Donostia Europako hiriburutzaren atarian da. Mikel Egileor freelance kazetari ohia ikertzaile dabil orain. Hiriko gazte baten desagerpena ikertzeko enkargua eman diote. Egileorrez gain, ordea, Ertzaintza ere atzetik dabilkio gazteari, Europako kultur gertakari handia hondatu eta galarazi nahi duelakoan. Hori du abiaburu, hori du atmosfera eta testuinguru Eneko Aizpuruaren Lehertu da festa hirugarren nobelak. Aurrekoetan bezala, Erein argitaletxearen Uzta Gorria sailean argitaratu du, eta, aurrekoak bezala, Mikel Egileor du protagonistatzat. Errauts eta Herensuge gorriaren urtea izan ziren aurreko bi eleberriak.
Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzaren testuinguru eta girotzea ez ditu alferrikako hautaketa Aizpuruak. Intentzio garbiz egin baitu. «Europaren ideia asko interesatzen zaidalako. Europa inoiz baino beharrezkoagoa dugula uste dudalako, eta Europaren aldarria ere egin nahi dudalako». Donostiaren kultura hiriburutzak lotura gutxi du Europaren ideiarekin, ordea, egilearen iritzian: «Austriako telesail bat dakarkit gogora. Telesail horretan, gatazka izugarriak dituzte herritarrek; zor izugarriak ditu herriak, eta alkateari zer bururatuko, eta Ama Birjinaren agerpen bat antolatzea, turistak erakarri eta etekin ekonomikoa ateratzeko, hor sortzen den masa fenomeno horri esker. Hemen, Ama Birjina ez, baina kultur hiriburutza zerutik jatsi dela dirudi Donostiara; noiz jaitsiko, gainera, eta Europar Batasuna behea jotzekotan dagoenean, brexit-arekin, etorkinen krisiarekin...». Kultur hiriburutza ospatzen den urtean «Europaren ideia umezurtz» geratzen da, Aizpuruak dioenez. «Egiaz, hemen oso jende gutxiri interesatzen zaio Europa eta haren ideia. Ideia horren inguruan eztabaida sakonik ez dut inon ikusi, eta eztabaida hori sustatzeko idatzi dut nobela hau».
Nobelan, atentatuen psikosia hiriko bazter guztietan hedatuko da.«Agintariek segurtasun neurriak indartu dituzte, baina inork ez daki zer gertatuko den hurrena». Liburua hasi aurretik agertzen diren bi aipuek ematen dute pistarik nobelaren nondik norakoaren inguruan. Lehena Joxe Bizente Etxegarai donostiar idazlearen Festarik behar bada izeneko bertso famatua da: «Festarik behar bada, bego Donostia!/ Betikoa du fama ondo merezia./ Bestetan ez bezala hemen gaztedia/ amaren sabeletik dator ikasia». Bigarrena, Guy Debord pentsalari frantsesaren La Société du Spectacle liburutik aterea da: «Dans le monde réellement renversé, la vrai est un moment du faux». (Benetan alderantzikatutako mundu batean, erreala faltsuaren une bat da).
Paisaiak protagonista
Oso bestelako giro eta paisaiak ditu ardatz Urt Zubiaurreren Izenik gabeko lurrak ipuin liburuak. Hainbat ipuin lehiaketatan (Atarrabia, Lasarte-Oria, Gabriel Arestiko accesita...) sariak lortu ondotik, estreinako liburua kaleratu berri du Zubiaurrek Ereinekin. «Ez genion bere idazketari arreta jarri sariketak irabazteagatik, baizik eta ipuinok irakurri bezain pronto nabaritu genuelako bazuela marka bat, estilo bat. Eta ipuinekin hori lortzea ez da hain erraza», nabarmendu zuen Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko arduradunak aurkezpen ekitaldian. Liburuak hemezortzi ipuin dauzka, eta «gaiak, tamainak, estiloak eta, batzuetan, euskalkiak ere diferenteak dira», Zubiaurreren beraren hitzetan. Abiapuntuak ere «zeharo desberdinak» dira: «Adibidez, eskola baten atarian bi pertsona hizketan ikustea. Edo miresten dituzun bi filosoforen arteko topaketa sekretua. Edo jada trenak geratzen ez duen geltoki zaharra. Edo bizkarreko min bat, hilabeteetan sekulako lana ematen dizuna, eta bat-batean, goizetik gauera eta esplikaziorik gabe, desagertu egiten zaizuna».
Paisaiak ondo islatzeko eta psikologikoki eraginkorrak izan daitezen, ibilaldi ugari egiten zituen Zubiaurrek,haietako asko mendi eta basoetara: «Basoak ere balio dezake sortu nahi izan dudan efektuaren metafora gisara. Irakurlea basoan sartu eta bertan galduta uztea gustatzen zait; ez diet amaiera bat eskaintzen. Galderak daude, baina erantzunak irakurle bakoitzak bilatu beharko ditu ipuin bakoitzaren amaieran».
Atmosfera literarioen jolasa
Eneko Aizpuruaren 'Lehertu da festa' hirugarren lana eta Urt Zubiaurreren 'Izenik gabeko lurrak' estreinakoa plazaratu ditu Erein argitaletxeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu