25. Kimuak programaren deialdira aurkeztutako 75 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak Kimuak 2022 katalogoa osatzeko: Irati Gorostideren Contadores filma, Esti Urresolaren Cuerdas —Cannesko zinemaldian aurkeztu zen lana, eta Urrezko Erraila jaso zuen bertan—, Maider Fernandezen Fe dokumentala, Ainhoa Olaso eta Enara Garciaren Hemen bizi da maitasuna filma, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa, Maider Oleagaren Irrits, eta Aitzol Saratxagaren Lanbroa film dramatikoa izan dira aukeratu dituzten filmak.
Hiru lan euskara hutsean daude, eta gainerako laurak, gaztelaniaz. Gainera, zazpi laburretatik sei emakumezkoek zuzendu eta ekoiztutakoak dira. Aurtengo dokumentalean, fikzioa eta dokumentala dira protagonista.
Etxepare Euskal Institutuak antolatzen du Kimuak programa, eta Zineuskadik kudeatu: euskal film laburrak sustatu eta zabaltzea da xede nagusia. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hori nazioarteko zinema jaialdietara eta ikus-entzunezko ekitaldi garrantzitsuenetara bidaliko da.