«Ni-no, ni-no, ni-no, ni-no. Au, au, au. Estreinaldia. Ilusioa. Pun! U lalaaaaaa!». Hain zuzen ere, hizkuntza da Les Bobé-Bobè konpainiaren Dada ü Lala antzezlan laburraren gaia. Hizkuntzaren hutsaltasuna, zehazki. Diotenez, erabilera okerraren, errepikapenen eta mekanizazioaren ondorioz, esanahiz hustuta daudelako egunero darabiltzagun hitzak, eta, beraz, egoera hori gaindituko duen mundu bat irudikatu dutelako. Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara aktoreek taularatuko dute garai berri hori eszenan, Jason Guerra zuzendariaren gidaritzapean, eta sirena hots moduko horiek izango dira ahoskatuko dituzten lehen hitzak. Edo ia. Gebarak egin duen ñabarduraren arabera, esaten duten lehen gauza ez delako Velezek aipatutako hori —«Ni-no, ni-no, ni-no, ni-no. Au, au, au»—, baizik eta, erabat bestelako den beste hau: «Ni-no, ni-no, ni-no, ni-no. Pi, pi, pi». Igandean estreinatuko dute absurduarekin eta inkomunikazioarekin jolasten den antzezlana Loraldia jaialdiaren barruan. Bilboko Fundicion aretoan izango da hori, 19:00etan, eta Aitor Vinagreten Arma Tiro Pun antzezlan laburra ere ikusi ahalko du publikoak.
Dadaista da antzezlanak proposatzen duen unibertsoa, Velez de Mendizabalen hitzetan. «Komunikatzeko modu berri bat ekarriko duen garaia aurkezten diote bi emakumek publikoari. Dadaismoak bazuen antiarte kutsu hori, eta gureak ere orain arte egon den guztiaren kontra egiten du. Nekatuta daudelako pertsonaiak kanpotik datorren zarata komunikatibo horretaz. Jasotzen dugulako bla-bla-bla asko, eta horrek maiz horrek ez duelako ezer esan nahi, eta hitz egiteagatik bakarrik hitz egiten dugu».
Eta, beraz, hori bistaratzeko, eta, era berean, baliatzeko desegiten joango dira hitzak, antzezleen ahotan.
Hustutako hitzak
Baina Velez de Mendizabalen hitzetan, «erraz» ulertuko ditu aktoreak publikoak. «Askotan erabiltzen ditugun esaldiak identifikatuko dituzte, askotan oso modu mekanikoan errepikatzen ditugunak, hustuta bezala erabiltzen direnak». Eta adibide sorta aipatu du gero. «Zer moduz dena?». «Aupa». «Bai, bai, bai». «Zuk zer uste duzu?». «Ze eguraldi ona». «Hitz egingo dugu».
«Erabiliaren erabiliz, balioa galdu dute hitzek», azaldu du Guerrak. «Zamarik gabeak bilakatu dira. Esanahia galdu du 'askatasuna' hitzak, esaterako, edo 'amnistia' hitzak, edo 'feminismo' hitzak ere». Eta Gebarak borobildu du gogoeta. «Eta, beraz, antzezlanean, guk ere, hemendik aurrera, nahi dugun bezala erabiliko ditugu. Begira zer egiten dugun hizkuntzarekin, bada, abia dezagun garai berri bat, hori jada onartuz».
Sare sozialekin ere lotu du hizkuntzari buruzko gogoeta Guerrak: «Sare sozialek denari buruz iritzi bat izatera bultzatzen gaituzte. Denari buruz jakin behar dugu. Eta, gainera, iritzia eman beharra dugu. Eta, gero, iritzi horren arabera klasifikatuko zaituzte».
«Umore absurdoa» du obrak, Velez de Mendizabalen hitzetan, eta, algaraz ez bada, behintzat irribarrez irudikatu du Bilboko publikoa horregatik. Edonola ere, haien lana «oso fisikoa» dela ere zehaztu dute antzezleek. Gebara: «Gure motorra beti da gorputza, eta gorputzetik sortzen ditugu gero edo jolasak edo ideiak».
Gerraz, laburrean
Bestelako tonua izango du igandean taularatuko duten beste piezak. Izan ere, gerrari buruzkoa da Aitor Vinagret aktorearen Arma Tiro Pun antzezlan laburra. 2021ean estreinatu zuen pieza ACT jaialdian, eta Duri saria jaso zuen han. Obraren «gardentasuna, arreta, insistentzia eta indarra» nabarmendu zizkion epaimahaiak ordukoan, eta Seulgo Duri antzokian bere lana erakusteko aukera izan zuen antzerkilariak sari hari esker.
Vinagret baino ez da ageri eszenan obran, eta hitz gutxi ditu saioak. Eskuetan pistola, eskopeta edo metraileta modura darabilen patinete bat duela ageri da aktorea oholtzan, tiro, leherketa eta suntsipen onomatopeiak eginez.
Les Bobe-Bobe konpainiako kideak bezala, arabarra da Vinagret ere, eta behin baino gehiagotan aritu izan dira elkarrekin lanean. Lagunaren obra «oso fisikoa eta oso hunkigarria» dela zehaztu du, horregatik, Gebarak. «Pasada bat da».