Bizitzan lehendabizikoz, bateriaren «aulki elektrikotik kanpo» izan du gogoa Hasier Oleagak (Bilbo, 1979), eta gisa horretara sortu du Cantus Caterva deituriko diskoa, bere ibilbide pertsonaleko estreinakoa. «Musikan bakarrik pentsatzen nuen: akordeetan, abestien egituran, errepikapenetan, baina sekula ez bateristikoki», zehaztu du.
Oleaga beti ibili izan da besteen proiektuetan nahastuta, baita zenbait talderen bultzatzaile lanetan ere, Nevermind Triorenean, adibidez. Oraingoan, lehenago lider zituenak izan ditu laguntzaile. Hala, euskal jazzaren bi belaunaldi batu dira diskoa osatzeko: alde batetik, Iñaki Salvador eta Mikel Andueza beteranoak, eta bestetik, Jorge Abadias, Julen Izarra, Fernando Neira eta Jon Piris, azkenaldiko kide batzuk. Belaunaldien arteko fusioa kantuen azken emaitzan ere nabari da, «bi kolore» bereizten baitira, Oleagaren irudiko: «Badira soinu akustikoagoko piezak, jazzeroagoak, kontrabaxuz, piano akustikoz eta saxo altuz osatuak. Eta badira beste batzuk elektrikoagoak, teklatua eta gitarra elektrikoa tartean dituztenak».
Esan duenez, abesti gehienek bere bizitzako gertaeretan dute jatorria, nahiz eta «informazio-iturri» bat baino gehiago izan dituen: «Bizipen bat ideia batekin dago lotuta, eta gero etortzen da soinu bat, gustuko dudan doinu kolore bat, eta horiekin jolasten dut». Dena dela, beti izan du buruan kantu bakoitzean nork zer jo behar zuen, eta, musika idazterakoan, kontuan hartu du bakoitzaren nortasuna, musikari denak eroso sentiarazteko moduko testuinguru bat sortzeko, hartara.
Oro har, doinua eta sentimendua nagusitu dira diskoan, modalitatearen eta esperimentazioaren aldean. Hala ere, badira groove-z beteriko esplorazio jolasak ezkutatzen dituzten kantuak (Tapitan Tabernikola), oroiminez bustitako piezak (Erakusleihoa), eta jolasteko eta swingerako uneak (Udantza eta Eskola Loka).
Hain justu ere, Eskola Loka-ren nondik norakoak esplikatu ditu Oleagak: «Ideia garrantzitsu bat du, ohiturarena, eskolarena; musika kontuetan nondik edaten duzun, alegia. Inork esan lezake estilo hauetan aritzeko beste herrialde batekoa izan beharko zenukeela, edo beltza, baina hau nire bizitzaren parte da, zenbait rock eta heavy talde ere badiren bezala». Gainera, gehitu du diskoan bertan pop eta rock talde batzuen eragina ere antzeman daitekeela.
Diskoa aitzakia hartuta, emanaldi sorta bat egiteko asmoa du Oleagak, nahiz eta «ekonomikoki ez den oso erraza» halako talde zabal bat mugitzea. Hala ere, «ahalik eta gehiena» jotzen eta «irudimena elikatzen» segitu nahi du. Oraingoz, Donostiako Jazzaldian egingo dute disko aurkezpena, uztailaren 22an, Trinitate plazan. Ezin izango dira diskoan parte hartu duten guztiak oholtzaratu, murrizketak egin behar izan dituzte eta. «Osterantzean», zehaztu du, «industria motela da sortzaileon errealitatearen ondoan; gu beti goaz aurrerago, eta egin behar dugu ahalegin txiki bat industriaren erritmo hori begi bistatik ez galtzeko. Ez industriarena, ezta bizitzarena ere».
Coltranek inspiratu zuena
Oleaga lagun artean hasi zen bateria jotzen, artean instrumentu hori gustuko ote zuen garbi izan gabe. Umetan hasi zituen musika ikasketak, pianoarekin eta solfeoarekin, baina azkar ohartu zen klasikoaren irakaskuntza ez zuela gustuko, eta utzi egin zuen. Urte batzuen buruan, Ez Zak Etsi! taldea sortu zuen lagunekin, eta, instrumentuak banatzerakoan, bateria egokitu zitzaion. Bateria eskoletan hasi bezain pronto, jazza entzutera behartu zuen bere burua. Hasieran, ez zuen ulertzen, harik eta John Coltraneren A Love Supreme diskoa entzun zuen arte. Zerbait esaten zion lan hark; emozio berriak helarazten zizkion. Geroztik, jazzak harrapatuta dauka, baina, bereziki, musikak jende askorekin jotzeko ematen dion aukerak.
Aulki elektrikotik aske
Hasier Oleaga bateria jotzaileak 'Cantus Caterva' diskoa kaleratu du, eta bere ibilbide pertsonalari ekin dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu