Pentsamendua

Rafia Zakariaren 'Feminismo zuriaren aurka' euskaratu du Amaia Apalauzak

Elkarrek eta Jakinek argitaratzen duten Eskafandra bildumako zortzigarren liburua da, eta Euskal Herrian ere gaiari buruzko «eztabaida errealak» aberasteko asmoz plazaratu dute.

'FEMINISMO ZURIAREN AURKA'
Ezker-eskuin, Lorea Agirre Jakineko zuzendaria, Amaia Apalauza itzultzailea eta Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editorea. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko abenduaren 30a
05:30
Entzun

«Feminista zuria izateko, ez dago zuria izan beharrik. Guztiz posible da zuria eta feminista izanik feminista zuria ez izatea». Esaldia ez da hitz jolas bat, Rafia Zakariaren lanaren oinarrian dauden ideietako bat baizik. Feminismo zuriaren aurka liburuan, «feminismoaren barneko zuritasunaren kritika» egiten du idazle, kazetari eta pentsalari pakistandarrak, baita intersekzionalitatean sakontzeko hainbat gako eman ere. Nazioartean ez ezik Euskal Herrian ere puri-purian den gaia izanik, «eztabaida errealak» aberasteko helburuz plazaratu dute Elkar argitaletxeak eta Jakinek, Amaia Apalauzaren itzulpenean. Eskafandra bildumako zortzigarren liburua da.

Zakariak 2021. urtean plazaratu zuen lana, ingelesez, eta, beraz, «berri-berria» da, Antxiñe Mendizabalen hitzetan. Elkarreko editoreak azaldu du «feminismo zuri hegemonikoari astindua» ematen diola. «Liburu hau feminismoaren barneko zuritasunaren kritika bat da, zuritasuna sistema gisa ulertuta». Hala esplikatzen du egileak kontzeptua: «Feminista zuriak zuritasunaren eta haiekin loturiko arraza pribilegioaren orain arteko eta oraingo rola onartzen ez duten feministak dira».

«Liburu hau feminismoaren barneko zuritasunaren kritika bat da, zuritasuna sistema gisa ulertuta». ANTXIÑE MENDIZABALElkarreko editorea

Ideia berean sakondu du Apalauzak: «Zakariak hasieratik garbi uzten du ez dela nahitaez azalaren kolorearekin lotutako kontzeptu bat, ez da azal zuriko emakumeei dagokien feminismoa, edo ez hori bakarrik», zehaztu du. «Feminismo zuria aipatzean, ez dio erreferentzia egiten arraza identitate horri, ez da ari ezaugarri biologiko batez, baizik eta zuritasunak ematen dituen botere eta pribilegio batzuez. Azken batean, zuritasuna ardatz duen feminismoa izango litzateke feminismo zuria, eta, jakina, horrek dakar zuriak ez direnak edo feminismo zuri horri heltzen ez dioten emakumeak baztertzea, ez aintzat hartzea edo ez ahotsik ematea».

Baztertze horren atzean, Zakariak salatzen duenez, «hierarkia faltsu batzuk» sortu izana legoke, zeinek maila desberdinetan jartzen dituzten emakume, diskurtso eta sufrimendu batzuk eta besteak. Eta kritikatzen du feminista zuriak «salbatzailearen rola» hartu ohi duela. Apalauza: «Berak dio horri buelta eman beharra dagoela. Feminismoa, izatez, mugimendu politikoa dela, baina politikotasun hori galdu duela, eta berriz itzuli behar dugula feminismo politikoa egitera. Eta hori hala izanda, zuriak ez diren emakumeei ezin zaiela ukatu subjektu politiko izateko eskubidea; ahotsa eman behar zaiela».

«Zakariak dio zuriak ez diren emakumeei ezin zaiela ukatu subjektu politiko izateko eskubidea; ahotsa eman behar zaiela».

AMAIA APALAUZAItzultzailea

Azkenean, itzultzaileak azaldu duenez, feminismo intersekzionala aldarrikatzen du Zakariak, feminismo zuriak hori ahantzi duelakoan. Horren isla da, adibidez, feminismo iragazkorra deitzen duena, alegia, konponbideak goitik behera proposatzea. Eta ideia beraren beste aurpegi bat litzateke sekurofeminismo izendatzen duena, Afganistango gerra justifikatzeko baliatu zena. Pentsalariaren beste zenbait gogoeta ere interesgarri egin zaizkio Apalauzari; adibidez, ahalduntzeari buruzkoak: «Berak dio terminoa erabat urardotu dela, eta kontzeptu indibidualista bihurtu».

Feminismo zuriaren auzia Euskal Herriko feminismoan ere badagoelako ekarri dute euskarara Zakariaren lana, Jakineko zuzendari Lorea Agirreak adierazi duenez. Hain zuzen, uste du liburua «hori aberastera» datorrela. Euskaldunei oihartzun ezagun batzuk ere ekarriko dizkie haren ustez, hala nola euskarari eta intersekzionalitateari lotuta, eta eztabaida zabaldu eta normalizatzearen alde egin du: «Hitz egin dezagun lasai, libre, jar dezagun marko bat horrela izan dadin».  

«Feminismo zuriaren antidotoetako bat, gaur eta hemen, euskaratik pasatzen da. Ez gure azalaren koloretik, ez gure uste edo diskurtsoetatik, baina bai  hizkuntzatik».LOREA AGIRREJakineko zuzendaria

Azkenik, lanean aipatzen diren antidotoei lotuta, eztabaidarako ideia bat proposatu du Agirrek: «Ausartuko naiz esaten feminismo zuriaren antidotoetako bat, gaur eta hemen, euskaratik pasatzen dela. Ez gure azalaren koloretik, ez gure hainbat praktika, uste eta diskurtsotatik, baina bai hizkuntzaren baldintzapenetik».

Eztabaidarako galderak

Liburuari galdera sorta bat erantsi diote argitaratzaileek amaieran, aipatzen diren hainbat gai lantzeko gida moduan balio dezakeelakoan irakurle taldeentzat. Jatorrizko liburuaren edizio batean agertzen diren galderei beste hainbat gehitu dizkiete, eztabaida Euskal Herrira ekartzearren.

Eskafandra bildumak «feminismora heltzeko ertz desberdinak» landu nahi dituela erakusten dute, sustatzaileen ustez, aurrez argitaratutako beste zazpi lanek —Angela Davis, Virginie Despentes, Silvia Federici, Judith Butler, Carole Pateman, Simone de Beauvoir eta E. W. Connellenak—. Asmo berarekin plazaratu dute zortzigarrena ere: «Pentsamendu feministaren inguruan sortu diren liburu esanguratsuenetako batzuk itzultzen jarraitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.