Nekatoenea sarrerako murrutxoaren gainean jarririk Iñaki Martiarena, Mattin (Donostia, 1967), begiratzean, laster batean argi gelditzen da ez dela kasualitatea hor ikustea. Dela hark asmatu Belardo belar meta pertsonaia, dela azken komikia duen Zarrakamalda(Txalaparta), natura eta laborantzarekin harremana aspaldikoa du Martiarenak. Funtsean, laborantza tailerrak ere ematen ditu.
Orduan, Nekatoeneko egonaldi artistikoak, azkenean, zerbait begi bistakoa ere badela dirudi. Hendaiako Abadia eremu babestuaren erdian dago etxalde zena, naturaren erdian. Itsasoari begira, oihan eta landaz inguratua, hurbil sagartze eremu bat duela. Hiriko harrabotsetatik urrun, uhin, hegazti eta isiltasunaren erritmoan. «Baldintza egokiak daude hemen lana ongi egin ahal izateko. Denbora, diru pixka bat, eta, gero, jakina, isiltasuna. Daukagun zarata ikaragarria pausatzeko», borobildu du Martiarenak.
Nekatoeneko egonaldia erabat modu librean eraman ahal izan du Martiarenak. Lan egiteko erabili duen libertatea. Bertan bizitzeko aukera izan du, eta Martiarenak azaldu du azkenean, nahiz eta egonaldi bat izan, egon baino gehiago batez ere «egin» egin duela. Azaroaren 5etik lau aste iragan ditu han: «Nik txantxetan esaten dut egonaldia baino gehiago eginaldia dela. Etengabe egiten ari naizelako lana». Ororen buru, «aukera oso polita izan da arnasberritzeko, egile eta pertsona gisa hazteko». Gero, berriz besteengana joateko. Ez du pentsatzen guztiz bakartuta izatea denik egokiena. Hain zuzen ere, egonaldian landu duen kamishibai-a horren adierazle du. Japoniatik datorren paperezko antzerkia da kamishibai-a, eta egurrezko egitura baten barnean marrazkiak aldizkatuz ipuinaren kontatzeko aukera ematen du. Publiko baten aitzinean kontatzen dela eta, argi du Martiarenak «ezinbestekoa» dela hartu-emana.
Bazekiten zer egiten ari ziren duela hogei urte Nekatoenea artista egonaldietarako egokitzen hasi zirelarik. Sortzaile idazleei zuzendu egonaldien 8. deialdiaren irabazlea izan da Martiarena. Euskal Kultur Erakundeak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Nekatoenea Ingurumenaren aldeko Ekimen Zentro Iraunkorrak dute egonaldia proposatzen: «euskal literatura indartzeko urrats bat egitea» dutela helburu. Egonaldiaz gain 1.000 euro ere ematen dizkiote sortzaileari. Martiarenaren kasuan kamishibai baten proiektua izatea, hark marraztu eta idatziko zuena izatea prezatu du egonaldiaren epaimahaiak, eta haren hogei urteko ibilbide luzea ilustratzaile gisa.
Egonaldiaren barne badaude ere zenbait aurkezpen eta tailer. Hendaian bertan aurkeztu ahal izan die lanaren lehen emaitza bertako ikasleei Martiarenak. Eta ukan du parada hartu-emanarentzat justuki. Beste harreman batzuk sortzeko aukera ere ukanen du, argitaratuko baitiote lana. Bukaera orraztea gelditzen bazaio ere, kasik bukatua du proiektua. Durangoko Azokan izan ditu zenbait proposamen argitalpenerako. Xotixe izena du Nekatoenean sortu kamishibai-ak, harmonika batean bizi den izakia da Xotixe. Bere bidaia hori segitzen du irakurle entzuleak: «Irri egitekoa da, eta bukaera bizitzaren aldekoa izanen da. Plazera eta musika ditu oinarrian».
Lan «pertsonalagoa»
Ez du lehen kamishibai-a Martiarenak. Ikusterik baduzu? SEO Birdlife erakundearekin egina du bat, hegaztiez. Helburu pedagogiko bat zuen hark, haatik. Gaia bera ere ez zuen hark hautatua. Nekatoenekoa, berriz, «pertsonalagoa da, literaturari atxikiagoa».
Nekatoeneko espazioaz baliatu da baita eskuz lan egiteko ere. Ordenagailurik ez du ekarri nahi izan. Dena «gouachez» egin du, baita idatzia dena ere. Kamishibai-rako A3 handitasuneko paperak erabiltzen ditu, hots, neurri handiko orriak; bada, gorputzarekin gehiago lan egiteko baliatu ditu. Usaian oinarria eskuz egiten badu, gero ordenagailuarekin segitzen du. «Hor, berriz, eskuz egitea fisikoagoa da. Begientzat ere. Elektrikarik ez duzu. Ez dut esaten txarra denik ordenagailua, baina, beharbada, egia da gorputza ez dela berdin egoten. Beste energia bat dago». Kamishibai-ak, gainera, badu «mintzo berezi bat». «Irudiek ikonikoagoak eta garbiagoak behar dute izan, eta urrundik ikustekoak. Paperezko antzerkia da. Jende aurrean irakurtzeko testua izan behar da, ozen irakurri eta entzuteko».
Mementoko ezingo da, hortaz, urrundik ez hurbiletik ikusi Xotixe. Baina bitartean ez ditu eskas Martiarenak emanaldiak, beste proiektu batzuekin: abenduaren 27an Altsasuko (Nafarroa) liburutegian Bizitza Dario komiki tailerra izanen du; Artzabal jatetxean (Usurbil, Gipuzkoa) Muxuak liburuaz erakusketa du; eta urtarrilaren 27an Cristina Enea fundazioan (Donostia) irakurraldia eta tailerra, Ikusterik baduzu? izango du, kamishibai-a oinarri.
Iñaki Martiarena, 'Mattin'. Ilustratzailea
«Aukera oso polita izan da arnasberritzeko»
Abadia eremuko Nekatoenea artisten egoitzan hilabeteko egonaldia burutu berri du artistak, euskarazko 'kamishibai' bat ontzen; plazera eta musika ditu oinarri kontakizunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu