Aurreko ipuin liburuaren «B aldea»

Bederatzi ipuinekin osatutako 'Ahazten diren gauzak' liburua argitaratu du Aritz Gorrotxategik. Memoriaren presentzia nabarmena dute

Miren Garate.
Donostia
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Ahazten diren gauzak (Erein) liburuko ipuinei «tragikotasun lasai bat» dariela esan du Inazio Mujika editoreak, eta «pesimismo irribarretsua» kontzeptua ere erabiltzen duela kontatu dio Aritz Gorrotxategi idazleak (Donostia, 1975): «Tonua, beharbada, argia da, ironikoa, samurra; badirudi gauza arrunt bat kontatzen ari naizela, baina atzean badago tragedia bat, eta hori azaleratzen saiatu naiz». Orain urtebete kaleratu zuen Zer egingo dugu orain opariekin? (Algaida, 2017) ipuinbilduma, eta biniloen garaiak gogora ekarrita, liburu berria haren «B aldea» dela esan du. Ukitu sozialeko gaiak ziren nagusi han, eta gai horiek errepikatzen dira Ahazten diren gauzak-en ere; hala ere, gai unibertsalek —heriotza, eromena, bakardadea— presentzia handiagoa dute.

Izenburuan bertan ikusten den bezala, memoria da liburuko gai nagusietako bat. «Galdera da: nork aukeratzen ditu gogora ekarri nahi ditugun memoria puskak? Zergatik pilatzen dira pasarte batzuk eta gainerakoak galdu?», gogoeta eginez hasten du lehen ipuina Gorrotxategik, eta Freudek esandakoekin erantzuten die, memoria kontuetan ez dela ezer menturaz gertatzen esanez. «Gu geu gara gogoratzen dugunaren eta ez dugunaren erantzule. Bitxia da onartzea: geu gara gure memoriaren arduradun bakarrak».

Bederatzi ipuinek osatzen dute liburua, eta elkarren artean aurki eta ifrentzu moduko lotura bat ere badute zenbaitek. Magrebtarra eta aterkia izenekoak, esate baterako, hemengoek etorkinekiko duten jarrera hipokrita eta epela kontatzen du; eta liburuari izenburua ematen dion Ahazten diren gauzak izenekoa, berriz, etorkinei lagundu nahi dien Kioseko emakume adindu baten arazoei buruzkoa da. Euskal gatazkaren gaia ere ikuspegi ezberdinetatik jorratzen du: ipuinetako batean, senide bat kartzelan duen bikote baten herdoiltze prozesua ageri da, eta, beste batean, 1990eko hamarkada erdialdeko manifestazioen eta kontramanifestazioen zurrunbiloa. Azalean ere hondartza bat ikusten da, eta txinal batzuk. «Irudi anbiguoa da, eta iruditzen zait ipuinak ere anbiguotasun muga horretan dabiltzala».

Idazleak kontatu duenez, ez dira ipuin biribilak, ez dute bukaera itxirik. «Erdi irekita uztea gustatzen zait. Hala, iruditzen zait irakurleak aukera duela bukaera posible bat imajinatzeko, eta aberasgarriagoa iruditzen zait. Nik, nolabait, baso batera eramaten dut, eta hor uzten dut, eta berak pentsatu behar du bukaerarako bidea». Estilo aldetik, berriz, argiak eta zuzenak direla aipatu du, eta errazkeriari uko egiten diotela: «Literaturan, askotan nahastu izan da zenbat eta ilunago orduan eta sakonago. Hor ditugu Madame Bovary eta Anna Karenina, bi nobela oso argi eta oso ondo idatziak eta oso sakonak».

Sarituen bertsioak

Bilduman ageri diren zenbait ipuin sarituak izan dira: Burua leihoan jarrita eta Guztiok anaiak gara ipuinek Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren accesita irabazi zuten, 2017an eta 2015ean, eta Bada hor norbait kontakizunak Ignacio Aldecoa saria, 2015ean. Beste ipuin batzuk, berriz, aurrez beste bertsio batean argitaratutakoak dira. Ahazten diren gauzak eta Magrebtarra eta aterkia, adibidez, BERRIAn argitaratu ziren 2017an eta 2015ean. «Nolanahi ere, ipuin horiek liburu honetan agertzen direnen jatorrizko bertsioak dira, eta, zenbait kasutan, oso aldatuta daude».

Gorrotxategiren hirugarren ipuin liburua da Ahazten diren gauzakEgurra Pinotxori (2002, Alberdania) eta Zer egingo dugu orain opariekin? dira beste biak—. «Egurra Pinotxori-rekin zerikusi txikia dute azken biek: hura literaturarekiko liluratik idatzitakoa zen, eta azken bi hauek, beharbada, bizitzarekiko liluratik, bizi esperientzian oinarrituta». Bestelako generoetan ere aritu izan da idazlea. Harenak dira, besteak beste, Zaldi hustuak (2007, Erein) eta Hariaz beste (2011, Erein) poema liburuak, eta eleberri hauek ere bai: Kafkaren labankada (2001, Kutxa), Kearen truke (2005, Alberdania), Axola ez duenean (2009, Alberdania) eta Koldar hutsa zara (2015, Erein). Hain zuzen, hamaikagarren liburua du Ahazten diren gauzak: «Futboleko terminologia erabilita, esan daiteke osatu dudala alineazio bat».

Hala ere, aitortu du azken boladan bereziki erosoa egiten zaiola ipuinak idaztea, bizitzako egoerengatik. «Beti izan naiz saltseroa eta gauza askotan muturra sartu zalea. Beste generoak ere ez ditut arrotzak sentitzen, baina iruditzen zait, gaur egungo bizimodua ikusita, askoz errazagoa eta erakargarriagoa izan daitekeela ipuinak irakurtzea nobela bat baino». Alde horretatik, gaineratu du «faltsua» dela nobeletan gehiago sakontzen den ustea. «Luzamenduetan ibiltzen gara, baina iruditzen zait, ipuinetan, eta akaso poesiarako joera ere hortik datorkit, esan beharrekoa esaten dugula, muinera jotzen dugula. Hori da ipuingintzaren bertuteetako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.