Ostiralekoa. Aitor Huizi eta Josune Arakistain. Huntza taldeko kideak

«Atseden hartzeko eskatu digu gorputzak»

Bederatzi urteko ibilbide oparo baten ondotik, «etenaldi mugagabea» iragarri zuen atzo Huntza musika taldeak. Badute amaiera data: 2024ko otsailaren 3a. Egun horretan joko dute azken kontzertua, Bilboko Miribillan.

JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun

Unibertsitateak eta Bilboko Somera kaleak batu zituen sei gazte orain bederatzi urte. Aurrez musikan arituak denak. Nork bere musika tresna eskuetan hartuta entseatzen hasi, eta taldea eratu zuten: Huntza. Berehala hasi ziren kantuak konposatzen, eta taldea sortu zuten urte berean kaleratu zuten aurrenekoa: Harro gaude. «Kantu horrek ateak ireki zizkigun ondoren sortu ditugun diskoak egin eta kontzertuak emateko», oroitu du taldeko trikitilari eta abeslari Josune Arakistainek. Txikitik hasi baziren ere, denbora gutxiren buruan heldu ziren arrakastaren gorenera. Izan ere, ondoren zetorren diskoaren aurrerapen gisa, Aldapan gora abestia izan zen plazaratu zuten aurrena. Aski ezagun egin zen kantua, hamahiru milioi ikustaldi baino gehiago izan baitzituen. Justuki, kantu hura grabatu zuten mendi berean iragarri zuten atzo taldearen agurra. «Bide orok nekea ere eragiten du aldapen gorabehera horretan. Arnasa hartu eta indarberritzeko astia behar dugu orain».

«Taldekide guztion arteko erabakia izan da», argitu du Arakistainek. Kontatu duenez, elkarrekin egindako afari batean hartu zuten erabakia: «Denok geunden ados; denok geunden puntu berean; hori izan da erabakia hartzearen onena eta errazena». Sei taldekideak batu ziren afari hartan: Arakistain bera, Uxue Amonarriz (panderoa eta ahotsa), Aitor Huizi (biolina), Aitzol Eskisabel (gitarra), Inhar Eskisabel (baxua) eta Peru Altube (bateria). Huizi: «Talde bezala pena handia sentitzen dugu; familia bat sortu dugu seion artean, eta familia bat izaten jarraituko dugu. Ez dakigu behin betiko agur bat izango den, ez dakigu Huntza itzuliko den oholtzetara, baina beharrezkoa zaigu atseden hartzea, berandu baino lehen». Biolin jotzaileak metafora batekin ilustratu du hartu duten erretiroa: «Gorputzeko operazio baten antzeko zerbait da: badakigu min egingo digula momentuan, baina osasunaren mesedetan izango da».

Bederatzi urtez zabaldu dute euren musika Euskal Herriko oholtzetara. 250 kontzertu inguru eman dituzte gaurdaino, 30 kantutik gora sortu, eta baita bost disko argitaratu ere. Ertzetatik izan zen egin zuten lehendabizikoa, eta hamabi kantu jaso zituzten bertan. Lana kaleratu bezain pronto, «kalejira izaerako» abestiak zirela azaldu zuten, nahiz eta «bals ukitu bat» ere bazuen diskoak. «Hainbat erritmo eta izaeratako kantuak dira; trikiti mundutik sortutakoak diren arren, beste oinarri bat jarri diegu gure instrumentuekin», zioten orduan. Lana Euskal Herriko zenbait oholtzatan aurkeztu ondotik, gainera, kontzertu bira bat egin zuten Japonian, Ertzetatik tour izenburupean.

Lumak izeneko EPa kaleratu zuten handik urtebetera. Bi kantu ditu Elurretan eta Zer izan, eta, hain zuzen, Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartearekin batera egindako proiektu bat izan zen hura. Disko horren gisako beste EP bat argitaratu zuten handik gutxira: Lasai lasai.

2018an publikatu zuen taldeak bigarren disko luzea: Xilema. Publikoari eta, kontzertuz kontzertu, ordura arte zeharkatuak zituzten herri guztiei egin nahi izan zieten keinu izenburu horrekin. Landareen zainak dira xilemak, eta, hain zuzen, metafora gisa baliatu zuten kontzeptua: bi urte lehenago taldeak bat-batean izandako oihartzun zabalaren ondotik ordura arte egin zuten prozesuaren metafora gisa.

2020ko bira ere antolatuta zeukaten, baina bertan behera utzi behar izan zuten pandemia zela medio. Pandemiak ez zien, baina, arrakastarako bidean oztoporik jarri. Izan ere, urte horretako udaren amaieran hiru abesti grabatu zituzten Euskadiko Orkestrarekin batera: Aldapan gora, Olatu bat eta Lasai lasai. Arrakasta handia izan zuten kantu horiek ere.

Orain bi urte kaleratu zuten azken diskoa: Ezin ezer espero. Melodia aldetik, azken hori izango da, ziurrenean, disko guztien artean desberdinena. Huntzakoek sortutakoak dira kanta guztiak, eta Ekaitz Goikoetxeak idatziak dira kantu horietako batzuen hitzak —17:21, Izan nahi dut, Poema nekatu bat eta Agur Itaka—. Bi kolaborazio ere baditu. Kataluniako Doctor Prats taldearena da bata, Haizeak abestian, eta Julieta Venegas abeslari mexikarrarena bestea, 17:21 kantuan. Trikiti hotsak, rocka, folka eta pop doinu biziak uztartu zituzten disko hartan. Arakistainek zera kontatu zuen diskoa kaleratu zutenean: «Pandemiak kantuen sorkuntza bete-betean harrapatu gintuen, eta gelditzeko une bat izan da guretzat, hausnartzekoa, gutaz zer espero zen eta zer ez zen espero aztertzekoa, barrura begiratzekoa, eta nahi genuena sortzeko momentua. Eta nik uste dut lortu dugula talde bezala barrura begiratzea, eta horrela, espero gabe atera dira diskoko abestiak. Kanta hauen berezitasuna hau da».

Espero, gutxik esperoko zuen Huntza desegiterik, baina atzo goizean iragarri zuten sareetan taldearen agurra. Pozarren begiratzen diote Huizik eta Arakistainek egindako ibilbide oparoari, nahiz eta «pena handia» sentitzen duten hain maitea duten ibilbide bati amaiera eman behar diotelako. Honela azaldu du abeslariak: «Guretzat ez da erreza bidea etengo dugula esatea. Baina atseden hartzeko eskatu digu gorputzak».

Bidean jende asko ezagutu dutela dio abeslariak, baina nabarmendu du zaleak direla oholtza gainean hainbeste gozatu izanaren erantzule. «Haiek izan dira gure bidearen ederrena, eta gehien asebete gaituena».

Bat dator harekin Huizi. «Haingatik ez balitz, ez geundeke hemen, noski. Baina egia da guk ere asko ikasi dugula elkarrekin; bai musikalki, eta baita pertsonalki ere. Ez dakit zer eman diegun Euskal Herriko plazei, baina guri, behintzat, izugarri eman digute».

Hitzokin hunkitu da Arakistain. «Poza da, e?», argitu du irribarre batez, malkoak xukatuz. «2014ko gazte haiek ez lukete pentsatu ere egingo honaino irits zitezkeenik». «Inola ere!», gehitu du Huizik, «Pentsa: Ertzetik atera genuenean, gure familiakoei eta lagunei banatzeko disko xume bat izango zela uste genuen, eta begira nola amaitu dugun: Julieta Venegasen kolaborazioarekin». Hori esan, eta barre egin dute biek segidan.

Hainbat belaunalditako jendea zaletu da haien musikara bederatzi urte hauetan, eta, hain zuzen, horren erakusle dira atzo taldeak bere agurra iragarri eta minutu gutxira jarraitzaileek sareetan idatzitako samin hitzak: «Huntza taldea desegin da; egun tristea da gaurkoa»; «galera handia da Huntza desegitea»; «Huntzak, gehien gustatzen zitzaidan euskal musika taldeetako batek, oholtzak utziko dituela iragarri du». Gisa horretako mezuak izan ziren atzo sareetan.

Nolanahi ere, Huizik jakinarazi du ez dutela «inola ere» musika utziko. «Taldekook bagabiltza musikarekin lotutako beste hainbat saltsatan, eta ez diogu hori egiteari utzi nahi. Beraz, ziur nago ez diogula berehalakoan ihes egingo oholtzari». Arakistainek, esaterako, «bide berriak miatzeko asmoz», Sunday kantua kaleratu zuen iazko ekainean Sune ezizenarekin. Zera argitu du: «Sunerekin hasi izanak ez du ekarri Huntza uztea, inola ere. Musika estilo hori probatzeko gogoa nuen, besterik gabe; bi proiektu desberdin dira».

«Ahaztezina izango da»

Taldearen desegitea atzo iragarri zuten arren, urtebete dute oholtza gainak euren musikaz betetzeko. Izan ere, bihar bertan joko dute Durangoko Landako gunean (Bizkaia), 40 Minutu Rock jaialdian. Urduri dagoela onartu dute biek. Huizi: «Ez dakit zer aldarterekin egingo dugun, ezta nola egongo den publikoa bera ere, baina egingo dugu, eta zoragarria izango da, seguru».

Hala ere, biharkoa ez da izango Huntzaren azken kontzertua. Are, taldearen agurrak badu data dagoeneko: 2024ko otsailaren 3a. Egun horretan kontzertu berezia eskainiko dute, Bilboko Miribillan. Taldekideek aurreratu dute gonbidatu ugari izango dituztela oholtzan lagun, nahiz eta horien «zerrenda luzea» aurrerago jakinaraziko duten.

Azkena balitz bezala. Hala izendatu dute azken kontzertu hori. «Erraldoia izatea nahi dugu; geure jarraitzaileekin eta gertuko guztiekin batuko gaituen zerbait». Horixe desio du Huizik. Behin egun hori pasatuta, baina, ez dute Huntzaren musika desagertzerik nahi: «Argiak itzaltzean piztuta jarrai dezala Huntzaren musikak, plazak eta kaleak, tabernak eta gaztetxeak, etxeak eta barrenak dantzan jartzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.