Literatura

Ate atzeko misterioa

Norberak duenarekin konformatu ez eta beti zerbait hobea nahi izatea: hori da 'Coraline' nobelako gaietako bat. Julen Gabiriak itzuli du, eta Neil Gaimanen lanetatik hau da euskaraz dagoen lehena.

Julen Gabiria itzultzailea, Coraline eleberriaren euskarazko ale batekin. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Miren Garate.
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Hitzaurrean aipatzen duenez, alabei istorio bat kontatu nahi zielako idatzi zuen Coraline eleberria Neil Gaimanek (Portchester, Erresuma Batua, 1960). Gaztetxotan idazleak berak gustura jakin nahi izango zuen zerbait kontatuko nahi zien: «Ausartak izateak ez duela esan nahi ez zarenik beldur. Ausartak izateak esan nahi du beldur zarela, benetan izututa zaudela, ikaragarrizko beldurra duzula, eta, hala ere, gauzak behar diren moduan egiten dituzula». 2002an argitaratu zuen liburua Gaimanek, eta handik zazpi urtera egin zuten lan horretan oinarritutako filma. Izenez ezagutzen zuen Gaiman Julen Gabiria itzultzaileak (Galdakao, Bizkaia, 1973), baina ez zuen haren lanik irakurria. Pantaila aurrean izan zuen Coraline-ren berri. «Alabekin ikusi nuen pelikula, eta ikaragarri gustatu zitzaien; banekienez liburu batetik zetorrela, opari moduko bat egin nahi izan nien: euskarara itzultzea». Hasieran, etxerako bertsio bat egitea zen Gabiriaren asmoa, baina etxe gehiagotara ere iritsi da, Elkarrek argitaratu baitio.

Coraline izeneko neskatila bat da liburuko protagonista. Etxe berri batera joan da bizitzera aitarekin eta amarekin, eta, hango txokoak ikertu nahian hasten denean,konturatuko da hamahiru ate zabaltzen direla, baina hamalaugarrenak adreiluzko horma bat daukala atzean. Halako batean, ate hori zabaltzea ere lortukodu, eta berearen berdina den etxe bat topatuko du korridorearen beste aldean. Ez hori bakarrik, bere familiaren berdina den beste familia bat ere topatuko du han. Berdina, baina hobea. Izan ere, bizitza errealean, Coralineren gurasoak oso lanpetuta egoten dira, eta kasu gutxi egiten diote; prestatzen dituzten janariak ez dira alabaren gustukoak izaten, eta abar. «Beste mundu horretan topatzen duena guztiz kontrakoa da: kasu egiten diote,jatekoa zoragarria da, jostailuak ditu nonahi, baina... Baina baina bat dauka horrek, eta hori da apurka-apurka deskubritzen doana».

Istorioak aurrera egin ahala, beste etxeko ama bihurtuko da antagonista nagusia. «Berez bizitza errealean babes elementua dena bat-batean etsai bihurtzea eta terrorea hain gauza egunerokoetan egotea, hori erakargarria da umeentzat». Gabiriaren esanetan, Gaimanek hitzaurrean aipatzen duen beldurraren eta ausardiaren kontu hori badago, baina baita beste hainbat gai ere: norbere munduarekin gustura ez egotea eta zerbait hobea nahi izatea, maitasun posesiboa eta abar. Interpretazio ugari egiteko aukera ematen duen liburu bat dela nabarmendu du. «Umeentzat agian irakurketa jakin bat dauka, baina helduentzat helduleku dezente dauzka, eta irakurri duten helduen artean eztabaidak egon dira, egileak zer esan nahi izan ote duen honekin eta harekin».

10-12 urtetik gorakoei gomendatuko lieke Coraline Gabiriak, irakurketa maila bat dutenei. Alabaina, azaldu du balizko irakurleen adinak ez duela baldintzatu itzulpena. «Hau itzultzen egon naizenean, ez naiz egon pentsatzen haurrek edo nork irakurriko duen». Irakurterraza da istorioa, eta, paradoxikoki, buruhausterik handienak horrekin izan dituela kontatu du. «Sentsazioa neukan modu erdi literarioan edo zegoen bezala itzuliz gero errazkeriara lerratuko zela, eta nahi nuen liburua erraza izatea, berez den bezala, baina erraztasuna ez zedila bihurtu errazkeria».

Komigintzan ezaguna

Errazkeria hori saihesteko, «barniz edo kolore puntu» bat ematen ahalegindu dela gaineratu du. «Esate baterako, elkarrizketetan, akotazioak beti berdinak dira jatorrizko testuan: esan zuen Coralinek, esan zuen amak... Alde horretatik, formula gehiago erabili ditut, juntagailuak sartu ditut esaldien artean, eta halakoak».

Fantasiazko eta beldurrezko literaturako hainbat liburu idatzi dituen arren, batez ere komikigintzan da ezaguna Gaiman. Orain artean ez zegoen euskaraz haren lanik. Gabiriak ere itzulpengintza ez ezik beste eremu batzuk ere jorratu izan ditu. Harenak dira, besteak beste, Connemara gure bihotzetan (Elkarlanean, 2000) eta Han goitik itsasoa ikusten da (Elkar, 2004) nobelak; Iparragirre biografia (Elkar, 2001) ; eta James Matthew Barrieren Peter PanKensington lorategietan eta Peter eta Wendy liburuen itzulpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.