Aurkeztu dute aurtengo EHZ Euskal Herria Zuzenean festibala. Ekainaren 27an, 28an eta 29an izanen da, Arberatzen (Nafarroa Beherea), eta aurten ere eskaintza zabala izanen du hiru egunez. Egitaraua osatuko duten taldeen lehen izenak eman dituzte Donapaleun: Auhen, Marte Lasarte, W!zard, Radio Byzance eta Maskak izanen dira aurten eszena gainean ikusi ahal izanen direnetako batzuk. Cie Choari eta Queer Falafel artistak ere ariko dira.
Bost urteren ondotik Irisarri (Nafarroa Beherea) utzirik, Amikuze eskualdera lekualdatu zen iaz Ipar Euskal Herriko festibal historikoa, «euskal kulturarentzat eta herri dinamikentzat emankorrak diren lurretan haziak ereitera». Lurra bezala EHZ ere etengabeko kimu hazkuntzan denez, tokian tokiko errealitatearekin aberasten da, antolatzaileen erranetan. Lehen esperientzia «biziki ona» izan zela erran du Maiena Uharte EHZko komunikazio taldeko kideak. «Elkarlanean aritu ginen tokiko elkarte, besta komite, enpresa eta herriko etxeekin, eta biziki ongi pasatu zen».
Kulturgintzaren «kapitalizazioa eta pribatizazioa nehoiz baino bortitzagoak» diren honetan, bestelako eredu bat proposatzea du helburu EHZk
Kulturgintzaren «kapitalizazioa eta pribatizazioa nehoiz baino bortitzagoak» diren honetan, bestelako eredu bat proposatzea du helburu EHZk: lurra lantzea, emankor izaten dadin gerora ere, «landatzen den herrian dinamikak bultzatzen baititu tokiko erritmora egokituz».
Horri egiten dio erreferentzia aurtengo festibaleko hautatu duten leloak: Lurraren herritmora. «Lurrez elikatuz eta soroak irauliz eraiki da urteetan EHZ, salgai izan gabe», esplikatu dute antolatzaileek. «Makrofestibalak alde batera utzirik, hemengo erritmoan eraikitzen da EHZ». Lurra denen ondasuna den heinean, EHZk ere hala izan nahi du, adierazi dutenez: «Herri batez osatua eta herriaren erritmoak markatua, produktu kultural merkantilizatuen erritmo frenetiko eta esponentzialetatik kanpo»
«Zazpiehun langilez sutsu eta ekilez», zioen festibala Arrosan (Nafarroa Beherea) errotua zenean sortutako kantuak. Ordutik, belaunaldiz belaunaldi, milaka laguntzailek landatu dute EHZren hazia Arberatzera iritsi arte, «elkarren arteko trukea, auzolana eta autogestioa» oinarri harturik. Hala, aurten ere dei egin diete laguntzaileei hiru eguneko festibala antolatzen lagundu dezaten. «Urtero bostehun laguntzaile etortzen dira, eta aurten ere ongi etorriak izanen dira edozein arlotan parte hartzeko», gehitu du Uhartek. Azpimarratu du parada badela EHZ urte guzian laguntzeko ere.
Egunez, urririk
Aurten ere azken urteetako logikari jarraikiz antolatu dute hiru eguneko festibala. Egunez, Arberatzeko plaza urririk izanen da, eta bertan orotariko animazioak proposatuko dituzte, izan zirkua, izan kontzertuak, edo izan haurren xokoa. Azken urteetan bezala, mintzaldiak, tailerrak eta mahai inguruak ere izanen dira hainbat gairen inguruan.
«Saiatzen gara sarrerak prezio apal eta ireki batean eskaintzen»
MAIENA UHARTEEHZko kidea
Eguna iluntzerako hasiko da mugimendua pentzean altxatutako bi eszenatoki nagusietan, egitarauko izen handienen kontzertuak izanen baitira orduan. Horiek ikusteko, sarrera ordaindu behar izanen da. «Saiatzen gara prezio apal eta ireki batean eskaintzen», baieztatu du Uhartek.
Gaurtik aitzina, hiru eguneko sarrera erosteko aukera izanen da EHZren webgunean. 43 euroan eskainiko dute apirilaren 1a arte. Talde gehiago iragarri arau, beste aurresalmenta batzuk eginen dituzte. Azpimarratu nahi genuke EHZ ez dela soldout kulturan sartuko, eta, ondorioz, iragartzen dizuegu lekua izanen dela denentzat», zehaztu dute antolatzaileek. «Kapitalismoak eragindako inflazio garai honetan, eginahalak egiten ditugu festibala denendako eskuragarri izan dadin».
Kontzertuei dagokienez, ohi bezala orotariko musika estiloak eramanen dituzte oholtzara aurten ere: gisa guzietako «doinu eta adierazpen motak» taularatuko dituzte, eta sorkuntza berriei plaza eskaini. Lehen izenak eman dituzte jadaneko: Auhen, Marte Lasarte, W!zard, Radio Byzance eta Maskak. Cie Choari eta Queer Falafel artistak ere ariko dira, egunez.
Azkenik, erran dute autobusak antolatuko dituztela Ipar Euskal Herriko lau ertzetatik festibalera joateko. Ondoko asteetan emanen dituzte horri buruzko xehetasunak.