«Abangoardista», «kosmopolita», «hara-honakoa», «diziplinartekoa», «esperimentala», «ausarta», «askea». 1936ko gerraurreko euskal artistarik esanguratsuenen artean dago Antonio Gezala (Bilbo, 1889-1956), eta luzea bezain askotarikoa izan da, horregatik, Miriam Alzuri Arte Ederren Bilboko Museoko Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzaileak hura deskribatzeko baliatutako adjektibo zerrenda ere. Familia diruduneko semea izanik, arte merkatutik kanpo egin zuen bere ibilbide osoa, eta beti jarraitu ahal izan zion arte adierazpiderik berrienak entseatzeko grinari. Euskal Artisten Elkartearen sortzaile izan zen 1911n. Hiriko kultur bizimoduaren sustatzaile izan zen. Eusko Jaurlaritzaren eskuetan ziren artelanak babesten lagundu zuen 1936ko gerra piztean. Eresoinka proiektua sustatu zuen erbestealdian. Eta pintura utzirik zuenean itzuli zen, azkenik, 1950eko hamarkadan Bilbora. Haren figura sakonago ezagutzeko aukera eskainiko du aurrerantzean Bilboko Arte Ederren Museoak, eskuratu berri duen artistaren lanen bilduma esanguratsuari esker.
Alde batetik, museoak artistaren 42 margolan eta paper gaineko obra erosi dizkio familiari, bai eta Gezalarena izandako Sonia Delaunayren akuarela bat ere: 1916ko Emakume dantzaria, hain zuzen. Museoaren lagunek 950.000 euro ordainduko dituzte horien guztien truke. Eta, horrekin batera, artistarenak izandako 7.400 artelan eta objektu ere jaso ditu museoak dohaintzan: besteak beste, marrazkiak, kartelak, hark diseinatutako altzari pare bat, familia argazkiak eta filateliako zein heraldikari buruzko Gezalaren albumak daude multzo horretan. Eta, azkenik, Gezalaren beste sei obra eta beste egile batzuen lau obra ere gordeko ditu erakundeak, urte batzuetarako. Eta horren guztiaren lagin bat jarri dute ikusgai oraintxe martxan duten Ekitaldiartea erakusketako 8., 9. eta 10. aretoetan.
«Batez ere arteaz gozatzen zuen sortzaile hara-honako eta kosmopolita baten obra azaleratu zuen 1991n egindako erakusketak»
MIRIAM ALZURIBilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzailea
1991n ere erakusketa zabala eskaini zion Bilboko Arte Ederren Museoak artistari. Pilar Mur izan zen haren komisarioa orduan, eta, Alzuriren hitzetan, Gezalak artistikoki merezi duen aitortza emateko lehen urratsa izan zen hura. «Batez ere arteaz gozatzen zuen sortzaile hara-honako eta kosmopolita baten obra azaleratu zuen erakusketa hark».
Ikerketa gune nagusia
Lehenago ere artistak museoan presentzia «ona» zuela uste du Alzurik. Haren ibilbideko sasoi guztien erakusgarri diren «funtsezko» sei margolan zeuzkan bildumak, aurrez, eta haien artean ziren, besteak beste,1915eko Concha, 1927ko Artisten gaua Ibaiganen, bai eta, 1936ko gerratik erbesteratuta, artistak Parisen zela Eresoinkari eskainitako bi oihal ere. Gainera, 1927ko Ate birakaria margolana ere eskuratu zuten 2003an.
Eta, Bilboko museoko ordezkarien hitzetan, orain, erositako eta jasotako lanei esker, Gezalaren lana ikertzeko gune nagusia bilakatuko da erakundea aurrerantzean.
Artistak emazte zuen Eloisa Gineari egindako erretratua da museoak erositako margolanik esanguratsuenetako bat. Hiru aretoetako lehenean jarri dute zintzilik. Gezalak 1916an margotu zuen, eta etxeko egongelan ageri da emakumea bertan, oihalez eta lorez apaindutako mahaira eserita tapizeria koloretsuko eserleku batean, begirada finkoa zuzen-zuzen iltzatuta.
Hainbat familia argazki ere ikus daitezke lehen areto horretan. Gezalatarrek Bilboko Gordoniz kalean zuten etxearenak dira batzuk. Hondartzan ateratakoak. Eta badira artistaren estudioa erakusten duten bi ere.
Tranbien arteko talka izeneko margolana da bigarren aretoko obrarik esanguratsuenetako bat. Bilboko Areatzan izandako bi tranbiaren arteko istripua ageri da koadroan, eta erabat abangoardista da gertakariaren irudikapena, italiarren futurismoaren mugakide izateraino. Alzuriren hitzetan, historikoa ere bada margolanaren balioa, gainera. «Beste artista garaikide askok eman ez zuten Bilboren irudi bat eman zuen Gezalak».
Artistak marraztutako hainbat karikatura ere badira areto horretan, eta Gezalak «sintesirako gaitasuna» zuela erakusten dute lerro horiek.
Pintura utzita
Liburuak norenak diren markatzeko sortutako ex libris izeneko zigiluak eta artistaren lanerako koadernoak ere bildu dituzte erakusketan, eta bereziki interesgarriak dira papereko lanak, Alzuriren hitzetan. Dioenez, horietan ikusten baita artistaren joerarik esperimentalena. «Eskura zuen edozein bitarteko eta teknika baliatzeko zaletasuna zuela ikus daiteke».
«Gezalak eskura zuen edozein bitarteko eta teknika baliatzeko zaletasuna zuela ikus daiteke haren paper gaineko lanetan»
MIRIAM ALZURIBilboko Arte Ederren museoko kontserbatzailea
Erakusketan badira artistak 1928. urte inguruan sortutako karta joko baten lagin batzuk ere, baina, museoko ordezkariek zehaztu dutenez, oraindik ere, karta joko osoaren bila dabiltza.
Eten argi bat dakar 1936ko gerrak hala Gezalaren bizitzan nola haren obran, eta horren erakusgarri ere bada Bilboko erakusketa. Erbestealdian, berak finantzatu zuen Eusko Jaurlaritzak euskal kausa mundura zabaltzeko pentsatutako Eresoinka proiektua artistikoaren egoitza, esaterako, eta mikatza izan zen 1945eko hamarkadan Bilborako itzulera. Izen faltsu bat baliatuta eta Poliziaren zaintza estuan itzuli behar izan zuen, eta erabat eraldatuta topatu zuen hiria. Sorkuntza baztertuta, filatelia izan zuen pasio nagusietako bat, eta, horregatik, gai horri eskainitako aretoak amaitzen du ibilbidea.
Pozik azaldu da Gezalaren sendia ere museoak egindako lanarekin. Oier Arantzabal artistaren birbilobak azaldu duenez, museoan utzitakoa euren «familia albuma» baita eurentzat, baina baita «herri baten albuma» ere.