Bost urte diskorik kaleratu gabe igaro ondoren, Oroimenak erretzen (Gor) bildumarekin itzuli da Leihotikan. Talde moduan hemezortzi urte bete ditu, eta ibilbide osoan ondu dituzten hainbat abesti gogora ekarri nahi izan dituzte taldekideek, «zenbait bitxikeriarekin batera». Iraganera begira jarri badira ere, Leihotikan bizirik dagoela aldarrikatu nahi dute, eta taldeak aurrera jarraitzeko asmoa duela. «Esan nahi dugu hemen gaudela, ez garela joan, jarraitzen dugula, datorren urtean martxan jarri nahi dugula eta disko bat atera nahi dugula». Hala eman du Leihotikan-en asmoen berri Gorka Armendariz taldeko abeslariak. Disko berria datorren urtean kaleratuko dutela iragarri du, «udaberrirako, agian».
Oroimenak erretzen lanak 25 abesti biltzen ditu. Horietatik dozena bat inguru zaleek aukeratutakoak dira, taldearen webgunean egindako galdeketa baten ondoren. Horrekin batera, taldeak gordetzen zuen bestelako materiala ere bildu dute diskoan; «aurkitzeko zailak diren maketetako kantuak» eta argitaratu gabeko abestiak, besteak beste. «Denetarik dago, Leihotikan-en alde punka eta beste alde bat patxangeroagoa». Armendarizek dioenez, euren estiloa hardcore edo punk rockarekin lotuta badago ere, badaude bestelako doinuak ere: «Ska kutsukoak, atmosfera iluna dutenak, kañeroak eta melodikoak». Guztien koktelak «Leihotikan-en ibilbidea islatzen du», haren ustetan. Diskoan kolaboratu duten artistei esker «lan biribila» osatu dutela nabarmendu du.
2006. urtean ondutako Oroimenak erretzen abestiak eman dio izena bildumari. Kantu hori diskoan sartu ez badute ere, «egokia» iruditu zitzaien euren asmoak laburbiltzeko. Guztira bost disko eta bi maketa —bat etxean egina eta beste bat editatua— ekoitzi ditu orain arte Iruñerriko taldeak.
Kontzertua, urtarrilean
Leihotikan-eko kideentzat zaletasuna da taldean jotzea; ez dira profesionalak, ez da hori euren lana. Horregatik, beste gauza batzuei ematen diete lehentasuna. «Badirudi bolada batzuetan ez garela, baina gero berriro ateratzen gara. Dena dela, erritmo motel hau izango ez bagenu, ez genuke erritmorik izango». Urtebetean egin ohi dena egiteko «bi edo hiru urte» behar izaten dituzte, denbora aldetik mugatuta daudelako. Hori, ordea, ez da traba izan jotzen jarraitu ahal izateko. Oholtza gainera igotzeko gogoz dira, eta urtarrilaren 7an izango dute horretarako aukera, Atarrabian (Nafarroa), Hatortxurock jaialdian.
Atzera begira, aurrera jarraitzeko
Leihotikan taldeak 'Oroimenak erretzen' bilduma kaleratu du hemezortzigarren urteurrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu