Aulkiak, gogoetatzeko

Gasteizko Artgia guneak Carolina Mattos artistaren lanak biltzen dituen erakusketa zabaldu du. Kolore biziko sei koadro jarri ditu ikusgai

Carolina Mattos artista, Artgia aretoan ikusgai dauden bi obra atzean dituela. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Hausnarketa batetik abiatzen da dena: «Norentzako dago lekua eta non? Migratzaileentzat lekurik badago? Emakumeentzat? Une oro ari zaizkigu gogorarazten: mundua handia da eta denontzako tokia dago, baina arrazoi bat edo beste dela medio, gauza bat dela edo bestea dela, ezin iritsi ari gara batzuk, ezin leku horiek hartu. Zergatik?». Ideia horri bueltaka aritu da Carolina Mattos artista (Buenos Aires, Argentina, 1988) azken urtean, erantzunen bila, zain, esperoan. Eta gogoeta hori oinarri hartuta osatu duGasteizko Artgia sorgune aretoan jarri duen erakusketa: Sobre la espera y ocupar espacios (Itxaronaldiari eta espazioak okupatzeari buruz). Ekainaren 27ra arte izango da ikusgai.

Sei koadrok osatzen dute bilduma: egurra, pintura eta haria erabiliz sortutakoak dira, propio erakusketarako ondutakoak. Eta konposizio bera dute guztiek, gainera: egurrezko laukia zulatuta dago erdian, eta hutsunea koloretako hariekin egindako brodatu batek estaltzen du; margoak bi elementuak elkartzeko zubi lana egiten du. Artistak adierazi duenez, «geruzak» sortu nahi izan ditu piezetan, pertsonak eta espazioak «dimentsio desberdinetan» daudela irudikatzeko. «Kontrastea irudikatzea ere oso interesgarri egiten zitzaidan, egurraren gogortasunaren eta hariaren goxotasunaren artekoa, espazioaren zurruntasunaren eta erosotasunaren artekoa».

Materialez gain, ordea, aulkia da lan guztiak lotzen dituen elementu nagusia; izan ere, Mattosek aulkia erabiltzen du espazioak okupatu bitarteko «itxaronaldiaren sinbolo» gisara. «Zenbat aldiz ikusi dugu jendea zain, zutik, eta bitartean aulki pila bat hutsik, inor ez delako esertzera ausartzen? Hau da, hutsik dagoen eta okupatzera ausartzen ez garen espazioaren ikur ere bada aulkia. Gainera, denbora, klase eta eremu guztiak gainditzen dituen objektua da», azaldu du artistak.

Batzuetan, egurrean margotuta azaltzen da aulkia, bigarren plano batean egongo balitz bezala, eta, beste batzuetan, aldiz, lehen planoan ageri da, hariekin brodatuta. Materialekin eta konposizioarekin egin moduan, espazioak eta pertsonak desberdintzeko modu bat da: «Batzuetan, zurrunak gizakiak gara, eta, beste batzuetan, espazioak dira arrotzak».

Koadroak ilustratzeko kolore biziak erabiltzearen hautuak, ordea, artistaren «obsesio» bati erantzuten dio: «Erreproduzitzen zailak diren koloreak dira; beraz, oso erakargarri zaizkit».

Emart zikloaren hirugarrena

Argentinarra jaiotzez, hiru urte daramatza Mattosek Gasteizen bizitzen, eta hau du lehen erakusketa Artgian. Nolanahi ere, urteak daramatza ehun arteaz, ehunen moldakortasunaz eta beste materialekin konbinatzeaz ikertzen. Eszenografia ikasi zuen, eta, egun, batez ere bere kabuz aritzen da lanean, ilustratzaile eta arte zuzendari. Arabako emakume artisten jarduera bultzatzeko Emart zikloaren barruan, aurtengo hirugarren erakusketa da Mattosena, Alejandra Buenorenaren eta Nefer Olaizolarenaren ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.