«Orri honetan idatzita dudan lehenengo hitza Franco da». Iñaki Iturainek (Orio, Gipuzkoa, 1956) hitza hartu eta ziztuan ekarri du solasera Espainiako diktadore Francisco Franco, Donostian, bere lan berriaren aurkezpenean. Ez da izan liburuak Franco duelako protagonista bere horretan, baina, hala eta guztiz ere, ezin liteke ukatu hark ere baduela ikustekorik Iturainek idatzitakoetan. 1936ko gerran eta ondorenean kostaldeko herri batean gertatuak edo gerta zitezkeenak jaso baititu liburuan, batik bat. Halakoxeak izan zirelako susmoa dagoen pasarte batzuetatik abiatutako fikziozko narrazioak, bestela esanda. Zazpi eman ditu guztira, eta Erein argitaletxearekin argitaratu, Denboraren zubia izenburupean.
Iturainek estreinako aldia du fikziozko lan bat idazten. Edonola ere, editore Inazio Mujikak xehe esplikatu du idazleak ipuin liburua eman arte egin duen bidea, eta azalpen horretan iradoki du, hain zuzen ere, aurrez egin dituen lanekin guztiz bereizi ezinezkoa dela.
Izan ere, Iturainek Gerra bat barruan degula liburu historikoa eman zuen 2014an; batik bat, Orioko herritarrek 1936ko gudaz oroitzen zituztenak jaso zituen lan horretan, eta prozesu horretan bildutakoen oihartzunik bada orain plazaratutako ipuinetan. «Fikziora pasatu zaigu Iñaki [Iturain], baina hemen ere gerra da atzeko oihala, gerra antzeztokia, Orizar izena duen baina Orioren antza daukan herri asmatu batean».
Nola moldatu gudara
Idazleak aitortu duenez, gerraren gaiak aspaldi erakartzen du nabarmen. Kontatu du aita zena ere ibili zela gerra hartan —«zorionez, tiro bakar bat ere jo gabe itzuli zen etxera»—, eta beste askori ez bezala, hari gustatzen zitzaiola gerrako kontuak kontatzea. «Orduan aditutakoek erakarrita hasi nintzen ikertzen, eta horren ondorio izan zen 2014ko liburu hura. Nolanahi ere, sentitu nuen nire lana ez zegoela borobilduta». Dioenez, kontu asko gelditu zitzaizkion airean, argitu ezinik —«ordurako berandu zen, protagonistak hilak ziren denak»—, eta, denbora bat pasatuta, garbi ikusi zuen zein izanen zen zeuzkan galderei erantzuteko «modu bakarra»: literatura, fikzioa.
Ipuin bakoitzak bere protagonistak eta gertakariak ditu, baina badute ezaugarri komunik. «Protagonista ia denei gerra kanpotik etorri zitzaien, tsunami erraldoi baten antzera, eta ikusten da nola bakoitza saiatzen den egoerara ahal duen moduan moldatzen», azaldu du Iturainek. Giro hori agertoki harturik kontatu ditu etxeko balkoian irratia jartzen duten senar-emazteen istorioa, misio batekin herrira ailegatzen den emakume gazte frantsesarena, Asturiastik etorritakoarena, estropada egunerako ekintza bat antolatu nahi duen lagun taldearena eta beste. Dioenez, horien bitartez, erdietsi du halako egoera «tamalgarrietan» izan daitezkeen askotariko jokabideak islatzea. Izan baitziren, oroitu duenez, «egoera berriarekin» hobeki biziko zirela pentsatuta norberaren herrian gelditu zirenak, eta, bestela, izan baitziren deus gertatuko ez zitzaiela pentsatuta gelditutakoak, edo, kontrara, ahal bezain laster atera zirenak ihesi.
«Ez dira berdinak errealitatea eta fikzioa, historia eta istorioak, egiak eta egiantzak, edo pertsonak eta pertsonaiak. [Fikzioa idazten hastean] iruditzen zitzaidan gezurretan ari nintzela; kostatu zait neure burua konbentzitzea»
IÑAKI ITURAINIdazlea
Iturainek onartu du ez zaiola erraza izan kazetaritza generoetatik literaturara salto egitea. «Abiatu nintzen bide horretan, eraiki nuen zubitxo bat nire baitan, baina kostatu egin zait», adierazi du. «Ez baitira berdinak errealitatea eta fikzioa, ez baitira berdinak historia eta istorioak, edo egiak eta egiantzak, edo pertsonak eta pertsonaiak. Iruditzen zitzaidan gezurretan ari nintzela, eta ez da horrela, baina kostatu zait neure burua konbentzitzea». Bistan denez, egin zuen urratsa Iturainek azkenerako, baina ez bakarrik. Bidea egiten lagundu dioten zenbaiten izenak eman ditu, pozik eta errenkadan: Juan Luis Zabala, Lander Garro, Beñat Sarasola, Joseba Sarrionandia eta Anjel Lertxundi.
Liburuak biltzen dituen ipuinetan antzematen den kontaera goraipatu du Mujikak, bestalde. «Iñakik ederki daki bai narrazioak girotzen, bai pertsonaien harremanetan sakontzen, bai guztiari sinesgarritasuna ematen». Gainera, editorearen ustez, idazlea «bestela bezala» ari delako sentsazioa pizten da irakurri ahala. «Suabe-suabe aritzen da gauzak kontatzen, modu lau eta sinplean, transzendentziarik gabeko gauzak kontatzen ariko balitz bezala, nahiz eta transzendentzia handikoak ere badiren idatzita». Zehaztu du ahozkotasunari oso loturiko idaztankera ere badela Iturainena.