ANIMA ETERNA
Atzekoz aurrera ekingo diot kontzertuaren nondik norakoak kontatzeari. Bruckner ezaguna zen bere obrak behin eta berriz berrikusi eta berridazten zituelako, eta hala izan zen bere 3. sinfoniaren kasuan ere. Estreinaldia, 1877an, erabateko hondamendia izan zen: publikoa aretotik irteten hasi zen interpretazioak aurrera egin ahala, eta orkestrako kideren batek ere eszenatokia utzi zuen. Geroztik, noski, berrikuspen anitz egin zuen. Kursaalean jatorrizko bertsioa entzun ahal izan zen, 1873koa, Brucknerrek Wagnerri bidali eta eskaini ziona. Anima Eternako kideen interpretazioan, lerroak indarrez eta argitasunez agertu ziren, Heras-Casadok tempo zertxobait mantsoak erabili zituen arren; esaterako, berez «mugitua» izan behar duen bigarren mugimenduan. Bereziki ederrak haize-instrumentu historikoek gehitutako kolore eta samurtasuna.
Lehen zatian, Heras-Casadoren zuzendaritza malgu eta argia lagun, Sarah Connollyk askatasuna izan zuen testuaren bihurguneak miatu eta soinu borobil eta beteaz haragiztatzeko, esaldiak gidatzeko. Friedrich Ruckerten poesian, nonbait, Mahlerrek nortasun indibidual baten hizkera intimoa aurkitu zuen, oraindik ere erromantizismo berantiar eta gehiegizkoaren aztarnak dituena.
Honako hitz hauekin amaitzen da Ich bin der Welt abhanden gekommen (Mundua utzi dut) abestia, interpretazio honetan zikloa itxi zuenak: «Hilda nago mundu zaratatsuaren begietan,/ gune lasaian hartu dut atseden!/ Bakarrik bizi naiz neure zeruan,/ neure maitasunean, neure abestian!». Banakoak bakardade sakonenean topatu ohi dituen hauskortasun eta irmotasun bizienak biltzen dira bi esaldietan. Eta hona hemen nire aitorpena: musikak eta hitzek bai, baina ondorengo isiltasunak hunkitu ninduen bereziki, zentzumenez eta arrazoimenez kanpoko lurralde zirraragarria gertutik begiratu nuen. Mesedez, gure artean geratu dadila irristatze emozional barkaezin hori: ez nuke zilegitasunik galdu nahi objektibotasunak kritikaria legitimatzen duela uste dutenen aurrean.