Bere kontakizunetan, datarik ez du zehaztu izan ohikoan Pello Lizarraldek. Zenbait xehetasuni esker susmatu ahal izan du irakurleak zer garaitan gertatzen den istorioa. Argiantza nobela berria, berriz, 1982ko irailean kokatu du. Baina iraganean girotu badu ere, orainari begiratzen dio; garai bateko galerek gaur egungo egoera ulertzeko balio dezaketela iritzita idatzi du lana, baina nostalgiatik urrun. Ereinek plazaratu du.
Ramon Beitia da nobelako protagonista. «Ez da zinemazalea», zehaztu du idazleak, «baina 30 urte eman ditu zinema areto batzuk dituen enpresa batean». Gerentea da, kontuak eraman izan ditu, eta horretan jarraitzen du, erretiroa hartzeko garaia iritsi bazaio ere. Irabaziak beherantz doaz, eta bere lagun eta enpresaren jabeak negozioaren ardura semeari uzten dionean, harekin batera «beste garai bat» heldu dela jabetzen hasiko da. «Zinema aitzakia bat» baino ez da izan idazlearentzat, iraganeko gertaerek gaur egunean duten eraginaz hitz egiteko aitzakia bat. «Har nezakeen beste edozein enpresa mota, baina zinema aretoetako langile asko ezagutu izan ditut, ordukoak eta oraingoak, eta mundu hori hurbila zait oso». Beste mundu batzuen galerez ere ari da horren bidez, betiere oraina ulertzeko gako bila.
«Niri betidanik miresmen handia eragin izan didate zerbait gertatu orduko zergatik gertatu den hori, zer ondorio izango dituen eta zer etorriko den asmatzen dakitenek», azaldu du. Eta gehitu miresmen bera diela iragana aztertu dutenei, ikerketa horiei esker lortzen delako «galdutakoaren zati bat argitara ekartzea» askotan. «Konparazio batera, ikerle horietako askoren ustez, liberalismo ekonomikoak azkenaldi honetan ezarri duen sistema horren sorrera Reaganen eta Thatcherren garaietan hasi zen gauzatzen». Berak dio, baina, beti falta izan duela halako analisiak egiteko gaitasuna. «Uste dut garai hartan jakitun nengoela non bizi nintzen, zer gizartetan, zer nuen inguruan, baina nondik gentozen jakin arren, ez nintzen inoiz gai izan nora gindoazen asmatzeko. Nik oroitzapenak ditut, besterik ez».
Oroitzapenak, halere, «onenean ere mugarri huts» dira harentzat, eta saihetsezinak aldi berean. «Orainean finkatuta dagoenari ere, tarteka etorri egiten zaizkio, baina gainera, oraingo honetara nola iritsi den ulertu nahi badu, bilatu eta aukeratu egin beharko ditu». Bide horri segika hasi zen nobela idazten; orain inguratzen duen mundua «ulertu nahian».
Lehen lerroetan agertzen den irudi batetik abiatu zen, eta oroitzapenek lagundu zioten «mamira» iristen. Horien artean, gogora ekarri du nola 1980ko neguan, zinema aldizkari frantsesak erosten zituen lagun batek aipatu zion bideo izeneko tresna bat asmatu zutela, filmak etxean ikusi ahalko zirela, eta sinesgaitza egin zitzaiela. Adibideak balio du azaltzeko zinema dela «liburua zeharkatzen duen aitzakia edo eszenografia». Baina mamiaz aritzeko balio dezake galdu aditzak ere, «bi eratara jokatua», haren esanetan: «Sei egun irauten duen bidaia bat egin beharrean dagoen gizon bat dabil, galduta, gainbehera datorren mundu bat begien aurrean duela, eta sinetsi ezinik, ulertu ezinik begiratzen du galtzen ari den guztia. Latza da inguratzen zaituen munduaren agonia ikustea, eta datorren horretan zure arrastoa geratuko ote den ez jakitea».
Idazleak sumatzen zuen garai hartan «zinema desagertzen hasi zela», eta, sekula nostalgikoa izan ez den arren, uste du gizarte osoak galdu zuela zerbait. Eta ez zinemari lotuta soilik, beste arloetan ere bai, baina bideoaren etorreran ikusten du horren guztiaren seinale bat, «haustura izugarri bat» ekarriko zuen horren seinale bat. «Orduan ez genekien oso ongi zer etorriko zen; orain badakigu non bizi garen eta orduan hasitako hark zer ezarri zuen». Horregatik jo du atzera, oraingo «amildegia» ulertu nahian, «geroztik etorri dena orduan sortu zela» iritzita.
Nobelak, Argiantza beharrean, Ilunantza izenburua ere izan zezakeela azaldu du, kontzeptu bera adierazten baitute bi hitzek: argi oso ahula, edo argi oso ahula dagoen tokia. «Bata edo bestea aukeratu, iraganak itzultzen diguna ez da horregatik argituko». Haren ustez, «alferrikakoa litzateke urrun haietan gertatu zena berritzen eta edertzen hastea». Baina dena ez zela ederra izan jakinagatik, zaila zaio orduko guztiari itzuri egitea. «Irudipena dut orduan jasotako apur batzuk babes ona izan daitezkeela orain bizi dugun horri aurre egin eta argi pixka bat bilatzeko». Gaur egungo egoerari aurre egiteko elkarri begiratzeko beharra dagoela nabarmendu du.
Ahots ezberdinekin eraikia
Idazleak hasieratik izan zuen argi ahots ezberdinekin osatuko zuela testua. «Nahi nuen protagonistak bereak azaltzea, baina iruditzen zitzaidan oso inportantea zela erakustea gizon horrek zer irudipen ematen zuen; ahots gehiago behar nituen. Eta gero, beti nahi izaten dut hirugarren pertsona bat, denak bere lekuan jarriko dituena, eszenatoki bat emango diena denei». Idazkeran bere estiloari leiala izan zaio, eta zentzumenei garrantzia emanez deskribatu du protagonistaren bidaia.
Lizarralderen liburuetan «gauza handiak» gertatzen dira, baina «oharkabean» bezala, Iñaki Aldekoa editorearen ustez. Eta liburu berrian ere «mundu bat» jaso duela iruditzen zaio. Bizitzeko era baten amaieraz ari den neurrian, tragikoa ere badela esan du, baina hori ere modu berean kontatzen duela. «Drama txikiek osatzen dituzte tragediak askotan», gehitu du idazleak. «Nik uste dut aurreko mendearen bukaerak eta honen hasierak ekarri duen tragediarik handiena izan dela nekazaritzaren, herri txikien eta, oro har, gizarte horren desagertzea. Horrek oso ongi definitzen du zer gertatu den». Horri nostalgiaz eta erromantizismoz begiratzea, baina, «jasanezina» zaio idazleari.
Atzoko argia oraina ulertzeko
Pello Lizarraldek 'Argiantza' nobela plazaratu du. Zinema aretoen gainbehera aitzakia gisa hartuta, iraganari begiratu dio gaur egungo egoera argitu nahian; nostalgiatik urrun betiere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu