Radu Jude. Zinemagilea

«Atsegin ditut denbora kapsula bihurtzen diren filmak»

Pertsonaia maskaradunak erakutsi ditu 'Bad Luck Banging or Loony Porn' filmean, pelikula bere garaiarekin lotzeko asmoz. Garbi mintzo da bere lanen oinarri politikoaz.

IÑIGO ROYO.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Mende aldaketarekin batera Errumaniako zinemagintza berritu zuten ahotsetako bat da Radu Juderena (Bukarest, 1977), jaialdien zirkuituan aski ezaguna gaur egun. Iaz, Urrezko Hartza irabazi zuen Berlingo Zinemaldian Babardeala cu buclucsau porno balamuc filmarekin (Bad Luck Banging or Loony Porn). Ia hilabeteko egonaldia egin berri du Donostian, Elias Kerejeta Zine Eskolak gonbidatuta, ikasleekin egoteko eta bere film berria prestatzeko. Etxera itzuli bezperan elkartu da BERRIArekin; ez zaio nekerik igartzen, hizketarako berezkoak dituen bizitasunari eta trebeziari esker.

Zer moduzko egonaldia izan da?

Zoragarria. Dena gustatu zait: hiria, jendea, janaria, Tabakalera, eskola, ikasleak, irakasleak, itsasoa... Tira, eguraldia... erdipurdi.

Ondo moldatu zara ikasleekin?

Oso ondo, libre aritu naizelako. Ariketak proposatu dizkiet, eta testu bat ekarri dut, haiek interpreta zezaten. Nire argazki zuzendaria hemen izan da, Marius Panduru, eta harekin aritu dira filmatzen. Izan ere, uste dut zinema eskola batean praktikatu egin behar dela. Kontserbatorioetan egunero jotzen dute biolina, arte eskoletan egunero margotzen da, baina zinema eskoletan ez da egunero filmatzen. Zergatik ez?

Zertan aritu zara asteotan?

Film bat prestatzen ari naiz. Norbanakoen eta enpresa handien arteko lan harremanei buruzko film bat izango da, Errumanian kokatua; egitura askea izango du, ez batere tradizionala. Irailean gara filmatzekoak. Lan asko egin dut: castingak Internet bidez, gidoia errepasatu... Hasieran beste gidoi bat ere idatzi nahi nuen, baina ezin izan dut. Tira, agian egin nezakeen, baina nahiago nuen hondartzara joan; horrek gehiago laguntzen dio lanari.

Urrezko Hartza irabazi izanak erraztu egingo dizu lana?

Ba, finantzaketa ukatu berri didate Alemanian; beraz, ezin esan. Bi hilabetean jakingo dut hori, toki askotan eskatu baitugu laguntza. Denek esaten zidaten: «Ikusiko duzu, Urrezko Hartzaren ondoren oso erraza izango da dena...». Ikusiko dugu, ikusiko dugu. Lehena ukatu egin didate, filma lokalegia delako, haien ustez. Zer arrazoi ergela.

Aurrekontu handiagoa izango duzu?

Ez, aurrekoak baino txikiagoa izango du seguruenik. Uste dut [Luis] Buñuelek esan zuela Hollywoodekoen kirtenkeria dela film bat egiten duzunean hurrengoak handiagoa izan behar duela, hurrengoak are handiagoa eta horrela. Berak kontrakoa egin nahi zuen, eta nik ere bai.

Bad Luck Banging or Loony Porn filmatzean, ez zenuen pandemia ezkutatu.

Hori gertatzen ari zen. Film garaikide bat egin nahi nuen, garai hartako arazo bati buruzkoa, batez ere film historiko batzuk egitetik nentorrelako. Pandemia hasi zenean, pentsatu nuen hori istorioa kokatzeko beste elementu bat zela. Batetik, aktoreak babestu nahi nituen, eta, nagusiki, gogo antropologiko edo soziologiko bat nuen, pandemia garaiaren ezaugarriak aztertzeko nahia.

Zergatik?

Zinemagile askok esaten dute nahi dutela beren filmek irautea, beti freskoak izatea, denboraz kanpokoak... Nik kontrakoa nahi dut. Film batzuk beren garaiari buruzko dokumentalak ere badira: nouvelle vague-ko filmak ikusten dituzunean, edo Victor Erizerenak, garaia ere ikusten duzu; adibidez, 1990eko urteak, El sol del membrillo-n. Atsegin ditut denbora kapsula bihurtzen diren filmak. Beste batzuek film garaikideak egin dituzte, baina pandemiaren zantzu guztiak kenduta. Ez dut ulertzen hori.

Gainera, maskara baliatu duzu istorioa kontatzeko.

Bai, interes antropologiko horrengatik. Pandemia iritsi zenean, mezuak agertu ziren maskaretan: esaldiak, markak, koloreak... Bakoitzak berea zuen. Filmean sinbolo bat bihurtu zen, gauza asko adierazten dituelako: haren atzean ezkutatzen zara, baina zerbait erakusten duzu aldi berean.

Historiari buruz egin dituzun lanetan ere nabarmena da egungo eztabaida politikoei eragiteko asmoa, zentzu zabalean. Garrantzitsua da hori?

Filmek askotariko formak eta bideak har ditzakete, baina uste dut guztiek dutela politika beren barnean. Eztabaida hori izan nuen adiskide on batekin; antzerki zuzendaria da bera, eta esan zidan ez zaizkiola nire filmak gustatzen, politikoegiak direlako. [Anton] Txekhoven Duel moldatzen ari zen, maitasun eta adulterio istorio bat, eta esan nion hori ere politikoa zela. Eta berak ezetz. Ba, hartu, eta saiatu emanaldi bat egiten Saudi Arabian: orduan ikusiko duzu zeinen politikoa den.

Ezinegon bat ere sumatzen da zure filmetan, garai ilunen mehatxuak eragindako sumin bat. Horrelakorik sentitzen duzu?

Beldur hori beti dago hor. Begira iezaiozu [Vladimir] Putini, Ukrainako inbasio izugarri eta justifikaezin horrekin. Errumania mugakidea da, eta beldurra ikusi nuen han. Etsigarria da. Gerra hasten denean, beste guztiak ez du garrantzirik: zinema, artea, musika... dena alferrik da errefuxiatuak Bukarestera iristen ikusten dituzunean. Beti izan da horrela, baina gertutik ikusteak ezkorrago egiten zaitu.

Nabarituko zenuen distantzia...

Hona etorri aurreko egunetan ezin izan nuen lanik egin; lagundu nahi nuen, eta albistegia ikusten nuen ero moduan. Eta hemen inor ez zen ari gerraz. Oso gizatiarra da. Errumaniako esaera zahar batek zera dio: «Alkandora azaletik gertuago dago jaka baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.