Donostiako 74. Musika Hamabostaldia

Aurreikuspenak gainditu direla eta goranzko joera nabari dela dio Alfayak

Kursaaleko auditoriumeko zikloan, %90etik gorakoa izan da okupazioa; antzinako musikakoan, %100ekoa

Aurten, Verdiren opera izan da. 2014an, Mozartena edo Puccinirena. J.C.R. / ARP.
Donostia
2013ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Donostiako 74. Musika Hamabostaldi hau hasterako sarreren %80 salduak zituzten, eta, murrizketen eta BEZaren igoera kontuan hartuta, antolatzaileek beharrezko ikusten zuten %90-92ra iristea gastuei aurre egin ahal izateko. Azken datuen arabera, muga horren ingurura iristear da. Kursaaleko auditoriumeko zikloan, %90etik gorakoa izan da okupazioa, eta antzinako musikakoan ,%100ekoa. «Gutxi gorabehera, sarreretan 860.000 euro jasotzea espero genuen, eta 897.000 euro inguru bildu ditugu», adierazi du Patrick Alfayak, jaialdiaren zuzendariak. Oraindik ez da ziurra, baina, igoera hori publikoaren emana ere proportzio berean hazi delako gertatu den. «Baina ia ziurtzat eman dezakegu %2-3 hazi dela jendearen emana». Aurten, iaz baino kontzertu gutxiago eskaini dira, baina salneurriek ere gora egin dute.

Alfayaren ustez, bi faktorek azal dezakete ikusle kopuruaren igoera. Batetik, turismoaren igoerak, eta, bestetik, hemengo jendearen emanak. Entzulerik gehienak probintziakoak badira ere, igarri dute turista gehiago etorri direla, «batez ere, errusiarrak eta frantsesak». Nabarmentzekoa da, halaber, hemengoen emanak goranzko joera izan duela. «Badirudi jende gehiago erakarri duela egitarauaren bilakaerak, izen berriak eta bestelako berrikuntzak sartu izanak».

Aurrekontua ia erdira murriztu arren egitarauaren mailari eutsi egin diotela eta, pozik agertu da Alfaya. Eta, haren iritziz, bete da ekitaldi honen helburu nagusietako bat: orain 200 urte gertatu zen Donostiaren suntsiketa eta berreraiketa gogora ekartzea eta orduko biktimak eta herritarrak omentzea. «Hala nahi izan duenak izan du ulertzeko modua».

Datorren urtean, 75. urteurreneko ekitaldian, Rotterdameko Orkestra Filarmonikoa eta Budapest Festival Orchestra itzuliko dira Donostiara, Yannick Nezet-Seguin-ek eta Ivan Fischerrek zuzenduta, hurrenez hurren; Budapesteko musikariena izango da jaialdiko azken emanaldia. Horrez gain, «murrizketek eragozten ez badute», Wolfgang Amadeus Mozart eta Giacomo Pucciniren opera baten taularatzea ikusi ahal izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.