Atea oinarri Fermin Jimenez Landaren proiektuan

Bigarren zatian, enkoadraketa makurrez egindako argazkiak daude Ziudadelako Bolborategia aretoan

Iker Tubia.
Iruñea
2014ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Fermin Jimenez Landa artista iruindarrak proiektu berri bat aurkeztu du Iruñean, Ziudadelako Bolborategia aretoan. Bi zati ditu erakusketak: lehenbizikoa, ateak ardatz dituen lana; bigarrena, enkoadraketa makurra duten argazkien bilduma. Cuéntalo, está todo (Kontatu, dena dago eta) Ziudadelako areto txikian egonen da otsailaren 9ra bitarte.

Jimenez Landak ez du aterik jo, baina ateak dira haren lanaren ardatz nagusia. Aretoan sartu eta ezkerretara, 250 ateren irudiak ikus litezke. Denek dute marko bera, eta bata bestearen segidan daude kokaturik. Bidaia baten fruitu dira argazkiak. Gehienak argazkiak badira ere, marrazkiren bat ere badago haien artean. Ate fisikoak zein irudizkoak; irekitzeko kirtena dute batzuek; irekita daude beste batzuk. Artistak azaldu duenez, ateen irudien bidez gogoeta egin du toki jakin batean bizitzeaz eta lekualdatzeaz.

Parez pare, hamar argazkiz osatutako lana dago pareta zurian. Irudiak zaleek eginak dira, eta arazo bat dute: ez daude ongi enkoadraturik; beraz, guztietan norbait ez da osorik ageri, gorputz atalen bat mozturik baitu. «Moztu ondoren, gorputzen altueraren arabera ordenaturik daude, gorputz hutsuneen, espazioen eta koreografien arteko joko bat balitz bezala», azaldu du Jimenez Landak.

Artistak berak esan duenez, proiektua ibilbide baten gisa ulertu beharra dago. «Argazki lana baino, gehiago da espazioaren analisia eta eskultura, irudien errepikapena eta muntatzearen linealtasuna», azaldu du. Bestalde, erakusketan argitalpen bat dago, proiektuaren beste zati bat balitz bezala: Moby Dick. Bertan, azken urteetan egindako hainbat lan bildu ditu Jimenez Landak. Izenburuari dagokionez, «asmo poetikoekin egindako lapurreta» dela azaldu du.

Jimenez Landaren marrazkiek, argazkiek eta bideoek egunerokotasunean ageri diren ekintza publikoak deskribatu ohi ditu, eta aldaezina dirudien espazio horretan, aldaketa txiki eta diskretuak bilatzen ditu umore puntu batekin. Denetariko proiektuak egin ditu bere ibilbidean: Espainia igerilekuz igerileku zeharkatu du, eta LED argiz sortutako esaldiak piztu ditu kebab baten energia zinetikoa erabilita, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.