Zinema

Audrey Diwanen 'Emmanuelle' filmarekin hasiko da Donostiako 72. Zinemaldia

Sail Ofizialean emango dute, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango da. Diwanek Veneziako Zinemaldiko sari nagusia irabazi zuen 2021ean, 'L'événement' filmarekin.

Audrey Diwanen 'Emmanuelle' filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Audrey Diwanen 'Emmanuelle' filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
mikel lizarralde
2024ko maiatzaren 7a
12:43
Entzun

Audrey Diwanek zuzendu duen Emmanuelle filmak inauguratuko du Donostiako 72. Zinemaldia, irailaren 20an. Filma Sail Ofizialean emango dute, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango da.

Libanoar jatorriko zinemagile frantziarra da Diwan, eta, zuzendaritza lanetan hasi baino lehen, gidoi ugari idatzi zituen, batik bat gerora Cedric Jimenezek zuzenduko zituen filmenak. Mais vous êtes fous (2019) izan zen Diwanek zuzendutako lehenengo filma, eta bigarrenarekin (L'événement) Veneziako Zinemaldiko sari nagusia, Urrezko Lehoia, eskuratu zuen. Urte hartan bertan Donostiako Zinemaldiko epaimahai ofizialeko burua izan zen.

Rebecca Zlotowski zinemagilearekin batera idatzi du Diwanek Emmanuelle-ren gidoia. Galdutako plazer baten bila ari den emakume baten ingurukoa izango da istorioa. Hong Kongerako negozio bidaia batean, askotariko pertsonekin topatuko da; besteak beste, Keirekin, behin eta berriz saihestuko duen gizonarekin. Emmanuelle Arsan idazleak sortutako pertsonaian eta munduan inspiratuta dago Emmanuelle, antolatzaileek jakinarazi dutenez, eta Parisen naiz Hong-Kongen filmatu du.

Noemie Merlant aktore eta zuzendariak (Portrait de la jeune fille en feu, L’innocent,Tár, Mi iubita, mon amour...) antzeztu du filmeko protagonista nagusiaren rola, eta harekin batera ageri dira Naomi Watts, Will Sharpe, Jamie Campbell Bower, Chacha Huang eta Anthony Wong.

Donostiako 72. Zinemaldia irailaren 20tik 28ra bitartean egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.