«Gogoan dut nolakoa zen gazte eta beltz eta lesbiana eta bakarrik sentitzea. Zati handi bat ederra zen, sentitzea neuk neuzkala egia eta argia eta giltza, baina zati handi bat infernu hutsa zen. Ez genuen amarik, ez ahizparik, ez heroirik. Bakarrik aritu behar genuen [...]». Audre Lordek badu idazketaren bidez irakurlearekin bertatik bertara solastatzeko dohaina, haren diskurtso osoa ahal bizi-bizikoa baita forma gorabehera, berdin poesian edo prosan. Lordek bere esperientzia pertsonaletik abiatuta idazten du, baina, halako bat-batekotasunarekin eta indarrarekin jartzen ditu esperientziok hitzetan, kapaza baita bere-berea den errealitate partikular bat unibertsal eta edonork sentitzeko moduko bihurtzeko.
Gauza asko izan zen Audre Lorde bere berrogeita hemezortzi urteko mundualdian. «Beltz, lesbiana, ama, gerlari, poeta» esaten zion bere buruari, baina aktibista, teorialaria, liburuzaina, mediku-laguntzailea, fabrikako langilea, X izpien teknikaria eta beste hamaika ogibidetan aritutakoa ere izan zen. Etiketa horiek eta segur aski beste hainbestek eratzen dute Lorderen identitatea, zeina baita haren idazlan guztien funts-funtseko gaia: «Zer esan nahi du beltz lesbiana feminista poeta ama bat izendatzeak New Yorkeko Estatuaren poeta?», galdetu zuen 1991n, hil baino urtebete lehenago, New Yorkek estatuaren poet laureate titulua eman zionean.
The Cancer Journals (Minbiziaren egunerokoak) dietarioan, berriz, zera idatzi zuen: «Ez banu neure burua nik neuk definituko, besteen niri buruzko fantasiek zanpatu egingo nindukete, eta bizirik jan».Nortasunaren bilaketaz eta eraketaz kezkatu zen bizitza osoan, eta haren idazlanek ederki adierazten dute nolako eragina duten arraza, sexua eta klasea bezalako kategoria handiek identitate indibiduala taxutzeko orduan.
Kategoria printzipal horiek esperientzia pertsonal txikien handitasunera eramateko ariketa bat da, azken finean, 1982ko Zami: A New Spelling of My Name (Zami: nire izena idazteko beste modu bat). Autobiografia nobelatu bat da, berak «biomitografia» bataiatzen duen generokoa. Ulertu behar da ez dela genero hertsi bat, baizik eta Lordek bere biografiari heltzeko manera pertsonala adierazten duela.
Ia 50 hamar urte zituela kaleratu zuen, baina liburua gaztaro betean bukatzen da, 25 urte dituen garaian. Horren esplikazioa, hain zuzen, «mitografia» hitzaren hautuan datza, nolabait ere Audre Lorderen mito fundazionaltzat har baitaiteke liburua, mitologiak garai batean errealitate esplikaezin ugariren jatorriak azaltzen zituen bezala. Lordek bere gaztaroari erreparatzen dio, oinarri-oinarriari, eta bere identitatearen sustraietan arakatzen du.
'Zami'
Hasieran, haurtzaroko urteetan barrena, New Yorkeko Harlem auzoko bizimoldea deskribatzen du, 1930eko eta 40ko hamarkaden fotografia moduko bat eginez. Gurasoak —batik bat ama— eta etxeko giroa dira nagusi, eta arrazakeriarekin izandako aurreneko talkak agertzen ditu; nola behin familiarekin Washington hiriburura joan zen, eta bazkalondoan izozkirik jan ezinda geratu ziren beltzak izateagatik.
Orobat kontatzen ditu amak nolako eginahalak egiten zituen alaba arrazakeriatik ezkutatzeko. Kalean zuriek tu egiten zietenean, ama «klaserik gabeko» jendearen manerez kexatzen zen, alabari sinetsarazi nahian airera botatzen zutela txistua, eta ez beren aurpegietara. Era horretako zertzeladekin kontatzen du Lordek bere haurtzaroa.
Nerabezaroan eta gaztaroan barrena, kontakizuna biziagotu egiten da: etxetik alde egin eta estudiatzera joaten da, baina, dirurik ez, eta lanean hasi behar du. Kanpora joaten da lanera, itzultzen da New Yorkera, Mexikora aldatzen da denboraldi batez... Lan prekarioak eta ikasketak ahal bezala uztartzen edo tartekatzen ditu, eta, bien bitartean, 50eko hamarkadako New Yorken lesbiana izatea zertan zen kontatzen du: maitaleak, gay eta lesbianen tabernetako giroa, sexua...
Liburuan aurrera, esperientzia erotikoek eta sexu enkontruek gero eta pisu handiagoa hartzen dute. «Inoiz maitatu izan dudan emakume orok marka utzi du nire barrenean», dio Lordek liburuaren hitzostean; haurtzaroko ama, nerabezaroko adiskideak, gaztetako maitale eta ohaideak, horiek denak emakume lesbianaren identitatearen funtsezko adreilu izan ziren Lorderentzat. Bizitzan ezagututako emakumeen segidatzat jo daiteke, neurri batean, liburu osoa.
Bikain kontatua eta dotore idatzia dago Lorderen biomitografia. Oso idazketa materiala, ukigarria du Lordek: abstrakzio gutxirekin lantzen du identitatearen gaia, gogoeta teoriko korapilatsuetan sartu gabe. Bakanetan aitatzen du zuzenean uki edo imajina ezin daitekeen ezer.
Haurtzaroko kapitulu batean, esaterako, orri bikain batzuk eskaintzen dizkio amaren motrailua bezalako gauza xume bati, eta segidan dotore lotzen zaio aurrenekoz hilekoa izan zuenekoa kontatzeari. Gorputza bera oso errealitate presentea da nobela osoan, haurtzaroko pasarteetan bai baina gaztaroan gehienbat, erotikaren aurkikuntza egiten duenean. Identitate pertsonalaren eraketa larruazalean hasten zaio Lorderi, eta, askoz harago ere badoan arren, larruazalean bertan bukatzen du beti.
Zami hitzaren esanahia hitzatzean bertan esplikatzen du: «Adiskide eta maitale gisa elkarrekin lan egiten duten emakumeentzako izen bat» omen da Grenadako Carriacou uhartean, gurasoen sorterrian. Zami izenaz gain, ordea, Audre ere bada bere izena idazteko beste modu bat, Audrey baitzen berez, eta umetatik erabaki zuen bukaerako hizkirik gabe idaztea. Horrekin guztiarekin, Lordek argi esaten du ezen norberaren identitatea, arrazak, klaseak eta abarrek ez ezik, azken-azkenean norberak forjatzen duela, eta norberak izendatzen.
Literatura
Audreren izena
Audre Lorde idazle estatubatuarrak urteurren bikoitza du aurten: hogeita hamar urte dira zendu zela, eta duela berrogei argitaratu zuen 'Zami', egileak «biomitografia» izendatu zuen generoko obra aparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu