sortu zituen, gerra gaitzat hartuta, eta marrazkilari batek inoiz izandako arrakastarik handiena gozatu zuen. Hainbeste, ezen 1919an argitara emandako Raemaekers's Cartoon History of the War liburuko sarreran J. Murray Allisonek idatzi zuen marrazkilariaren lana mundu osoan zabaldua zegoela eta hizkuntza «zibilizatu» ia guztietara itzulia zela. Honela zioen zehazki: «The writer having seen one edition in Basque and another in Arabic».
Hizkuntza haietara itzulia egoteak Raemaekersen obraren zabalpen eta arrakastaren adierazle zen Allisonentzat, Ismael Manterola Ispizuak, Raemaekersen marrazkiak. Britaniar propaganda Espainian eta Euskal Herrian, Lehen Mundu Gerran liburuan azaldu duenez.
1916an plazaratu zuten, Londresen, Raemaekersen euskarazko lanen katalogoa, RaemaekersOlandi'ar margolari antzetsu erostiaren Marku-ostoak izenburupean. Eta edizio hartako ale bat ustekabean iritsi zitzaion Manterolari, 2007an.
Artean ez zuen lan horien berri. Eta Raemaekers bera ere ez zuen askorik ezagutzen. Felix Likiniano eta Casilda Mendezen etxean aurkitu zuen Raemaekersen euskarazko liburua Manterolaren lankide baten lagun batek. Ikerketa historiko bat hasteko premia ikusi zuten denek. Emaitza: Manterolak landutako liburua. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eman du argitara, EHUrekin.
Ingalaterrara bidaiatu zuen Manterolak, eta Londresko hainbat agiritegitan espedienteak eta garai hartako dokumentuak bildu zituen, ikerketa Euskal Herrian egiteko gero.
Baina ezer arakatu aurretik jabetu zen liburuxka hori izan zela 1930era arte artearen esparruan euskaraz argitaratu zen material bakarrenetarikoa. Aurrena izan ez bazen.
Argitalpen horretan bildutako obretan, I. Mundu Gerran tropa alemaniarrek Belgikan egindako sarraskiak salatu zituen Raemaekersek. Zenbait kazetatan argitaratu zituen lanok. Eta indar aliatuek gerra propaganda gisa baliatu zituzten.
Marrazkiek testua dute azpian. Batzuetan, irudia azaltzeko; bestetan, iruzkin poetikoa egiteko. Marrazki horiek hainbat euskarritan plazaratu zituzten ingelesek: tabako paketeetan, pospolo kutxetan, hautsontzietan, postaletan... Animazio film bat egiteko proiekturen bat edo beste ere izan zuten esku artean.
Manterolak liburuan azaldu duenez, «propaganda ahalik eta jende gehienarengana zabaltzea zen ingelesen helburua; hartara, hizkuntza gutxitu batzuetara ere itzultzea erabaki zuten, batez ere kontuan izanda Espainia herrialde neutrala zela».
Hala, «euskarazko itzulpena, katalanezkoa bezala, Espainian zegoen polemikaren testuinguruan» kokatu behar dela adierazi du Manterolak. «Aliatuen aldekoak eta alemaniarren aldekoak eztabaidan eta istilutan ibili ziren gerrak iraun zuen bitartean, eta Espainia ingelesen eta alemaniarren propagandarako eta espioitzarako gerraleku izan zen1914tik 1918ra».
Eusebio Elzaurdia Zubieta Aita Etxalarrek (Etxalar, 1874) euskaratu zuen Raemaekersen liburua. Lekarozko (Nafarroa) fraide kaputxinoa zen, Londresen denbora luzea bizi izandakoa. Manterolak dioenez, «ingelesen alde lerratu zen gerra hasi eta berehala, Euzkadi egunkarian idatzi zituen artikuluetan igar daitekeenez».
Ordea, Raemaekersen euskarazko katalogoan ez da haren izenik ageri. Londresen aurkituriko espedienteetako batean irakurri zuen Manterolak. «Elizaren hierarkia alemaniarren aldekoa zen,eta Espainiako gainerako botereguneek, hots, armadak eta aristokraziak ere alemaniarren aldeko joera garbia zuten».
Horregatik ondorioztatu du aliatuek nahiago izan zutela Raemaekersen lana «periferietan» argitaratu, alegia, Katalunian eta Euskal Herrian. «Burgesia katalanean eta euskal burgesian eragin nahi zuten aliatuek. Bestea galdutako borroka bat zela bazekiten».
Manterolak jakin duenez, euskarazko 500 ale bidali zizkioten Bilbon zuten kontsulari, eta beste hainbeste Donostiakoari.
Hizkuntzalarien eztabaidak
Orobat, beste ondorio bat ere atera du Manterolak: «Tamaina horretan, behintzat, artea gerra propagandarako erabili zuten aurreneko kasuetako bat izan zen. Kontu berri samarra izan zen zinema eta marrazkiak gerrarako erabiltzea. Aurreneko esperimentua izan zen, eta konturatu ziren lorpen handia izan zela. Bide bat zabaldu zen, II. Mundu Gerran eta 36ko gerran askoz gehiago erabili zutelako artea gerra propagandarako. Picassoren Gernika denok daukagu gogoan».
Halaber, Aita Etxalarren itzulpenak hizkuntzalarien artean sortu zituen eztabaidak ere jaso ditu Manterolak liburuan. Edward Spencer Dodgson (1857-1922) Oxfordeko irakasleak euskararen gaineko kezka bazuen. «Eztabaidazalea izateaz gain, ez zuen begi onez ikusten Azkueren iritzia. Leizarragaren Itun Berrian sakondu zuen, euskal testu zaharrak biltzen ibili zen, eta euskaraz idazteko ahaleginak ere egin ziten», Manterolak kontatu duenez.
Dodgsonek jakin nahi zuen itzultzailea nor zen, eta Raemaekersen euskarazko katalogoa bidali zion Stephen Gaselee bibliografoari idatzi zion galdezka. «Dodgsonen iritziz, itzulpena ona zen, baina ez oso konbentzionala». Dodgsonek eta Gaseleek elkarri bidali zizkioten gutunak jaso ditu Manterolak liburuan, Londresen aurkituriko beste dokumentuekin batera.
Euskal Herriko zenbait liburutegitan badaude Raemaekersen marrazkien euskarazko katalogoaren aleak. Baina argitalpen horren nondik norakoak esplikatzen dituen testurik ez bestelakorik ez zuen topatu Manterolak, Euskal Herrian.
Nolanahi ere, Raemaekersen lanen erakusketa bat ireki zuten Donostiako Kasino Errepublikanoan, 1916an. Eta garai hartako Gipuzkoako kazetek, El Diario Vasco-k eta La Voz de Guipúzcoa-khorren berri eman zuten. Euzkadi egunkarian ere badaude erreferentziak.
Aurrenetarikoa, bakanetarikoa
1916an Londresen ateratako Raemaekersen marrazkien euskarazko katalogoari buruzko ikerketa egin du Ismael Manterola IspizuakEusebio Elzaurdiak euskaratu zuen obra, eta aliatuek gerra propaganda gisa erabili zuten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu