Beste zinema jaialdi batzuetan aurkeztu diren eta oihartzuna izan duten filmen erakusleihoa izan ohi da Perlak saila, eta, aurten, Donostiako 72. Zinemaldian, hamahiru lan daude Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko hautagaien artean: Emilia Perez (Jacques Audiard, 2024), Bird (Andrea Arnold, 2024), Anora (Sean Baker, 2024), Megalopolis (Francis Ford Coppola, 2024), En fanfare / The Marching Band (Emmanuel Courcol, 2024), Memoir of a Snail (Adam Elliot, 2024), The Substance (Coralie Fargeat, 2024), All We Imagine as Light (Payal Kapadia, 2024), The Seed of the Sacred Fig (Mohammad Rasoulof, 2024), Ainda Estou Aqui (Walter Salles, 2024), Yeohaengjaui pilyo / A Traveler’s Needs (Hong Sangsooren, 2024), Oh, Canada (Paul Schrader, 2024) eta Parthenope (Paolo Sorrentino, 2024).
Cannesko 77. Zinemaldian epaimahaiaren saria jaso zuen Audiardek Emilia Perez filmagatik, eta lan horrek emango dio hasiera sailari. Halaber, Zoe Saldaña, Karla Sofia Gascon, Selena Gomez eta Adriana Paz antzezleek emakumezko aktore onenaren sari kolektiboa irabazi zuten. Istorioaren mamia narkotrafikatzaile mexikar transexual baten kontakizunak dira. Zinemaren munduan sona du egile horrek, sari ugari jaso baititu bere ibilbidean: batzuk aipatzearren, Dheepan filmari (2015) esker Urrezko Palma bereganatu zuen, eta Veneziako Mostran zuzendaririk onenaren saria eman zioten Les frères Sisters / The Sisters Brothers lanagatik (2018) —Perlak sailean izan zen urte hartan bertan—.
Halaber, Kapadiaren All We Imagine as Light pelikulak Cannesko Grand Prix saria eskuratu du aurten, epaimahaiaren sari nagusia. Lana aitzakiatzat hartuta, oroitzapen mingarriak ezabatzen saiatzen den erizain bat da protagonista: ustekabeko opari bat jasotzean, iraganeko zauriez gogoratuko da berriro. Zuzendariaren bigarren filma da, eta A Night of Knowing Nothing bere lehen lanak (2021) dokumental onenaren saria eskuratu zuen Frantziako jaialdian, Quinzaine des Cineastes sailean.
Cannesko epaimahaiak sari berezia eman zion Rasoulof zinemagilearen The Seed of the Sacred Fig lanari. Horrez gain, Prentsa Zinematografikoaren Nazioarteko Federazioak Fipresci garaikurrarekin saritu zuen. Teherango gatazka politikoan murgilduta dagoen epaile baten bizipenak kontatzen ditu filmak. Zinemagileak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen 2009an, Keshtzar haye sepid / The White Meadows pelikularekin. Eskuratutako azken saria Berlinaleko Urrezko Hartza izan da, Sheytan Vojood Nadarad / There Is No Evil lanari esker (2020).
Bakerren azken filma, Anora, Urrezko Palmaren irabazlea izan da aurtengo Cannesko jaialdian. Filmak oligarka errusiar batekin ezkonduko den Brooklyngo prostituta gazte baten gorabeherak azaltzen ditu. Zuzendariak hirugarrenez hartuko du parte Perlak sailean, aurrez The Florida Project (2017) eta Red Rocket (2021) lanekin izan baitzen bertan.
Coppolaren Megalopolis filma ere Cannesko sari nagusiaren lehian ibili zen. Oraingoan nagusitu ez den arren, bada zer esana zuzendariaren palmaresaz: sei Oscar sariren jabe da, bere ibilbideari egindako aintzatespena barne, eta Donostiako Zinemaldiaren 50. Urteurreneko Sari Berezia bereganatu zuen 2002an. Zinemaldiarekin jarraituta, Urrezko Maskorra beretu zuen The Rain People filmari esker (1969), eta Sail Ofizialean lehiatu zen Rumble Fish lanarekin (1983). Lehiaz kanpo ere sarritan parte hartu du Coppolak: 1974an The Conversation lana aurkeztu zuen, 1979an Apocalypse Now, eta 2002an The Godfather Part II.
Arnolden Bird filma ere Frantziako zinema jaialdian izan da, Sail Ofizialean. Nerabezaro bete-betean dagoen 12 urteko Bailey gaztearen abenturak ditu oinarri pelikulak. Zinemagileak hirutan jaso du Cannesko epaimahaiaren saria: 2006an Red Road lanarekin, 2009an Fish Tank-ekin, eta azkena, duela zortzi urte, American Honey pelikularekin.
Cannesen saritutako beste film bat The Substance da, Fargeateren azken lana: gidoirik onenaren saria irabazi zuen. Alter ego gazte, eder eta bikaina sortzen duen zelula banaketan oinarritzen da istorioa, eta Demi Moore, Margaret Qualley eta Dennis Quaid dira aktore nagusiak.
En fanfare / The Marching Band Courcol zinemagilearen hirugarren film luzea Cannes Premiere sailean estreinatu zen. Komedia bat da, eta hara-hona dabilen orkestra zuzendari bat du protagonista: seme bakarra dela uste du, harik eta anaiarekin topo egin arte. Courcolek aurrez eginak ditu beste komedia lan batzuk; Un triomphe (2020), adibidez —Europako Zinemaren sarietan komedia onena izan zen—.
Hong Sangsooren Yeohaengjaui pilyo / A Traveler’s Needs lana ere Perletako hautagaietako bat da. Berlinalen Zilarrezko Hartza bereganatu du aurten, publikoaren sari nagusia. Korean noraezean dabilen emakume frantses bat da istorioaren abiapuntua, eta Isabelle Huppertek hezurmamitzen du protagonista. Zinemagileak ez du lehen aldia izango Donostian: Zilarreko Maskorraren irabazlea da, Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours filmari esker (2016). Duela bi urte izan zen azkenezkoz, Top / Walk Up pelikularekin, Zinemaldiko Sail Ofizialean. Zabaltegi-Tabakaleran ere parte hartu zuen Geu-hu / The Day After (2017) eta Domangchin yeoja / The Woman Who Ran (2020) lanekin —azken horrek Zabaltegi Tabakalera sariaren aipamen berezia jaso zuen, Berlinen zuzendari onenaren Urrezko Hartza beretu ondoren—.
Schrader zuzendari eta gidoigilearen Oh, Canada azken filmak aurpegi ezagunak ditu protagonista: Richard Gere, Uma Thurman eta Jacob Elordi. Cannestik igaro da pelikula, eta bere bizitzari buruz egia osoa kontatzea erabaki duen dokumentalista baten pasarteak dira istorioaren gidalerroak. Schraderrek Yakuza (Sidney Pollack, 1975) eta Taxi Driver (Martin Scrosese, 1976) pelikulen gidoilaria da, besteak beste. Zuzendari gisa, Blue Collar lanarekin (1978) egin zuen estreinakoa, eta hain justu, 1982an, Donostia Zinemaldiko Auzoak eta Herriak sailean aurkeztu zuen. Bestetik, Klasikoak sailak haren Mishima: A Life in Four Chapters (1985) berreskuratu zuen 2019an.
Azkenik, Parthenope Sorrentinoren lanak osatzen du Perlen zerrenda. Cannesen estreinatu zuen epopeia femenino hori. Zuzendariaren E stata la mano di dio / The Hand of God pelikula (2021) Zinemaldiaren Hizketaldian atalean izan zen, Venezian Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu ondoren. Hona hemen Sorrentinoren beste lan batzuk: Il Divo (2008), Cannesen epaimahaiaren saria erdietsi zuena; La grande bellezza (2013), ingelesez besteko film onenaren Oscar sariaren irabazlea; eta Youth (2016), Europako Zinemaren hiru sari bildutakoa.
Hamahiru film horiek dira Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko hautagaiak. Bi sari banatuko ditu Zinemaldiak: bata filmik onenari emango zaio (50.000 euro), eta bestea Europako pelikularik onenak eskuratuko du (20.000 euro). Irabazleak filmaren lehen emanaldira joaten diren ikusleek erabakitzen dituzte.
Lehiaz kanpoko beste hiru 'perla'
Jon Garañoren eta Aitor Arregiren azken film luzeak itxiko du Perlak saila, Donostiako belodromoan, lehiaz kanpo. Marco pelikulako (2024) protagonista Enric Marco da, Eduard Fernandez aktoreak jokatua. Kontakizun erreal batzuetan oinarrituta dago istorioa: CNT Lanaren Konfederazio Nazionala sindikatuko Espainiako idazkari nagusia izan zen protagonista, baita Mauthausengo Amical elkarteko lehendakaria ere. Urte askoan hara eta hona ibili zen hitzaldiak ematen, komunikabideetan agerraldiak egiten, nazien kontzentrazio esparruetan preso egon bitartean bizi izandakoak kontatzen. Kontzentrazio esparruetan egondako biktimen eledun eta ordezkari bihurtu zen Marco, harik eta guztia gezurra zela jakin zen arte: bere biografiako datuak faltsutu zituen, Flossenburgeko (Alemania) kontzentrazio esparrutik bizirik atera zela frogatzeko. Abuztuaren 28tik irailaren 7ra izango den Veneziako 81. Zinemaldian estreinatuko da.
Euskal Herriko zinemagileek hirutan hartu dute parte Donostiako Sail Ofizialean: Loreak (2014), Handia (2017) —epaimahaiaren sari berezia eta Irizar saria— eta La trinchera infinita (2019) —zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eta gidoi onenaren saria—.
Horrez gain, Chris Sandersen The Wild Robot (2024) eta Tom Volfen eta Yannis Dimolitsasen Maria Callas: Letters and Memories ere lehiaz kanpo ikusi ahal izango dira. Lehena, animaziozko film bat da, uharte huts batean galdu ondoren antzarakume umezurtz bat adoptatuko duen robot bati buruzkoa; bigarrena, berriz, ez-fikziozko pelikula da, eta Maria Callas sopranoaren bizitzari buruzko bidaia intimoa azaltzen du.