Asteartean Bergako 1. Instrukzio Epaitegian (Bartzelona, Herrialde Katalanak) deklaratzera deituta zegoen Abel Azkona artista (Madril, 1988), bigarrenez, Amen izeneko pieza batengatik profanazio eta erlijio sentimenduen aurkako delituak egotzita. Piezan, ostia sagaratuak erabilita, Pederastia hitza osatzen agertzen da hainbat argazkitan. 2015ean jarri zioten salaketa lehenbizikoz pieza horregatik, baina Nafarroako Auzitegiak artxibatu egin zuen auzia. 2016an berriz salatu zuten, eta astearterako deituta zegoen auzitegira. Azkonak, baina, ez agertzea erabaki du. Sare sozialen bitartez jakinarazi du Lisboan dagoela, eta Portugalgo Gobernuak asilo politikoa eskaini diola. Hala ere, artistak itzultzeko asmoa du. Prozesu judiziala arte esperientzia gisa bizi nahi duela adierazi du: «Desobedientzia modu berri bat esploratu nahi dut».
Nondik dator zure egoera?
Auzi honi dagokionez, Iruñeko epaile batek 2017an esan zuen ez zegoela inolako deliturik, eta auzia itxi zuten. Baina astun hauek berriro ireki dute. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian aurkeztu zuten, eta, jakina, han ez zuten onartu, txantxatzat hartu zuten; ondoren, [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalera eraman zuten, eta han ere ez zuten tramiterako onartu. Azkenean, epaitegi arrunt batera eraman dute berriro, Bartzelonan, salaketa berarekin. Berez, ez luke baliorik izan behar, arte pieza bera baita. Baina monarkien, erlijioen edota gobernuen aurka aritzen garen artista eta sortzaileok munduan bizi dugun jazarpen egoeraren adibide bat da hau.
Zuk hasieratik erabaki zenuen epaitegian ez agertzea?
Bai, momentu batean erabaki nuen desobediente izatea eta desobedientzia ekintza artistiko gisa bizitzea. Desobedientzia ekintza horren barruan, lehenbiziko zitaziora ez joatea erabaki nuen, eta sare sozialetan publikatu nuen gutun luze batean hitz egin nuen desobedientziaz erabaki gisa, kokapen politiko gisa, bai eta giza eskubide gisa ere.
Orain, zein da zure egoera?
Gutun bat bidali zidaten esanez bigarren zitazio honetara agertzen ez banintzen bilatze eta atxilotze agindu bat jarriko zutela nire aurka, estradizioa eskatuz. Epaileak erabaki bat hartuz gero, jakinarazpen bat bidali beharko dit ni erroldatuta nagoen tokira; baina oraingoz ez dago ezer. Hala ere, protokoloz, bi zitazioren ondoren bilatze eta atxilotze agindua gauzatu behar da, ni deklaratzera behartzeko. Bestalde, [Espainiako] Abokatu Kristauen Elkarteak orain beste delitu batengatik jarri dit salaketa: justizia eragozteagatik.
Zu orain Portugalen zaude. Zergatik erabaki duzu han egotea prozesu honek iraun bitartean?
Bi arrazoirengatik nago Lisboan. Batetik, hemen erakusketa eta literatur proiektu batzuk ditudalako eta horietan lanean nagoelako, eta, bestetik, neure egoeraren gaineko kontrola izan nahi dudalako. Orain Bartzelonan banengo, egun batetik bestera atxilotuko nindukete, eta ezingo nuke ezer kontrolatu. Lisboan egonda, egoera kudeatu dezaket: atxilotze agindu bat heltzen denean, hura ikusi ahal izango dut, eta neure bizitzarekin eta gorputzarekin zer egin erabaki ahal izango dut.
Portugalek asilo politikoa eskaini dizula jakinarazi duzu.
Bai, publikoki esan dut Portugalek babesa eskaini didala, ezagutzera eman nahi dudalako hemen babes izugarria jaso dudala lehenbiziko egunetik. Gauzak ez direlako berdinak toki guztietan. Hala ere, sareetan zabaldu nuenean ez nuen pentsatzen hainbesteko garrantzia izango zuenik.
Zuk, halere, itzultzeko asmoa duzu, ezta?
Bai, ez dut asilo politikoa eskatzeko asmorik. Nire erabakia itzultzea eta nire lanarekin jarraitzea da. Eta bilatze eta atxilotze agindua gauzatzen bada, atxilotuko naute. Momentu horretan, bi aukera egongo dira: bat, ni atxilotzea eta deklaratu ondoren libre uztea; eta bi, ni atxilotua uztea, ihes egiteko arriskuarengatik.
Zer egingo duzu agindua gauzatzen bada?
Prozesu guztia proiektu performatibo bat izango da, neure burua ahalduntzeko prozesu bat. Prozesu historiko-politiko eta sozialak aztertu ditut, zeintzuetan isiltasuna erresistentzia tresna gisa erabili izan duten. Horietan oinarrituz, ni atxilotzera datozenean, erresistentzia pasiboa egingo dut, eta, behin atxilotzen nautenean, desobedientzia pasiboa egingo dut, isiltasunaren bitartez. Abokatuak esan dit inork ez duela halakorik egin inoiz, ez dagoela ez erreferenterik ez jurisprudentziarik jakiteko zer gertatuko den.
Isiltasunarekin erantzutea, beraz, prozesu artistiko baten barruan dago?
Uste dut, berez, desobedientzia prozesu bat dela. Baina desobedientzia egiten duen pertsonak espiritu sortzailea baldin badu, noski, prozesuak zentzu sortzailea hartzen du. Alegia, ekintzak beste esanahi bat izango du nire izaera dela eta. Interesgarria iruditzen zait jurisprudentzia sortzea: Poliziaren aurrean, ziegan eta epailearen aurrean ezer ere ez esatea. Zer gertatzen da deklaratzera behartzen zaituztenean ez baduzu ezer esaten? Hori esploratu nahi dut. Desobedientzia modu berri bat esploratu nahi dut. Uste dut bide bat dela sortzaile gisa ahalduntzeko; diskurtso politiko bat sortzeko.
Abel Azkona. Artista
«Atxilotzen nautenean, desobedientzia pasiboa egingo dut: isiltasuna»
Performance batean ostiekin 'pederastia' hitza jartzeagatik epailearen aurrean deklaratzeari uko egin dio Abel Azkonak, bigarrenez. Prest dago atxilotze agindua heltzen denean jarrera artistiko batekin erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu