Ateak ireki, eta ikusi

Bixente Ameztoi artistari omenaldi bat egin nahi izan dio Villabonako Udalak, 'Etxe ondotik' erakusketa jarrita30 urtean landu zituen teknika askotarikoen erakusgarri, 50 piezatik gora bildu dituzte

Bixente Ameztoiren Etxe Ondotik erakusketako artelan batzuk. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Villabona
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Atentzioa ematen dute olio pinturek, kartel handiek, serigrafiek, teknika mistoa baliatuta egindako lanek... Baina, igual, adierazgarriagoak dira albumak, pizgailuak, eguzkitako betaurrekoak, pintzelak eta koadernoak, esaterako. Bixente Ameztoi artistarenak denak, kasu honetan. Biak, artelanak eta objektu pertsonalak, Villabonako Etxe Ondo etxean sortutakoak eta pilatutakoak. Hura izan zuen bizileku 1970etik 2001 arte. Hura sorgune. Han bizitakoa, sentitutakoa, handik ikusitakoa, inspirazio iturri. Eta «artista zein pertsona gisa» maitatua zenez, Villabonako Udalak Etxe Ondotik erakusketa jarri du Gurea zinemaren aretoetako batean, hura omentzearren. Artistaren etxeko ateak ireki eta egiten zuena ikusteko gonbidapena da.

Ekainaren 23a arte egongo da irekita, eta Ameztoik azkeneko 30 urteetan landu zituen teknika askotarikoen erakusgarri, 50 piezatik gora bildu dituzte. Bernardo Atxaga Ameztoiren lagunak aurkeztu zuen irekiera ekitaldia iluntzean. Eguerdian, aldiz, Galder Azkue Villabonako alkatea, Nora Arbizu udaleko Euskara eta Kultura zinegotzia, Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria eta Virginia Ameztoi artistaren alaba mintzatu ziren komunikabideen aurrean. Arbizuk esan zuen «zor bat» sentitzen zutela Ameztoirekiko, eta «esker ona» adierazi nahi ziotela. «Herritar aktiboa izan zelako; eta, batez ere, altruista. Beti zegoen herritarren zein herriaren alde lan egiteko prest». Argitu zuen erakusketa izango dela eskaini nahi zaion omenaldiko ekintza nagusia, baina ez bakarra. «Gure helburua da haren memoriari bizirik eustea. Garrantzitsua baita haren obra eta bizitza gure herriko belaunaldi gazteei erakustea».

Erakusketa «erakusleiho» bat da, Arbizuren irudiko. Bat dator Virginia, artistaren alaba. Kontatu zuen udalak «proposamen bat» egin ziela iaz bai berari bai bere amari, artistaren alargunari. «Asko gustatu zitzaigun, eta egokiena iruditu zitzaigun horretan sartzea era guztietako piezak». Villabonako alkateak nabarmendu zuen, gainera, familiaren parte hartzea «erabatekoa» izan zela: «Haien laguntzarik gabe ez zen posible izango».

Erakusketako lan ia guztiak bilduma pribatuetatik hartu dituzte. Hiru olio-pinturak, aldiz, publikoak dira: Gipuzkoako Foru Aldundiarenak bi, eta bestea Villabonako Bear Zana elkartearena. Paperean egindako 16 lan bildu dituzte guztira, eta horien artean adierazgarriena Joxemiel Barandiaranen omenaldirako egindako zirriborroak eta probak dira.

Kartelei ere leku zabala egin diete erakusketa aretoan. Izan ere, dezente diseinatu zituen Ameztoik. Donostiako Zinemaldirako eta Musika Hamabostaldirako, erakusketetarako, jaialdietarako, omenaldietarako... Eta badira, aldi berean, garai bateko bi aldizkaritako azalak, Zeruko Argia-rako eta Euskadi Sioux-erako egindakoak; formatu handian erakutsitakoak biak.

Koadernoen artean, bitxia da Marokoko Album-a deiturikoa. Kolorea galduta duena, lodia, ... Artistak egunerokoa jasotzeko erabiltzen zituen tamaina askotako beste ale batzuk ere ikusgai daude. Txiki batean, Mariano Juaristi Atano III.a-ren marrazki bat zirriborratuta. Ameztoik Etxe Ondo-n egin zuen. Orain, horren ateak ireki ditu Villabonako Udalak, Ameztoik egin zuena erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.