Alfred Hitchcocken pelikula hartan —Rear Window (Atzeko leihoa)—, protagonista behartuta dago, hanka puskatuta daukalako, etxetik mugitu gabe egotera, leihotik begira ordu luze eta aspergarriak pasatzera. Azkenaldiko beroaldi sapatsuak eraginda, jendea leihoak zabalduta, pertsianak igota bizi da, eta hainbesterainoko eraginez non batzuek balkoian bertan egiten duten lo inolako kezka edo lotsarik gabe. Protagonistak, argazkilari profesionala den James Stewart-ek, badu entretenimendu nahikoa aurre-aurrean dauzkan bizilagunen bizimoduan sartu eta kuxkuxeatzen hasteko. Horrela, familia zalapartatsuak, pertsonaia bakartien asperraldi eta mozkorraldiak, bikoteen sexu-kontu eta amodio desleialtasunak, engainuak, builak, musika zaratatsuak... eta baita heriotzak edo asasinatzeak ere gertu-gertutik ezagutu eta nozitzeko parada izango du gure argazkilari kuxkuxeroak. Ezin esan aparteko eta ezohiko egoera honekin gehiegi sufritzen duenik.
Nolabait, badago esatea oraintxe bertan gu denok antzeko egoera bat ari garela bizitzen, eta idazle garenok, gure lanagatik jakin-minaren esparruan eta, zehazkiago, kuxkuxeatze-putzuan murgilduta gaudenok, horrelako zerbait ari garela ezagutzen. Dagoeneko hasiak gara jasaten, eta nozitzen, auzokoen errituak, maniak, oihura istilutsuak..., eta seguru izan guregatik ere kontu paretsuak ariko direla esaten. Itxialdi honi hasiera eman eta astebete eskas joan denean ari naiz lerro hauek idazten. Badakit hori ez dela ezer, eta denbora luzean egon beharko dugula etxean entzerraturik. Hasieran bi asterako izango zelako esan ziguten, baina segur naiz hilabete barru ere oraindik etxe barruan jarraituko dugula. Gaitz erdi birus zitalak kolpatzen ez bagaitu. Sendo iraun behar bitartean etxe barruan. Diotenez, itxialdia amaitzen denean bikoteen banatzeak, liskarrak eta dibortzioak izugarri ugalduko omen dira. Alde ona, ordea, diotenez, sexu eta harreman aldetik jendea erosoago, solteago hasiko omen da mugitzen, frankismoaren diktadura amaitu eta sexu ohiturak guztiz liberatu ziren bezalaxe, hamar bat urtez, berriro ere beste birus batek, hies-ak, kasu honetan, ostera ere bortizki jendea kolpatu zuen arte. Ikusi egin behar.
Egun hauetan, denbora luzea dugu irakurtzeko, bi maisulan berrirakurri ditut: Boccacciok idatzitako Dekameron, eta Daniel Defoeren Izurrite-urtearen egunkaria. Defoek 1664 eta 1665 bitartean izurriteak kolpatutako Londres hiriaren gorabeherak kontatzen dizkigu liburu beldurgarri honetan. Deskribatzen dituen eszenak izugarriak dira benetan, jende kutsatua, hil arte, kalean ibiltzen zen, gorro zuri bat buru gainean eta oihal bat bilduta lepo inguruan. Eta gizartearekin betidanik lotuta doanez, era askotako portaerak, heroikoak eta doilorrak, humanitate handikoak eta pikaro gaiztoek erabili ohi dituztenak. Aberatsek alde egiten dute hiritik beren landetxeetan ezkutatzeko. Honekin lotuta, atentzioa eman dit irakurtzeak, Dekameron liburuan, protagonista diren zazpi neska eta hiru mutil gazte horiek, beren morroi eta zerbitzariekin, hiritik ihes bai baina soilik bi milia apartatzen direla Florentziatik, gaurko hiru kilometro eskas besterik ez. Egun esango genukeen moduan: harritzekoa nola ez diren denak kutsatu! Zorionez, medikuntzak gaur ez du zerikusirik garai beltz haietako sorginkeria eta sineskeriekin.
Iraun egin behar da, hortxe sekretua. Denbora pasa ahala, jendearen kemena eta itxaropena ahultzen joaten baita. «Epidemiaren amaieran, pertsonen bihotzak osotoro zeuden gogortuta, eta heriotza hain sarri zegoen euren begien aurrean non ez ziren jada batere kezkatzen lagunak hiltzen baziren ere, bai bazekiten handik ordubetera beraiek izango zirela hurrengoak». Bi liburu horietan kontatzen zaigunez, izurritea etorri den moduan joaten da, bat-batean eta inork jakin gabe jokaera horren zergatia. Gure kasuan, zergatia jakin ala ez, egiatan eskertuko genuke berehalaxe uxatuko balitz. Orain, etxean sartuta, asmo eder eta txintxo piloa ari gara egiten aterako garen unerako, badirudi guztiz itxuraldatuta kaleratuko garela, eta ontasun unibertsala edonon zabalduko dela beste birus ongarri bat jaio izan bailitzan. Egia bada, primeran! Hara, ordea, zer idatzi zuen Defoek bere liburu horretan: «Baina gaixotasuna pasatu zenean, karitatez beteriko espiritu on hori desagertu egin zen, eta gauza guztiak itzuli ziren antzinako egoerara». Izurrite-urtearen egunkaria liburuari amaiera hau ematen dio Daniel Defoek:
«Izurrite izugarria, Londres kolpatu zuena
mila seiehun eta hirurogeita bostean
Ehun mila arima eraman zituena,
baina ni... bizi naiz oraindikan!»
Ea laster batean gu denok gauza garen pasarte hori zertxobait aldatu eta beste testu hau jartzeko:
«Izurrite izugarria, mundu osoa kolpatu zuena
bi mila eta hogeigarren urtean
Arima ez asko eraman zituena,
gainera gu denok... bizi gara oraindikan!»
ERRESISTENTZIA KUTXA (IX)
Atzeko leihotik
Euskara eta euskal literaturako katedraduna da Joxemari Iturralde (Tolosa, Gipuzkoa, 1951). 1977an Pott literatur taldea sortu zuen beste idazle ezagun batzuekin batera. 1983an argitaratu zuen lehen liburua: Dudular. Narrazioz osatua zegoen lan hura, eta hurrengo urtean eman zuen lehen nobela: Nafarroako artizarra. Gerora, hainbat eleberri eta ipuin bilduma idatzi ditu —besteak beste, Euliak ez dira argazkietan ateratzen (2000), Hyde Park-keko hizlaria (2006), Ilargi horia (2012), Rasputin eta San Petersburgoko gauak (2013) eta Perlak, kolpeak, musuak, traizioak (2015)—. Jamaikako neska du orain arteko azken liburua —iaz eman zuen argitara nobela—. Haur eta gazte literaturan ere asko ibilitakoa da, eta itzultzaile oparoa ere bada. Euskal PEN Klubaren sortzaileetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu