Atalak 2.0 egitasmoak urrats bat gehiago egin du, sormenetik ekoizpenera igarotzeko. 2017an sortu zuten proiektua Akitania Berria-EAE-Nafarroa Euroeskualdeko hainbat kultura eragilek —Malandain Ballet Biarritzek, Dantzaz-ek, Tabakalerak, Dantzaguneak, Gasteizko Antzerki Sareak eta Baluarte fundazioak—, eskualde horretako koreografoen eta sortzaileen lanari «balioa emateko». Jatorriz, bi asteko sormen laborategiak eskaintzen zizkieten koreografoei, baina aurrerantzean sormen egonaldiak ere egingo dituzte. Horietan sortutako piezak biran eramango ditu ondoren Dantzaz konpainiak.
Martin Harriage dantzari, koreografo eta musikari baionarrak parte hartu du programaren estreinako aldian. Harriagek bost urte igaro zituen Israelen eta, han izandako gogoeta batetik abiatuta, Walls (Harresiak) izeneko koreografia ondu du, mundu osoko mugetan dauden harresietan oinarrituz. «Hiru euskal pilotari ikusi nituen han, palestinarrei irakasten murruaren kontra pilotan jokatzen», azaldu du. Irudi horrek harresien inguruko ikerketa bat egitera eraman zuen. Mundu osoan zehar dauden harresiak aztertu zituen, eta batean jarri zuen fokua bereziki: Donald Trump AEBetako presidentea herrialde horren eta Mexikoren artean eraikitzen ari denean. Hain zuzen, Trump erabili du inspirazio iturri gisa obra sortzeko, eta, preseski, haren ahotsarekin muntaketa bat eginez osatu du musika. «Rap moduko bat sortu dut», esan du.
Oholtza gainean, murruak
Oholtza gainean «irudiak, fotogramak» ikusiko direla azaldu du koreografoak. Horiekin dramaturgia sortuko du, «istorio bat, baina dena esan gabe». Hamar dantzari igoko dira oholtzara, eta taula gainean jarriko dituzten oholekin jokoan arituko dira; taulek murruak irudikatuko dizute. Horrek zailtasuna erantsi dio lanari, Julen Rodriguez dantzariak aipatu duenez: «Gu lurrean dantzatzera ohituta gaude, baina oraingoan, oholetan igo, eta horiek mugitu beharko ditugu». Alde horretatik, Harriagek esan du gustatuko litzaiokeela pieza munduko harresietara eramatea eta han dantzatzea, baina harresien tamainak «ezinezko» egiten du horietara igo eta dantzatzea.
Harriagek adierazi du obra «politiko eta poetikoa» dela emaitza: «Saiatu naiz asmatzen harresien gainetik gizakiekin konektatzeko moduak bilatzen». Lana gaur estreinatuko dute, 20:30ean, Tafallako (Nafarroa) kulturgunean. Ondoren, Dantzaz konpainiak biran emango du pieza. Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendariak jakinarazi duenez, aurrera begira ekoizpen egonaldi bat egingo dute urtero, Dantzaz-en ekoizpen zentro koreografikoan. Hala ere, jarraituko dute sormen laborategiak ere eskaintzen; urtean hiru.