Atzeraka ibiltzen hasita, gelditu nahi ez

''C'est la vie' esaten dute zaharrek' Karlos Zabalaren helduentzako lehen eleberria da. Obrak atzeraka dabilen gizon bat du ardatz

Karlos Zabala idazlea,'C'est la vie' esaten dute zaharrek bere liburu berria eskuetan duela. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
«Anton Pla dut izena eta orain dela hiru aste bizkarra eman nion munduari». Karlos Zabalak argitaratu berri duen 'C'est la vie' esaten dute zaharrek eleberriaren lehen esaldiak ez du arrarotik ezer, printzipioz. Bakardade hautatuan edo inposatuan bizi izan diren pertsonaien inguruko literatur obrak ez dira gutxi izan, eta Pla delakoaren bakartzea ez litzateke aparteko kasua izango. Esanahi metaforikoari erreparatzea da hitzok irakurri eta berehalako joera, baina esaldi horretatik aurrera jarraitu ahala konturatuko da irakurlea oker dabilela: alegia, literalki ulertu behar duela bizkarra ematearena.

Anton Pla, berrogeitaka urteko gizon hondarribiar arrunta, atzeraka ibiltzen hasiko da goiz batean. Nahigabe egingo du lehenengo, baina, hortik aurrera, dena atzeraka egitea erabakiko du. Hori da Karlos Zabalaren eleberriaren muina: «Berezitasun» horrekin hasi eta hurrengo hiru asteetan nola bizi den kontatzen du obrak, hori egitera bultzatzen duenaren inguruan hausnartuz, eta hasitakoan hala jarraitzearen arrazoietan sakonduz. Hala ere, behin eta berriz ateratzen diren hari txiki askoz onduta dago narrazioa, egileak azaldu duenez.

Hamabost urtez aritu da Zabala istorio honi forma ematen, eta Elkar argitaletxeak publikatu du urte horietako lanaren emaitza. Atzeraka ibiltzen hasten zen protagonista zuten ardatz zirriborro guztiek, baina istorioaren garapena nabarmenki ezberdina zen; hasierako proposamena, esaterako, «ilunagoa» zela jakinarazi du egileak: «Azkenean, atzeraka zihoala, kamioi batek jo eta hil egiten zuen». Behin betiko narrazioaren bukaera ez du zehatz-mehatz iragarri nahi izan, logikoa denez, baina bermatu du behintzat ez dela eredu horretan bezala amaituko. Bukaerak bukaera, ideia orokorra «lehenengo momentutik» garbi izan zuela onartu du Zabalak, beste ideiekin gertatu ez zaiona. Hain zuzen ere, narrazioak eta ideiak pilatzen joan da idazlea, baina ez dute garapen garbirik izan orain arte. Ez da argitaratu duen liburuaren kasua: «Ideia hau askoz zehatzagoa izan da».

Nobela lehen pertsonan idatzia dago, baina Plaren ingurukoen erreakzioak ere agertzen ditu. Izan ere, Plaren «xelebrekeria» gorabehera, ohitzera helduko dira gertukoak: «Hainbeste errepikatuta, gauzak atzeraka egitea normala bihurtuko da, logikoa ia», azaldu du Zabalak. Areago, mundu osoko hedabideetan izango du oihartzuna Plaren egoerak. Elkarreko editore Xabier Mendigurenek ohartarazi du liburuak bitxikeria soila iruditu lezakeela, baina «sakontasuna» duela: «Xelebrekeria baten haritik tira egiten du, azken muturreraino».

Itzultzaile lanetan ibilia da Zabala, eta poesia eta haurrentzako literatura ere landu izan ditu, baina hau du helduentzako bere aurreneko eleberria. Zabalarentzat literatur sorkuntza «bazterreko arloa» dela adierazi du Mendigurenek, baina autorearen literatur uzta goraipatu du, halere, editoreak: «Azpimarragarria da zein elegante idazten duen. Itzulpenean trebatua dago, eta ez da askotan ikusten hain idazketa ona». Zabalaren estiloa autoreak berak xehatu du: «Neutroa, ulerterraza... Elkarrizketetan, estiloa desberdina da hitz egiten duenaren arabera. Batu dotore bat erabiltzen dut, ez oso ulergaitza». Oraingoan ere, idazketa mota eraginkorki erabilia izan da nonbait, irakurtzen hasi eta berehala «barre eta barre» hasi baitzen Mendiguren: «Gutxitan gertatzen da hori euskal literaturan. Eleberria umoretsua da, baina ezinegona ere sortzen du aldi berean».

Testuartekotasun ugaria

Trama original batek ardazten du Zabalaren 'C'est la vie' esaten dute zaharrek eleberria, baina, hala ere, hainbat literatur maisuek eginiko lanetatik edan du autoreak. Atzeraka doan gizonaren gaia pentsatzeko orduan, batik bat Italo Calvinoren obra bat eta Nathaniel Hawthorneren beste bat izan ditu inspirazio iturri. Calvinoren kasuan, haren Il barone rampante aipatu du Zabalak eragin literario gisa. Hartan, gazte bat aitarekin liskartzen da bazkalorduan eta, ondorioz, zuhaitz batera igo eta bertan geratuko da bizitza osorako. «Halako zerbait egin nahi nuen», onartu du Zabalak.

Bestalde, Hawthorneren Wakefield (Elkar, 2007) ere kontuan hartu du egileak. Ohiko egun batean, senar bat etxetik irteten da lanera, egunero bezala, emaztea agurtuta. Baina ez da itzuliko. Ez, behintzat, hogei urte baino gehiago igaro arte. Denbora tarte luze horretan aldameneko etxe batean hartuko du ostatu, eta handik bere etxea zen horretan gertatzen direnak zelatatuko ditu, erne-erne, itzultzeko ordua dela erabaki arte. Jorge Luis Borgesek «errealitatearen eta fantasiaren» arteko istorioa zeritzon Wakefield-i, eta eguneroko errutinaren haustura irudikatzeko beste modu bat zen, idazle argentinarrarentzat, Zabalak azaldu duenez. Hala ere, bereak bi obra horiek baino «helburu apalagoa» duela onartu du, baita «umore gehiago» ere.

Literatura unibertsaleko eraginaz gain, Zabalaren nobelak beste erreferentzia «asko» ditu. Esaterako, izenburuko C'est la vie esapidea Pulp Fiction pelikulako abesti batetik hartua da: hain zuzen, Chuck Berryren You Never Can Tell kantaren letran agertzen da esaldi hori. Liburuak mota horretako «aipamen asko»ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.