Garcin- Beraz, ez du sekula gautuko?
Ines- Sekula ere ez.
Garcin- Beti edukiko zaitut begira?
Ines- Beti.
(Garcin Estellengandik urrundu eta urrats batzuk egiten ditu gelan atzera-aurrera. Brontzezko irudira gerturatzen da).
Garcin- Brontzezko irudia... (Laztantzen du). Hauxe da momentua, beraz. Hor dago brontzezko irudia, begiratzen dut eta badakit infernuan nagoela. Esan dizuet: hau dena aurreikusita zegoen. Aurreikusita zeukaten ni hemen jarriko nintzela, tximinia honen aurrean, eta eskua brontzezko irudian pausatuko nuela, begirada guztiak gainean nituela. Irentsiko nauten begirada hauek... (Bortizki biratzen da). Ja! Bi besterik ez zarete? Gehiago zinetela uste nuen. (Irri egiten du). Hortaz, hau da infernua. Sekula ez nukeen sinetsiko... Gogoratzen zarete: sufrea, taketak, parrilla... Broma bat. Ez da parrillarik behar: Besteak dira infernua.
Estelle- Maitea!
Garcin (erantzunez)- Utzi bakean! Bera ere gurekin dago. Ezin zaitut maitatu, begira badugu.
Estelle- Ja! Ederki, ba ez digu gehiago begiratuko.
(Mahaian dagoen eskutitzak irekitzeko sastakaia hartu, eta Inesen aurka egiten du, hainbat aldiz sastatzen du).
Ines (barrez ez hasteko borrokan)- Baina zertan zabiltza, zertan zabiltza, erotu al zara? Ongi dakizu hilda nagoela.
Estelle- Hilda?
(Sastakaia erortzen uzten du. Momentu bat. Inesek hartzen du berriz eta amorruz sastakatzen du bere burua hainbat aldiz).
Ines- Hilda! Hilda! Hilda! Ez labanak, ez pozoiak, ez eta urkak ere. Dagoeneko gertatu da, ulertzen duzu? Elkarrekin pasatuko dugu eternitatea.
(Irri egiten du).
Jatorrizko izenburua: 'HUIS CLOS'.
Estreinaldia: 1944ko maiatzean, Parisko, Vieux-Colombier antzokian.
Pertsonaiak: Ines (Tani Balachova), Estelle (Gaby Sylvia), Garcin (Michel Vitold) eta maiordomoa (R.J. Chauffard).
PASARTE HAUTATUA Jean Paul Sartre
'Atera ezinik' [zati bat]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu