Askotariko faunak hartzen du urtero aterpe Durangoko Azokan. Letrajaleak, doinu berrien egarri direnak, askotariko kulturgileak, denetariko kulturazaleak. Ikasle Eguna izanik, gazteak izan dira nagusi 59. azokaren lehen egunean, eta beren energia hara eta hona ibili da Landako gunearen zainetatik barrena. Lepo bete da eraikina; momentu batzuetan ateak itxi behar izateraino bete ere, edukiera bere mugara iritsita.
Eta ikasleekin batera, irakasleak. Horietatik dozena batzuk Ahotsenearen espazio berrituan bildu dira goizean, BERRIAren Badok atariaren aurkezpenean. Hain zuzen, euskal musikagileen eta gazteen artean «zubi lana egiteko ezinbestekoak» direla iritzita, hezitzaileei begira antolatu dute saioa, musikaren plaza hori ikasgeletara ere heldu dadin zubi izan daitezen. Hamabosgarren urteurrena ospatzen ari da aurten euskal musikari eskainitako webgunea, eta Gure musika fauna egitasmoaren bidez ari da, besteak beste, biltzen duen komunitatea eta aberastasuna azaleratzen. Horren barruan kokatu du azokan egindako aurkezpena Gorka Erostarbe Leunda atariaren arduradunak. «Identifikatua genuen kontua: hezkuntzan apenas ezagutzen duten ez euskal musika, ez eta Badok tresna gisa ere. Horregatik, egokia iruditu zitzaigun fauna horretako bi kidek erakuts ziezaietela irakasleei Badok tresna gisa nola erabil dezaketen, ikasleek ere euskarazko musika ezagutu, entzun eta goza dezaten».
«Egokia iruditu zitzaigun bi musikarik erakuts ziezaietela irakasleei 'Badok' tresna gisa nola erabil dezaketen, ikasleek ere euskarazko musika ezagutu, entzun eta goza dezaten»
GORKA EROSTARBE 'Badok' atariko arduraduna
Bi musikarik, Rafa Ruedak eta irakaslea ere baden Iban Urizar Amorante-k hartu dute, hortaz, aurkezpenera bildutako hezitzaileei atariaren nondik norakoak azaltzeko ardura. Biek ala biek nabarmendu dute euskal musikari dagokionez ez dagoela Badok baino biltegi osoagorik, eta atalez atal joan dira webgunearen edukiak aletuz: musikari buruzko berriak biltzen dituen aldizkaria, elkarrizketak biltzen dituen atala, euskal musikaren historia errepasatzen duena, kontzertuei buruzko informazioa jasotzen duena...
Musikarien atalera iristean, Ruedak esplikatu du euskal musika bere horretan genero gisa hartzeko edo horretara mugatzeko joera bat ikusten duela, «zerbait askotarikoa eta zabala izango ez balitz bezala». Baina aski dela atarian pixka bat arakatzea euskarazko musikagintzaren aberastasunaz jabetzeko. Estiloka edo generoka ere sailkatuta baitatoz atarian talde eta bakarlariak. Eta, hain zuzen, azken kantuak biltzen dituen ataleko piezek berretsi dute ideia hori, hala Anari eta Belakoren Deus ex machina kantua nola La Txamaren Fusilaren hotsa abestiak jarri baitituzte entzungai adibiderako. Atariko kantuak ez ezik, zuzeneko bi abesti ere eskainita lagundu dute aurkezpena bi musikariek. Eta egunean kantu bat asmatzean datzan Kantok izeneko jolasarekin amaitu dute saioa.
Atariak musikarien komunitateari mesede handia egin diola esan, eta geletan erabiltzera animatu dituzte irakasleak. Eta arretaz hartu dute proposamena hezitzaileek. Aintzane Barandiaran DBHko euskara irakasleak, esaterako, ezaguna zuen Badok, nahiz eta aitortu duen ikasgelan ez duela askorik erabili izan. «Euskal kantuak jartzeko beste plataforma batzuetara jo izan dut, baina atari hau oso ondo dago ikasleek ere kantu berriak ezagutzeko, taldeei buruzko informazioa izateko, kantuen zerrendak egiteko... Oso bilduma erabilgarria da, eta oso intuitiboa gainera». Beste askok bezala, berak ere badu transmisioaren kezka. «Orain urte batzuk transmisio hori berez gertatzen zen, baina orain badirudi isolatuago gaudela, eta berez ez dela gertatzen. Beraz, egin egin behar da, eta espazioak behar dira bai eskoletan bai herrietan transmisio hori gerta dadin».
Hamaika eskuk txori bat
Ateak zabaltzerako, ikasle taldez bete dira Landako inguruko bazterrak. Hamarretakoa janez hartu dituzte indarrak hainbatek, lagun giroan bildu dira beste hainbat Plateruena aurrean, sarrera nagusira arrapaladan abiatu dira batzuk irekiera ordua iristean, eta lasaiago hartu dituzte beste batzuek lehen orduak, plazan biribilean eserita. Eskolatik galderaz betetako zerrendak eskuetan joan dira asko erakusmahaietara, idazle jakin baten azken liburuaz edo disko jakin baten egileaz galdezka. Baita nobedade batekin argazki bat ateratzera ere beste zenbait. Eta azokaren informazio puntuan ere ez dituzte bisita gutxi jaso.
Etxeko lan jakini gabe, salmahaietan lasai kuxkuxean ibiltzeko tartea izan dute beste hainbatek. Bilboko Begoñazpi ikastolako DBHko lehen mailako neska batzuek ogitartekoa jan bitartean azaldu dute korridoreetan barrena lasai antzean eman dituztela lehen orduak, zer-non topatu jakin nahian, eta erosketetarako baliatu dutela bigarren buelta: ETS taldearen diskoa, edalontzia eta zapia motxilan sartuta, besteak beste, pozik itzuli dira etxera.
Goiz osoan, Saguganbaran hartu dute aterpe zenbait eskolatako ikasleek. Usue Egia komikilari eta marrazkilariaren eskutik, Txoriak txori collagea izeneko tailerra izan dute han Azkoitiko (Gipuzkoa), Ordiziako (Gipuzkoa), Etxebarriko (Bizkaia) eta Zornotzako (Bizkaia) LHko bosgarren eta seigarren mailetako gazteek. Batak begi bat, besteak mokoa, hurrengoak hegal bat... Txoriaren atal bat sortu du parte hartzaile bakoitzak, eta, atalez atal, taldeka, koloretako txoriak ondu dituzte. Baita bakoitzari izen bat, izaera bat eta istorio bat asmatu ere. «Taldean lan egitea ez ezik, besteen irudimena ere errespetatzea sustatzea izan da asmoa», azaldu du Itxasne Arabiurrutiak, gunearen arduradunak. Azokako lehen egunaren garrantzia ere nabarmendu du Saguganbarako kideak. «Guretzat egun inportantea izaten da, batez ere haur eta gazte asko etortzen delako eta haiengana iristeko aukera dugulako».
«Saguganbararentzat Ikasle Eguna inportantea izaten da, batez ere haur eta gazte asko etortzen delako eta haiengana iristeko aukera dugulako»
ITXASNE ARABIURRUTIASaguganbara guneko arduraduna
Handik atera, eta parez pare dago Plateruena, eta bertan musikariak zuzenean entzuteko aukera ere izan dute gazteek; besteak beste, Birkit, Eneritz Furyak eta Postal Kolekzionistak izan dira beren lan berriak aurkezten arratsean. Eta kalean aurrera segituz gero, berriz, bideoklipak egiteko tailer batean parte hartu dute beste hainbatek Irudienean. Fauna guztientzako aukerak baitaude azokan.