«Hau da gure sari nazionala». Hitz horiekin nabarmendu zuen atzo Euskadi sarien garrantzia Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilariordeak. Aurten ez da nazionalago, baina bai sariago. 2010az geroztik idazleak edo argitaletxeak aurkeztu behar izaten zuen bere lana sariketara, baina aurten iazko produkzio osoa kontuan hartuz aukeratu ahal izan du lanik onena epaimahaiak. Eta egin dute hautua: Bernardo Atxagak idatzitako Nevadako egunak (Pamiela) hibridoa izan da 2013ko libururik onena. Idazleak AEBetan egindako egonaldia du abiapuntu lanak, eta memoria, ametsa eta fikzioa uztartu ditu. Arrazoitu du epaimahaiak erabakia: «Hitzaren magia dario Bernardo Atxagaren prosari liburu honetan». Iñigo Roque itzultzaileak eraman du itzulpengintzako Euskadi saria, eta Idoia Estornes idazleak jaso du gaztelerazko literaturarena.
Antonio Lobo Antunes idazle portugaldarraren Gauzen ordena naturala lanagatik jaso du saria Roquek. Epaimahaiaren hitzetan zergatia: «Jatorrizko testua bihurri halakoa da, zailtasun formalak izan badira, erronka handia izan du itzultzaileak eta ederto gainditu du [...], hartu behar diren arrisku eta libertateak erabiliz». Literatura unibertsala sailean argitaratu dute lana, Alberdania-Erein eta Igela argitaletxeen elkarlanez.
Cómo pudo pasarnos esto liburuagatik eraman du Estornesek gaztelerazko libururik onenaren saria (Erein). Memoria liburu bat da funtsean. «Liburu garrantzitsua, zorrotza eta aurreiritzirik gabea», epaimahaiaren hitzetan.
18.000 euro jasoko ditu saritu bakoitzak, eta sorkuntza lanek 4.000 euroko laguntza izango dute beste hizkuntzetara itzultzen badira. Hurrengo ostegunean jakinaraziko dute zein diren gainontzeko Euskadi sarien irabazleak, eta azaroaren 10ean banatuko dituzte sariak.
Atxagak irabazi du Euskadi saria, 'Nevadako egunak' eleberriagatik
Iñigo Roquek jaso du itzulpengintzako Euskadi saria, Lobo Antunesen 'Gauzen ordena naturala' liburuan egindako lanagatik, eta Idoia Estornes idazleak jaso du gaztelerazko literaturakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu