Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. Alize Mendizabal. Musikaria

«Aukeratutako obrek arrakasta edukiko dutelakoan nago»

Maurice Durufle konpositorearen bi obra interpretatuko ditu organistak, gaur, 20:00etan, Donostiako San Bizente elizan. Pantaila handi bat jarriko dute aldarearen parean, organoa jendeari gerturatzeko asmoz.

Donostia
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Organoa odolean darama Alize Mendizabalek. Bere aita organo jotzailea zen, nahiz eta profesionalki ez aritu; eta aitonak, berriz, instrumentu hori egitea zuen lanbide. 6 urterekin hasi zuen ibilbidea Mendizabalek, eta, ordutik, Donostiako, Baionako eta Tolosako (Okzitania) kontserbatorioetan egin ditu ikasketak. Donostiako 80. Musika Hamabostaldian Maurice Durufle konpositore frantsesaren Suitearen Preludioa eta Requiem lanak joko ditu. Kontzertua San Bizente elizan izango da, gaur, 20:00etan.

Zer da zuretzat Donostiako Musika Hamabostaldian jotzea?

Ohorea da. Hamabostaldiak oso garrantzi handia du estatuan eta Europan. Halako zikloak, gainera, oso ondo egoten dira. Primerako organoetan jotzeko aukera izaten dugu, eta gustura ibiltzen gara beti.

Zergatik aukeratu dituzue obra horiek?

Hainbat arrazoi daude. Alde batetik, organo honetan jotzeko oso aproposak direlako. Kontuan hartu behar da organo hauek erromantikoak direla eta edozein musika ez doakiela ondo. Beste aldetik, lan hauek erreferenteak dira edozein organistarentzat. Joko dugun bertsioa organorako egina da, baina badira orkestrarako eta koruarentzako bertsioak ere. Obrak ezagunak izateak ere eragina izan du aukeraketan. Hamabostaldian arrakasta edukiko dutelakoan nago.

Norekin arituko zara jotzen?

Andra Mariko koruarekin eta bakarlariekin arituko naiz. Bakarlariak Lucia Gomez mezzosopranoa eta Jesus Garcia Arejula baritonoa izango dira. Jo behar dugun obran, Requiem-en, bakarlari momentu oso gutxi daude; gehiena koruak abesten du. Baina bakarlarien zatia egiteko, bi ahotsak behar dira.

Andra Marirekin askotan egin ditugu programa interesgarriak, eta oso esperientzia ona izan da. Abesbatza handia da, ibilbide luzekoa. Bakarlariekin ere lan egin dut lehenago.

Santa Maria basilikako organista titularra zara 2009tik. Zergatik da kontzertua San Bizente elizan?

Momentu honetan Santa Mariako organoa zaharberritzen ari dira. Lanak otsailean hasi ziren, eta bi urte inguru egongo gara organorik gabe. Aipatu behar da jo behar dugun obra ez doakiola ondo Santa Mariako organoari, hemengoa baino apur bat zaharragoa delako, eta teklatuaren zabalera motzegia delako. Moldaketak ere egin daitezkeen arren, jo beharreko notak faltako litzaizkidake. Baina, esandakoa, arrazoi nagusia da Santa Marian ez dagoela organorik.

Ba al dago alderik bi organoen artean?

Pixka bat ezberdinak izan arren, organo anaiak direla esan daiteke. Fabrika berak egin zituen, baina San Bizentekoa apur bat gazteagoa da: hamabost urte ingururen aldea dute. Elizaren akustikak ere asko eragiten du. Santa Maria handia da, eta, luzeagoa denez, erreberberazioa ere beranduago iristen da. San Bizentek, berriz, karratuagoa izanik, akustika hobea du. Organistak dagoen horretara moldatzen gara.

Nola entseatzen du organo jotzaile batek?

Ohikoena elizara etortzea da. Nik jotzen urteak daramatzadanez, etxean ere badut organo elektroniko bat, bi teklatu dituena; hemengoak [San Bizente elizakoak] hiru ditu. Landa lana egiteko balio du, hau da, notak ikasi, teknika landu...,baina ez dauka zerikusirik elizako organo batekin.

Organoa musika klasikotik kanpo ere aurki daiteke?

Ohikoena musika klasikoan aurkitzea da. Badakigu organoa zertarako sortu zen: kulturako eta kontzertuak emateko. Parisen, esaterako, organo pila bat daude, kontzertuak emateko. Baina, adibidez, Tolosako [Okzitania] jaialdi batean, baxua, perkusioa eta organoa bateratuz egin izan dituzte gauza batzuk. Azkenaldian, berriz, saxofoiarekin eta dueto edo trio formatuan ere ari dira gauza modernoagoak egiten. Modernoa esatean, ez dut irratian entzuten den musika moderno hori esan nahi, noski. Baina soinu efektuak, elektro akustika eta abar lantzen eta gauza berriak egiten ari dira.

Egungo konpositoreek ere organorako piezak egiten dituzte; duela gutxi, estreinaldi bat egin zen hemen, San Bizente elizan.

Nolako harremana du musika klasikoak gainerako generoekin?

Ezin du lehiatu, beti galdu egingo bailuke. Zaila da. Alde batetik, Europako kontzertu areto handienetan jarraipen arazoak dituzte: harpidedun asko hiltzen ari dira, zaharrak direlako, eta bonuak ez dira berritzen. Egoeraren beste aldean, berriz, nik Musikenen egiten dut lan, irakaslea naiz, eta ikasle gazte pila bat dago. Sarrera proba egitera [Espainiako] estatuko hoberenak etortzen dira, eta asko kanpoan geratzen dira. Esate baterako, biolin probarako 60 pertsona aurkeztu ziren, eta hamar plaza besterik ez daude. Jendea, beraz, badago.

Zer publiko du Musika Hamabostaldiak?

Hau ere kontu bitxia da. Hamabostaldian, eliza bete egiten da; ez da pertsona bakar bat gehiago sartzen, ezta zutik ere. Baina kontzertu bera otsailean egiten baduzu, jende kopuru erdia etorriko da ikustera. Gehienbat, adineko jendea izaten da, baina gazteak ere etortzen dira. Badira gu bezalako frikiak ere: leku guztietan gaude [barreka]. Baina, oro har, mundu hau oso txikia da.

Nire ustez, jende gazte gehiago ez etortzearen arrazoia da hau ez dutela benetan ezagutzen. Elitistatzat ere jotzen da, oro har, musika klasikoa. Baina kontzertu pila bat doan izaten dira: larunbatekoa, esaterako, doan izango da; baina, hala ere, jendea ez da agertzen.

Zer rol dute emakumeek organoaren munduan?

Hasieran, kontzertu bat jotzera, edozein herritara, joaten nintzenean, iristean: «Zu al zara organista?» [harridura tonua jarriz],galdetzen zidaten. 20 urte inguru edukiko nituen orduan. Mesfidantza moduko bat nabaritzen zen. Ez nintzen haiek espero zutena: gaztea, neska eta organo jotzailea [barreka].

Aurrez ere baziren emakumeak, baina Santa Maria basilikanorganista titular izendatu nindutenean ere—nire bi lankideekin batera, horiek ere emakumeak—, alde batetik eta bestetik entzun behar izan genituen... eta hamar urte besterik ez da igaro hartatik. Gure lekuan hiru gizon egon izan balira, ez zen halakorik gertatuko. Esan beharra dago, hala ere, Felix Garitano Santa Maria basilikako apaizak guregan konfiantza handia zuela, berak deitu baitzigun.

Ba al du aparteko ezaugarririk kontzertuak?

Kontzertuan pantaila handi bat jarriko dute aldarearen parean, organoan gertatzen dena publikoari gerturatzeko. Organistaz gain, beste bi pertsona egoten dira laguntzen, eta jendeak, normalean, ez daki hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.